Komunikabideak / Nafarroa - 2010/01/17
23 urtean lehen aldiz Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak diru laguntzarik gabe utzi dituela salatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Nafarroako Euskal Hedabideek eta Nafarpressek. Hiru elkarte horiek gaitzetsi dute Sanzen gobernuaren «errespetu falta». «Iaztik datorren diru laguntzen auzia konpondu nahian, urte osoa Euskarabidearekin elkarlanean aritu gara, eta, hala ere, alferrik izan dira ahalegin guztiak: ez 240.000 euro, ezta 9.567 euro ere ez ditugu jaso». Hala, 2009ko egoera errepika ez dadin, Xabier Azanza Euskarabideako zuzendariari eskatu diote 2010eko diru laguntzen deialdia lehenbailehen argitaratzeko.
Gobernuaren jarreragatik minduta eta irainduta sentitzen direla jakinarazi dute hiru elkarteetako ordezkariek. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza faltak euskarazko hedabide asko egoera larrian utzi dituela aitortu dute, kalte zuzenak eta zeharkakoak eraginez. Ohartarazi dutenez, estu-estu duten gerrikoa are gehiago estutu beharko dute, eta ez litzateke harritzekoa izango datozen hilabeteetan hedabideren batek Ttipi-Ttapa telebistaren bide bera jarraitu behar izatea. Finantzabide alternatiboak bilatzea oso zaila dela aitortu dute Nafarroako euskal hedabidetako ordezkariek, eta asko desagertzeko bidean aurki daitezkeela.
Azanzaren ardura
Nafarroako euskarazko hedabideen diru laguntzen porrota Xabier Azanzari egotzi diote. Urte osoa eman du esaten jendaurrean zein pribatuan laguntza etorriko dela; hala ere, karguan segitzeko asmoa azaldu du argi eta garbi. Iragan udan, bazirudien hedabideei emateko dirua erdietsia zuela Azanzak. Hala ere, irail erdi aldera jakin ahal izan zenez, Euskarabideak diru laguntzen deialdia berandu argitaratu zuen, eta laguntzarik gabe gelditu ziren hedabideak.
Horregatik guztiagatik, Azanzari kudeatzaile figuraren atzean ezkutatu beharrean zuzendari gisa jokatzeko eskatu diote: Erabakiak hartuz, proposamenak eginez eta Gobernuari eskatuz. Topagunea, Nafarroako Euskal Hedabideak eta Nafarpressen irudiko, hiru bide horiek aurrera ematea da aurtengo porrotari aurre egiteko aukera bakarra. Gainera, ardura hori Euskarabideko zuzendariari dagokiola uste dute.
Hala, egun euskarazko hedabide nafarrek egoera berriz bideratzeko hiru eskaera egin dituzte. Alde batetik, 2010eko diru laguntzen deialdia ahalik eta azkarren argitaratzea, aurten gertatu dena berriz ez gertatzeko. Bestetik, ezinbestekotzat jo dute hedabideek akordioen erdiespena. Azken bileretan Euskarabideak adierazi dizkigun legezko oztopoak baino, jar dezala behingoz mahai gainean lege zein ekonomia aldetik zein bide jorratuko dituen zehazki hedabideen egoera egonkortzeko. Eta, azkenik, euskararen erabilera duintasunez eta eraginkortasunez sustatzeko beharrezko gutxiengo diru kopuruan zein den zehazteko eskatu diote Azanzari.
Bere postutik gauza asko egin daitezkeela esan du Xabier Azanzak, porrota gorabehera, bertan geratzen dela azaltzeko, eta orain du aukera hala dela erakusteko. Azanzak agindutakoa betetzea nahi dute hedabideek. Gainera, egungo egoera berriz bideratzen laguntzeko prest agertu dira.
Aitzakiarik ez
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko hitzarmenak lantzeko eta eskariaren jarraipena egiteko eskaera egin zion Gobernuari. Hedabideen irudiko, Gobernuak jarri dituen ataka horretatik ateratzeko esku hartu behar du Parlamentuak.
Hainbatetan esan bezala, Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diogu aitzakiak alde batera utzi, eta legeak agintzen diona bete dezala. Izan ere, Euskararen Legeak -1986. urtekoa da- euskarazko hedabideak sustatu eta babesteko beharra aipatzen du. Hala, ezinbestekotzat jo dute hedabideen ordezkariek legeak dioena betetzea, euskara, euskal kultura, zein nafar euskaldunoi zor diguten errespetua erakusteko.
Beste behin, prest agertu dira Topagunea, Nafarroako Euskal Hedabideak eta Nafarpress egoera hori onera ekartzeko behar duten laguntza guztia eskaintzeko.
'Sakandar 1, euro 1; 20.000 baietz!' egitasmoa
Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei aurten diru laguntzarik eman ez dienez, hainbaten etorkizuna kolokan dago. Hala, zenbait komunikabide nafarrek irudimena erabili dute, diru laguntzen faltari aurre egiteko. Baztanen, esaterako, Xorroxin Irratiak Behikaka.com egitasmoa jarri zuen martxan iragan udan, dirua lortu ahal izateko. Oraingoan, Sakanako Guaixe astekariaren eta Beleixe irratiaren txanda da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak diru laguntzen harira hartutako erabakiaren ondorioz, estualdi ekonomikoan daude. Hala, gaur, Sakandar 1, euro 1; 20.000 baietz!! egitasmoa aurkeztuko dute. Horren bitartez, eta batez ere herritarren borondate onari esker, bi komunikabideek beren jardunean aurrera jarraitzeko behar duten dirua lortu nahi dute.
Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2009-12-29/014/006/2010eko_laguntzen_deialdia_lehenbailehen_abiatzea_nahi_dute_euskarazko_hedabideek.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |
