- 2007/09/14
Argazkia 1 / 2
Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek iaz erran zuten: hainbat urterako lana badela Amaiurko (Nafarroa) gazteluko indusketetan. Iaz hamabost egunez egindako lanak, aurten izan du segida. Azken hamabostaldian hamabost lagun aritu dira gazteluaren aztarnak agerian utzi nahian. Aranzadiko teknikariak, boluntarioak eta herriko jendea ere aritu dira lanean. Atzo, aurtengo indusketen amaiera ospatu zuten gazteluaren egunean, eta hurrengo urtean lanarekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu zuten babesleek, indusketak diruz laguntzen dituzten Udalbidek eta Baztango Udalak.
Iazko indusketen ondoren sumatu egiten zena, argiago ageri da bisitarien begien aurrean aurten. 2006an zundaketak egin zituzten Aranzadiko kideek gaztelua dagoen mendi tontorrean, metro eta erdiko zabalerarekin. «Lortutako datuekin, herriari so egiten dion magalean aritu gara lanean aurten», azaldu du indusketen zuzendari eta Aranzadiko zuzendari nagusi Juantxo Agirre Mauleonek.
Lan horiek, metro eta erdi utzi dituzte agerian gazteluko harresiak, eta bi dorre. «Beste hiru omen ditu gazteluak, gehi dorre nagusia». Dorre nagusi hori, 1522. urtean gaztelua defendatzen hil ziren gudarien omenez ezarritako monolitoaren azpian omen dago.
Arkeologiak, historiak eta politikak ere bat egiten dute Amaiurko gazteluaren inguruan, atzoko egunean Aranzadiko kideek eta indusketak diruz laguntzen dituzten Udalbideko eta Baztango Udaleko arduradunek gogoratu zutenez.
Izan ere, Amaiurren, Nafarroako Erreinuaren askatasun gerraren azken pasadizo garrantzitsuenetakoa gertatu zen: 1522an, Noaingo bataila zelai zabalean galduta, Nafarroako hainbat noble eta zaldun Amaiurko gazteluan gogortu ziren, independentziaren alde borrokatzeko. 1512an egin zioten eraso Nafarroari Fernando Katolikoaren gudaroste gaztelarrek, eta Nafarroako Erreinua anexionatu zuten. Ez modu baketsuan, ordea. Amaiurko gaztelua izan zen orduan piztu zen gerraren azken lekukoetako bat.
ERDI AROKO GAZTELUA. Erdi Arokoak dira begi bistan gelditzen ari diren Amaiurko gazteluaren arrastoak. «XIV. mendekoa dela uste dugu». Iaz jasotako arrastoen azterketa egin ondoren, emaitzek agerian utzi dute 1290 eta 1420 bitartekoak direla ikertutako lur laginak eta aurkitutako aztarnak. Tartean daude gezi puntak, animalien hezurrak eta XV. mendeko txanponak.
Halakoak aurkitu dituzte aurten, halaber, bai eta jaurtigaiak ere. Harresien ondoan, gainera, ur putzu bat izan daitekeen egitura aurkitu dute. Ez dago zehazterik oraindik benetan hala den, Aranzadiko kideek azaldu dutenez. Harresi ondoko eskailerak ere argi eta garbi ageri dira bisitarien aurrean, bai eta atea ere. Pitzadura modukoa aurkitu dute, gainera, mendian, akaso leherketen bidez egina.
Amaiurko biztanleek Aranzadiko kideekin bisita egiteko aukera profitatu zuten atzo. Txalapartaren doinuek, eta gazteluari buruzko abestiak lagundu zuten ekitaldia. Aurten, 6.000 euroko diru laguntza eman du Baztango Udalak indusketak egiteko, iazko kopuru bera. Udalbidek, berriz, 18.000 euro eman zituen iaz, eta aurten beste hainbeste, denera Aranzadiren hiru proiektu laguntzeko.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | ||||
| 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 |
| 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 |
| 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 |
| 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |