2012/02/05


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Aberria Garatzen

Udalbiltza - 2008/03/22

Ikusi bideoa Argazkia 1 / 3

2008ko Aberri Eguneko ADIERAZPENA

Bosgarren urtea da UDALBILTZA®ko Zuzendaritza Batzorde honi Aberri Eguna ospatzea egokitu zaiona, beti ere euskaldunontzat esanahi berezia duten tokitan ospatzen saiatu gara, besteak beste, gure Herriaren lurraldetasuna islatzen duten tokietan: 2004ean Hondarribin (Antso III. Handiaren milaurrenean, Zazpiak Bat barneratzen zituen Nafar Erreinua, eta gaur egungo Euskal Herriaren hiru zatiak begien aurrean batzen diren lekuan); ondoren Amaiurren (Nafarroak bere askatasuna defendatu eta galdu zuen tokian), Argantzunen (Arabako Trebiñon), iaz Bizkaiko Forua herrian, eta aurten, hemen, Uztaritzen, Lapurdin.

Uztaritzen bildu gara gaur 2008ko Aberri Eguna ospatzeko. Historia handiko herria, besteak beste, hemen bildu ohi ziren Lapurdiko Biltzarrak, XV. mendetik XVIII. menderarte, Frantziako Iraultza ondoren kendu zituzten arte.

Euskal Herria osatzen duten Lurraldeek izan dute bakoitzak bere bilakaera historiko propioa, baina, esan dezakegu, mendeetan zehar guztiek izan dutela ezaugarri amankomuneko bat: bere izaera politiko propioaren defentsa inguruko erresuma eta estatuen aurrean. Euskaldunok beti defendatu dugu geure nortasuna, beti aldarrikatu ditugu geure eskubide historikoak, beti egin dugu geure lege eta foruen alde.

Baita gaur ere. XXI. mendean euskaldunok ozen zineztatzen dugu geure Herri izaera, geure historiaren protagonista izatearen eskubidea, geurea den kultura eta geurea den hizkuntza. Herri bat gara eta bai Espainiak, Frantziak, eta Europak, bagarela aitortu beharko dute.



Aberri Eguna ospatzeko bildu gara. Aberri egunaren zentzua adierazteko bi hitz nabarmenduko genituzke: ITXAROPENA eta KONPROMISOA.


ITXAROPENA. Pazkoa egunari lotuta jaio zen Aberri Eguna, beraz sinesmen eta itxaropen ideiei lotuta.
Guk ere sinesten dugu: Euskal Herria Herri bat dela, bere izaera propioarekin; Nazio bat garela eta eskubidea dugula geure etorkizuna geuk erabakitzeko; Eta abertzaleok, gaurko egunean, Zazpiak Bat izango dituen egitura politiko bat lortzeko itxaropena aldarrikatzen dugu.

Geurea den eskubidean oinarritzen den itxaropena.


KONPROMISOA. Sinesmenarekin eta itxaropenarekin lotuta, baina garbi edukiz lorpen horiek zerutik ez zaizkigula etorriko; lortzen dena geure konpromisoan oinarritutako lanetik etorriko dela. Inork ez digu ezer oparituko. Beraz, gaurko eguna gure Euskal Herriarekiko konpromiso hori berresteko eguna dugu.



Udal hautetsiok Nazio Eraikuntzan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Nazio Eraikuntza prozesu dinamiko eta integratzaile bat bezala ulertzen dugu, ezinbestean honako irizpideak jarraituz: bide demokratikoak soilik erabiliz, giza eskubide guztiak pertsona orotan errespetatuz; herritarren borondate librean eta Euskal Herria osatzen duten lurralde desberdinen atxikimendu librean oinarrituz.


Gure lana eta konpromisoa irizpide horietan oinarrituko dira.

Aldarri horrek berarekin dakar gure artean indarkeria soberan dagoela eta ETA soberan dagoela. ETAk orain gutxi zinegotzi ohi bat erail du, gizon bat, aita bat, langile bat. Ikuspegi guztietatik erailketa zital eta gaitzesgarria. Ez dauka inolako zentzurik, ez etiko ez politikorik. Errespetatu beharreko aurreneko eskubidea, denen gainetik dagoena, bizitzekoarena da. ETAk ez du inor ordezkatzen, Herriaren nahia mesprezatzen du. Oztopo nagusi da aterabide politikoan aurrera egiteko, Naziogintzan aurrera egiteko, abertzaleen arteko elkarlanerako.

XXI. mendean indarkeria eta politika bateraezinak dira.



XXI. mendean, gero eta mundu globalizatuago honetan, Naziogintzan aurrera egin beharra daukagu geure izatea etorkizunerako bermatzeko, Zazpiak Bat lortzearen gure helburuan aurrera egiteko; esan dugun bezala, lurralde desberdinen atxikimendu librean oinarrituta.

Iparraldean aurrera egin behar dugu Departamentu propio baten eraketan; euskararen ofizialtasuna lortzeko helburuan; Bidasoaren bi aldetako anai-arreben arteko harremanak sendotzen.

Hegoaldean urte garrantzitsua izango dugu. Marko politiko berri bat adostu nahi dugu, ahalik eta zabalena, Estatuak errespetatu eta hiritargoak berretsiko duena. Ez dugu proiekturik inposatu nahi, baina ez dugu onartuko ere Herriaren gehiengoaren nahia galaraztea. Paktu edo itun berri bat lortu behar dugu, etorkizunari ateak zabalik utziko dizkiona, hau da, etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aintzat hartuko duena.

Beraz, Udal hautetsiok lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu: Lurralde desberdinen artean harremanak sustatzen; Amankomunean ditugun gure hizkuntza eta kultura bultzatzen; Euskal Herria nazio gisa eraikitzen eta egituratze politikoan aurrera egiten.

Aldarrikatzen dugu ere Nazioetan oinarritutako Europa baten baitan Euskal Herria bateratu bat lortzeko gure itxaropena. Herri bat osatzen dugulako, Herri bat garelako.






GORA EUSKAL HERRIA, GORA EUSKADI ASKATUTA!


Uztaritzen, 2008ko martxoaren 22an


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©