2012/02/13


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

25 urte igaro eta gero, toki eta egoera berean

Komunikabideak / Nafarroa - 2010/05/25

Argazkia 1 / 1

Iruñeko Komunikabideak SAk Iruñerriko Euskalerria Irratiarentzat irrati lizentzia eskatu zuela 25 urte igaro dira. Atzo, bigarren aldiz, lizentzia eskaera egin zuten Nafarroako Gobernuaren egoitzan.

Mende laurdena igaro da. 25 urte dira lehenengoz, Iruñeko Euskalerria Irratiaren kudeaketaz arduratzen den Iruñeko Komunikabideak SA enpresak, Nafarroako Gobernuaren egoitzan euskarazko irratiarentzat lizentzia eskaera egin zuenetik. 1985eko maiatzaren 24a zen, eta oraindik Nafarroan euskararen erabilera arautzen duen Euskararen Legea sortu gabe zegoen. Egun hartan, Miguel Javier Urmenetak, Iruñeko Komunikabideak SAko presidente gisa, eskaera bat egin zuen Nafarroako Gobernuaren egoitzan, atzo egin bezala. Horrela zioen, lehen eskaera hark: «Nik ordezkatzen dudan elkartearen xedea irrati lizentzia bat erdiestea da».

Urmenetak lehenengo eskaera hori aurkeztu zuenetik, gauza asko aldatu dira Nafarroan. Besteak beste, Euskararen Legea indarrean da. Hala ere, Euskalerria Irratiaren egoera, lizentziaren auzian, apenas aldatu den. Mende laurdena igaro arren, oraindik euskarazko irratiak lizentzia erdietsi gabe jarraitzen du. «Argi ikusi da, gaur [atzo] aurkeztu dugun dokumentuak gaurkotasun osoa duela», azaldu zuen Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak.

Izan ere, lehen bezala orain ere beharrezkoa dela uste du Bujandak, Iruñerriko euskal jendearen zerbitzura lanean ari den euskarazko hedabidea. Gainera, horretarako borondatea izaten jarraitzen dutela argitu.

Euskalerria Irratiko zuzendariak argi du: irratigintza aldaketa handi baten atarian dago. Hala ere, oraindik FM bitartez egiten den irrati emisioa guztiz baliozkoa eta eraginkorra dela irizten dio. «Oraindik FM frekuentzia eraginkorra da; beraz, irrati lizentzia eman diezaguten nahi dugu».

Izan ere, lehenengoz lizentzia eskaera egin zutenetik, behin eta berriz ukatu dio Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiari emititzeko baimena. Gobernuak Iruñerriko euskarazko irratiari lizentzia emateko hamaika aukera izan dituela azaldu du Bujandak. baina ez dituela baliatu. «Ebazpenei, adierazpenei, epaitegien sententziei zein erakundeen agindu eta gomendioei entzungor egin die».

Auzi luze honetako azken epaia iragan martxoan kaleratu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. 2005ean Nafarroako Gobernuak egindako irrati lizentzien banaketa zela eta, salaketa jarri zuen Euskalerria Irratiak «irregulartasunak» izan zirelakoan, eta horri erantzun zion epaiak. Banaketa horretan, Radio Universidad de Navarra eta Medios de Comunicación 21 taldeek erdietsi zituzten irrati lizentziak. Dena den, martxon plazaraturiko epaiaren arabera, erabaki okerra izan zen: «Nafarroako Gobernuak irrati lizentzien banaketa errepikatu egin behar du». Nolanahi ere, Alberto Catalan gobernuko eledunak argi utzi zuen sententzia ezagutu eta egun gutxira, lizentzien banaketa ez zutela errepikatuko Espainian eztabaidagai den Ikus-entzunezkoen Legea zehaztu arte.

Aurrea hartuta

Hala ere, arazo eta oztopo guztien gainetik lanean dihardute Euskalerria Irratikoek. Igarotako guztia kontuan hartuta, eta begirada etorkizunean jarrita, atzo aurkeztutako eskaeran, analogikoan emititzeko baimenaz gain, beste edonolako sistemaren batean emititzeko aukera ere eskatu zuten. «Lehenak izan gara Nafarroan eredu digitalean emititzeko eskaera egiten», nabarmendu zuen Bujandak. Oraindik, ez dakite irrati eredu berri horrek lizentziarik beharko duen, baina badaezpada eskaera egin dute.

Bujandak argi du irratia «legezko» izateko bide luzea egin beharko dutela. Dena den badu esperantzarik. «25 urte igaro dira, eta oraindik ez dugu lizentziarik lortu, hemendik 25 urtera hemen ez egotea espero dugu». Etorkizunari ez diotela beldurrik dio, eta orduan ere, Euskalerria Irratia defendatzen jarraituko dutela.


Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-05-25/011/006/25_urte_igaro_eta_gero_toki_eta_egoera_berean.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©