2008/12/02

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

`Orreaga´, opera baten osagai guztiak bildu dituen ikusgarria

Kultura / Iparralde - 2008/07/30

Argazkia 1 / 4

Pier Paul Berzaitzen `Orreaga´ ikusgarri berria eskaini zen Baionan uztailaren 26an. Or konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatua, ikusgarriak, hirurehun pertsona elkartu ditu. Horien artean, Berzaitz, Beñat Axiari kantaria, Aezkoa gizon abesbatza, Lapurdiko eta Zuberoako 50 dantzari eta Théâtre du Versanteko antzerkilariak.

Baionako zezen plaza aukeratu zuen Or konpon elkarteak eta Pier Paul Berzaitz kantariak, azken honen `Orreaga´ ikusgarri berria eskaintzeko. Eta, zezenen ordez, gauean musikariak, zaldunak, satanak, artzainak, txotxongiloak, izakiak, aktoreak eta dantzariak nagusitu ziren bertan, ikusgarriak biltzen dituen ehun eta laurogei artistei esker.

Gael Rabas Théâtre du Versant antzerki taldeko arduradunak hartu zuen bere gain ikuskizunaren zuzendaritza. Eta, obra definitzeko orduan opera erraldoi batekin alderatu zuen.

`Opera asko zuzendu ditut, eta, Orreagak antzerki mota horren osagai guztiak ditu´, nabarmendu zuen. Bideratu duen lana aipatzerakoan, bere helburua ikusgarria osatzen duten pertsonaia ezberdinen artean hari bat bilatzea izan zela argitu zuen. Eta, horretarako, Pastoraleko pertsonaia mitikoak baliatu ditu, hau da, Satanak. `Oso pertsonaia bereziak dira. Zazpi aukeratu ditut, Euskal Herriko zazpi probintziak bezala. Umorea baliatuz, ikusgarrian loturak egiteko oso tresna baliagarriak dira´, esan zuen.


Lapurtarrak eta zuberotarrak

`Orreaga´ ikusgarriak, gauez emanda, ikusleek 778. urtera itzultzeko aukera izan zuten. Karlomagno, Errolan, franko edo baskoien pertsonaiak dantzari, zaldun edo aktoreen bidez taularatu ziren. Horien artean dantzariek leku nagusi bat eduki zuten. Eta, ikusgarrirako Lapurdiko eta Zuberoako berrogei ta hamar dantzaririk onenak aukeratuak izan ziren.

`Zuberoako dantzak oinarri hartuz, Pier Paul Berzaitzek landuriko musiketan berritasun bat ekartzea eskatu digute. Urtebete aritu gara horretan, eta lau dantza berri sortu ditugu´, goraipatu zuen Jean Marc Cachenaut dantzariak. Zuberoako ohiko urratsak kanpoko beste urratsekin nahasi dituzte sorkuntza egin ahal izateko.

Baionako zezen plazara hurbildu ziren 6000 ikusleek pastoralaren ezaugarri nagusiak aurkitu zituzten `Orreaga´ ikuskizunean. Aktoreak makilaz lagundurik sartu ziren plaza erraldoi horretan eta, Satanen presentziarekin, kantuak eta guduak aldizkatuz joan ziren.

Lapurdiko eta Zuberoako artista onenetarikoak elkartu zituen obrak. Berzaitzekin batera, Beñat Axiari, Baionako Aezkoa gizon abesbatza, Baigorriko Tantiruki taldea, Magali Zubillaga eta Kattalin Indaburu aritu baitziren. Orkestra hogei bat musikariz osatua zegoen, Juana Etxegoin eta Jean-Marie Guezala tartean. Bestalde, dantza koreografiarentzat Celia Thomas dantzariaren laguntza izan zuten. Ikuskizunak beste berezitasun bat ere izan zuen, izan ere, lau hizkuntza entzun ahal izan zen (frantsesa, euskara, gaztelania eta okzitaniera).




Iturria: www.gara.net


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©