Ekonomia / Iparraldea - 2011/03/01
Argazkia 1 / 2
Mende erdiko zikloa bete du laborantzak Ipar Euskal Herrian. Iragan mendearen erdialdean tresnatze eta eraldatze azkarrak ezagutu zituen. Ekoizteko bitartekoak eta bizi moldeak arrunt aldatu dira harrez gero. Laborari haien seme-alabak erretretara hurbiltzen ari dira. Ekonomiaren globalizazioak ez du laborari tipia laguntzen. Alta, laboraria ez da burua kuzkur bizi engoitik.
Laborantzak urte hasieran hartzen du sona Iparraldean, Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) arrakastatsuaren karietara. Seigarren urtea ospatu du urtarrilean, Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) jende andana bilduz. Aldion, haatik, hiru laborariren egunerokoaren arrastoan ibili gara. Itsasuko Mikel Hiribarreni (Argiako Xinaberri kazetaria behiala) bisita eginez abiatu dugu –iazko hondarrean– ibilaldia.
Aroztegi etxaldean hartu gaitu. Barrukian ari da gau eta egun, axuriak sortzen hasi baitira. EHLGko zereginaz harago edo honago, laborantzaren egoera ezagutzeko nahikaria agertu diogu: “Zein da gaia, baina?”. Baiki. Laborantza ertz anitzen inguruan garatzen baita: “Egungo eredua duela 50 urte abiatu zen. Bizi ahal izateko gero eta ekoizpen handiagoa egin behar du laborariak. Ardi edo behi esne gehiago, adibidez. Alta, bizkortze horrek ez du luzaz iraunen”. Produktibismoa da gaia.
Laborantza lagundua
Laborantza lagundua da azken 50 urteetan. Laborariak –sistema intentsiboan– kabala kopurua emendatu beharra dauka laguntzak jasotzeko: “Laguntzak kabala kopuruaren arabera ematea arriskutsua da, alta. Laborariak hazi ahal duen baino kabala gehiago biltzen baitu batzuetan. Ekonomia orekatua izan dadin, handitzearen eta irabaziaren arteko oreka erdietsi behar du laborariak”. Gaurdaino erabilitako moldea agortzen ari ote den kezka agertu digu Hiribarrenek.
Sormarkaren ereduaren arau aritzeaz mintzo gara segidan: “Laboraria, gero eta gehiago ekoizte horretan, norgehiagoka batean sartzen da. Hazienden nonbrea handitu egin behar du. Ez badu ardi aski hazten kanpoko ardiak ekarri behar ditu. Suspertze molde horri kasu eman behar zaio. Hemengo eredua garatu nahi badugu, zintzoki jokatu behar dugu. Gure mozkinak eroslearengan pentsatuz landu behar ditugu, hemengo ardi arraza zainduz, hemengo lurreko bazkaz elikatua eta ez kanpotik ekarriz”. Hots, sormarken araberako ekoizpenek bermatu behar dute mozkin-eskaintza, molde horretan laborari bakoitzak bere heina erdietsiz.
Hiribarrenek eta beste hiru baserritarrek (Haranea, Fagaldea eta Etxeberria etxaldekoek) berezko marka sortu dute: Basaburuko Saskia: “Gure eredua bakan atzemanen duzu”. (Idoki sormarka ezagunaren inguruan 150 laborari ari dira, esaterako). Hiribarrenek talde txikiagoa hobesten du. Gazta eta barazkiak ekoizten ditu. Beste hiruen behi haragiak, ardi esneak, arrautzek, oilaskoek eta txerrikiek osatzen dute saskia. Itsasotik Baionara bitarte dituzte salmenta guneak. Euren engaiamenduak bermatzen du mozkinaren kalitatea: “Kontrola zorrotza baita”.
Gure ibilaldian jarraitu aitzin, Atharratzeko Jean Pitrau laborari sindikalistaren kezka gogoratu digu Aroztegiko laborariak: “Pitrauk baserriak hustuko zirela aurreikusi zuen duela 50 urte jada, Iparraldean eta Zuberoan bereziki. Laborariak lur-lanaren estimua galdu zuen, eta gutxieneko irabazbiderik gabe, asko Parisera abian zen langile. Orduko eta oraingo egoera ez da arras aldatu. Laboraiek ez dugu gibelera egin baina laborari anitz ‘erori’ da azken 50 urteetan”. Egun, beste gisa batez, “ez ote da hori problema nagusia?” Frantxua Irigoien eta Mikel Goiti laborariengana egin dugu bide galdera horren erantzunak ezagutu aldera. Bi belaunaldiko laborarien esperientziak ezagutu nahi ditugu.
Iturria: http://www.argia.com/albistea/alternatibak-eredu-produktibistari
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
