Udalbiltza - 2011/01/11
ETAk su-eten “iraunkor, orokor eta egiaztagarria” iragarri du.
Ez dugu nahikotasunaren eta ez-nahikotasunaren eztabaida elikatu nahi.
ETAk betidanik zor izan dio herriari bakea. Beranduegi kitatu nahi duen zorra; min gehiegi eragin eta gero, hainbat eta hainbat pertsonaren eta familien bizitza hautsi eta duintasuna urratu eta gero. Herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatzeari oztopoa jarri eta gero.
Hala ere, berandu izanik, atzoko adierazpenak itxaropena pizten digu. Euskadik behar eta merezi duen garai berri bati, behingoz, ateak zabaltzen lagunduko duelakoan gaude.
Gauza bat iruditzen zaigu ez dagoela ahazterik eta azpimarratu egin nahi dugu: ETAren adierazpena ezker abertzalearen bilakaeraren ondorio izan dela. Antza denez, orain arte ez bezala, bide politikoa gailendu zaio indarkeriari. Horretan datza gertatutakoaren balioa. Pisuaren orratza, aurrenekoz, bide politikoen aldera joan da. Horrek sortu dezake benetako eszenatoki berria.
Gauzak ez dira, ordea, bat-batean eta halabeharrez gertatzen. Denak du bere arrazoia eta azken hamahiru urtetan, Lizarra-Garaziko akordioetatik hasita, gure Herrian izan diren aurrera pausoek eta, baita atzera-pausoek ere, bakearen aldarria hedatu dute euskal gizartean. ETAk lotsarik gabe bere izenean erabili izan duen Herriak bizkarra eman dio behin eta berriz. Indarkeria alboratze beharraren eskarian ezker abertzalea izan da azkena. Ongi etorri, beraz, bide demokratiko eta politikoen aldeko apustua betidanik defendatu dugunon aldera.
Horrenbestean, pausu baikor baten aurrean gaude. Baikorra herritar askori bere egoera pertsonala hobetzen dielako eta baikorra gure Herriak dituen erronkei aurre egiteko eszenatoki berria irekitzen digulako.
Elkarrizketa eta bide demokratikoak dira esku artean ditugun tresna bakarrak, orain lehen bezala, eta tresna horiek demokraziak eskatzen duen bidetik erabilgarri izan daitezen ezinbestekoa da iritzi politiko guztien parte hartzea. Ondorioz ezin dugu onartu ETAren inolako tutoretzarik. ETAk ez du ez zaindu ez bermatu behar auzi politikoaren konponketa. Baina inork ez du ukatu behar ere arazo politikoa dela gure gatazkaren sustraia: Euskadi herri bat dela aitortzea eta aitorpen horrek eskatzen duen erabakitzeko eskubideari bide ematea ez da ETAri ezer ordaintzea. Hori herri honi zor zaion benetako bakeari lotua dagoen funtsa da.
Era berean, ezin dugu inolaz ere onartu ETAk esandakoaren ez-nahikotasunaren aitzakia ezker abertzaleari bere ordezkaritza politikoa ukatzeko. Beti agertu gara ilegalizazioaren aurka gure ustetan demokraziak horrela agintzen duelako, orain aitzakien bila dabiltzanei exijitzen diegu ilegalizazioa behingoz bertan behera uzteko, bakea sendotzeak eta normalizazio politikoak ere horrela exijitzen dutelako.
Oraingoan Herri honek hainbeste urtetan irrikatu duen bakezko etorkizuna hurbilago dagoela pentsarazten digun egoera berri bat zabaltzen ari denaren esperantzan gaude. Atzera bueltarik izango ez duen bakezko egoera batetara bideratu behar dugu Euskal Herria, giza eskubideen urraketak iraganeko kontua izango diren aldi berrira. Bakea merezi eta behar dugulako.
MŞ Eugenia Arrizabalaga Olaizola
UDALBILTZA®ko Lehendakaria
Euskal Herrian, 2011ko urtarrilaren 11an
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
