Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.
Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena. Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.
Mitoak sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: Batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu diren alegi askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: neguko solstizioa = gabonzar, udako solstizioa = San Joan, jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.
Mundu hau pertsonaiaz beterik dago, mota guztietakoak eta garrantzi desberdinekoak. Pertsonaiarik ezagunenen artean Mari dugu. Mari zenbait herritan, izaki mitologiko guztien nagusi edo amatzat dute, askotan dama deitzen duelarik.
Pilota aspalditik praktikatu dute euskal lurraldean. Mendeetan zehar arau eta modalitateek eboluzioa izan dute, jakina, normalean ikusgarritasunaren mesedetan. Saski aproposagoak egokitu zituzten jendeak eskatzen zuen erritmo biziagorako, kantxak aldatu zituzten, frontoiak estali.
Landa-izaerako jatorrizko jokoa ikuskizun bilakatzen hasi zen, non hirietako jendea bertaratzen baitzen apustu bat arriskatzeko. Eta normala zen hala izatea, izan ere enpresariek frontoi industrialak jendetza handiko hiri-guneetan eraikitzen baitzituzten negozioa mantentzea ahalbidetuko zuen bezeria ziurtatzeko. Eraldaketa hau joan den mendeko azken herenean gertatu zen. Hainbat modalitate ezberdin ditugu pelotan: trinketea, pala, esku pilota, erremontea...
Aldi berean, pilotaren unibertsalizazioa gertatzen da. Ameriketarako emigrazioak euskal gune garrantzitsuak sortzen ditu kontinente berrian. Tradizioaren jarraitzaile sutsu bizitzaren ordena guztietan, ohituretan eta sinismenetan, euskaldunak bere jatorrizko herrialdean bezala dibertitu nahi du. Eta frontoiak eraikitzen ditu, non antzinako joko zaharra praktikatzen duen.
Herri kirolak, Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie normalki. Hauetako asko hemen sortutakoak eta bereziak dira. Herri kirolen jatorria garai bateko lan jarduera desberdinak aisialdira bideratzean aurki dezakegu. Baserritarrak nahitaez egin behar zituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin.
Folklorea da, zalantzarik gabe, gizarte bat ongien definitzen duen ekintza kulturala, eta dantza tradizionalak, belaunaldiz belaunaldi mendeetan zehar gorde direnak, horren lekuko bikaina.
Bertan, leinuen kulturako eta aurre-historiako ezaugarriez gain era guztietako eragin eta nahaste kulturalak ikus daitezke.
Dantza tradizionala gizarte bizitza, bizitza erlijioso eta ludikoaren zati garrantzitsua izan da Euskal Herrian. Euskal dantza festa eta ospakizun orotan agertu izan da.
Ezpata dantzak, paloteoak, gizon-dantzak, gizon eta emakumezkoenak, maskaradak, joko dantzak, prozesioetakoak... urrats eta keinu zaharrekin batera bals eta polka berriak tartekatzen dituzten dantzak.
Hauetatik asko etenik gabe plazaratu dira azken 400 urteotan, festa edo ospakizun erlijioso ezberdinetan. Beste batzuk zaharragoak dira (XVIII-XIX) eta beste batzuk denboran galtzen zaizkigu.
Euskal Herriko dantza tradizionaleko taldeak, aberastasun eta aniztasun folklorikoari dagokionez Europa mailan aberatsenetakoa de kultur ondare garrantzitsu hau gordetzen eta zabaltzen jarraitzen dute.
Euskal ahozko literatura oroimenean oinarritzen den eta ahoz-aho transmititzen den euskal literatura mota da. Funtzio poetikoa ahozko jardunean gauzatzen da alfabetatu gabeko garaietan, beraz, idatzizko literatura baina lehenagokoa da. Bertan sar genitzake herri-kantuak, koplak zaharrak, erromantzeak (baladak), ipuinak, bertsoak... Puntua, erritmoa, kantua eta gorputz espresioa iraupenerako bide dituztelarik iraun dute mendeetan zehar herriaren memorian.
Europako beste herrialdeei konparatuz, euskal literatura idatzia franko berant agertu zaigu. Eskerrak aspalditik ahozko literatura bagenuela, besteak beste bertsolaritza, gaur egun oraindik indarrean duguna. 1545ean abiaturik, hiru mendez segidan, idazle gehienak elizagizonak izan dira. XIX. mende erditsuan, laikoak ere idazten hasi ziren, eta oro har, euskal literaturak fruitu ederrak eskaini dizkigu, bereziki narrazio eta olerkian. Gaurko idazleek, euskara bildu eta aberats batean, gizarteko gai guziak erabiltzen dituzte, pentsamolde eta sendimendu funtsezkoenak landuz eta plazaratuz. 1545. urtea oso garrantzitsua da euskal literaturaren historian, orduan inprimatu baitzen osoki euskaraz idatzi lehen liburua, Bernat Dechepare, Eiheralarreko erretorearen olerki erlijiozko eta profanoen bilduma.
Kasik mende bat berantago (1643an), Pedro de Aguerre, "Axular" deitu Sarako erretorak, "Gero" liburua argitaratzen du, euskal klasikoetan maisulan bihurtuko dena. XVIII. mendea gramatikariena eta euskara goresten dutenena da : hauetarik famatuena Manuel de Larramendi da (1690-1766), hizkuntzalaritzan egin zituen ikaragarriko lanetatik ezagutua. XIX. mendearen bigarren erditik goiti, euskal literatura laikotuko da.
1950eko hamarkadaz geroztik, Jon Miranden (1925-1972) eta Gabriel Arestiren (1933-1975) ildoari jarraituz euskal literaturak garapen handia ezagutu du. Gaur egungo idazlerik emankorrenen eta trebeenen artean, hauek aipa ditzakegu : Bernardo Atxaga, Gipuzkoako Asteasun sortua, "Obabakoak" eleberriaren idazlea (liburu honek literatura nazio-saria eskuratu zuen Espainian 1989an, geroztik 19 hizkuntzatan itzulia izan da). Gaur egun, 1500 liburu inguru plazaratzen dira urtero Euskal Herrian.
Bertsolaritzak tradizio handia du Euskal Herrian. Euskaraz idazten ekin aurrekoa baita. Antzinakoa izanik, gaur egunekoa ere bada. Bertsolaritzak garaiari egokitzen asmatu du-eta. Gure garaiak eskatzen dituen berritasun, intentsitate, lehiakortasun, arrisku eta gainontzeko ezaugarriak bertsoak ditu berarekin. Etengabe berritzen dira doinuak, ideiak, esamoldeak, ikuspegiak, bertso ariketak, saioak, bertsolariak,...
Bertsolaritza ahozko literatura bat-batean sortzea da. Baina ez hori bakarrik; bi pertsonen lehia dialektikoa ere bada, arrazoiak, ideiak, formak beste balio du. Poetika eta erretorikaren ezaugarriak antzemango ditugu bertsoan. Azken hamarkadako bertsolari aipagarri bat Andoni Egańa zarauztarra dugu.
Euskal Herriak, bere gastronomi propioa dauka, hemen ezezik toki askotan oso preziatua dena. Hor ditugu besteak beste: pintxoak, bakailua, marmitakoa, kokotxak, latxa arrazako ardiekin egindako gazta, Lodosako piperrak, Errioxa, Araba eta Nafarroako ardoa, Erriberako zainzuriak...
Euskal Herrian, sona handiko festak ditugu, batzuk izaera politikoari eta beste batzuk izaera kulturalari lotuak. Batzuk aipatzearren: Aberri Eguna (Pazko eguna), Santa Ageda, San Frantzisko Xabier (Nafarroako patroia), San Inazio, Inauteriak, San Ferminak, Aste Nagusia, Zuberoko pastoralak eta maskaradak...
Ipar Euskal Herrian, Errugbiak eta futbolak daukate garrantzia eta ospea, Hego Euskal Herrian aldiz, futbola eta txirrindularitzak, besteak beste.
Futboleko talde garrantzitsuenak, Erreala, Athletic, Osasuna eta Alaves ditugu. Bilboko taldeak, oso politika berezia mantentzen du, soilik euskal jokalariak osatzen baitute taldea.
Txirrindularitza beste kirol garrantzitsu bat da gure artean, Euskaltel-Euskadi taldeak, urtero kolore laranjez eta ikurrinez betetzen baitu Frantziako Tourreko pirineoak. Historiako txirrindularirik onenetariko bat euskalduna da, Miguel Indurain atarrabiar semea, hain zuzen.
Frantziako Estatuan gisa, Iparraldean errugbiak inportantzi sozial eta mediatiko dauka. Hor ditugu besteak beste, Frantziako liga nagusian bi talde: "Biarritz Olympique Pays Basque" Miarritzekoa eta "Aviron Bayonnais" Baionakoa.
Baina bestalde, mendizaletasun handia dago Euskal Herrian, baita ere saskibaloian, eskubaloian eta surf-ean.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | |||
| 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
| 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
| 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
| 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |