2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Autodeterminazio eskubideak milaka lagun bildu ditu Ordizian

Nazioen Mundua - 2010/10/19

Argazkia 1 / 2

Eskozia eta Euskal Herria bi nazio direla eta erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, eskuz esku, bi nazioetako kulturak uztartuta egin duten egun osoko jaialdian, Ordizian (Gipuzkoa). Autodeterminazio eskubidearen alde, «oinarrizko printzipio baten alde» auzolanean hasitakoa plazaz handitzen joan da. Euskal Herri osoko jendea elkartu zen Nazioen Mundua ekimenak antolatutako jaialdian.

Oinarrizko printzipio hori egia bihur dadin herritarrei lan egitera deitu zieten ekimenekoek. Angel Oiarbidek hartu zuen hitza, Nazioen Mundua ekimenaren izenean. Euskal Herria ziklo berri baten atarian dagoela iritzita, herritarrei lema hartzera deitu zien. «Izan gaitezen gure etorkizunaren protagonista. Ondorengoei, gure seme-alabei, giza eskubide zibil eta politikoak errespetatzen diren oinarri demokratiko bat uzten saia gaitezen. Hori izango da utz diezaiekegun ondarerik aberatsena». Txaloka erantzun zuten Ordizian bildutako milaka lagunek. Independentziaren aldeko oihua entzun zen gehien.

Goizetik hasitako jaialdiaren ostean, arratsaldean egin zuten jaialdiaren mamiak zertan zetzan azaltzeko ekitaldia. Oholtzaren aurrera elkartu ziren milaka lagun. Hainbat ordezkari politiko ere jendartean egon ziren. Besteak beste, EAJkoak, ezker abertzalekoak eta Aralarrekoak.

Nazioen Munduak Idiazabalen (Gipuzkoa) du sorrera. 2007an hasi zen, orduko egoera politikoak kezkatzen zituen hainbat lagunek sustatuta. Autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubidea dela iritzita, oinarrizko puntu horretara ahalik eta jende gehien elkarrekin iristea da ekimenaren helburua. Lehen mugarria maiatzean jarri zuten, Beasaingo Igartza jauregian. Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela jasotzen duen agiria izenpetu zuten hainbat esparrutako pertsona ezagunek. Hurrengo urratsa Miramar jauregian egin zuten, Donostian, urriaren 9an, Goierritik nazio mailara igaroz ekimenarekin.

Nazio erakundeak

Euskal Herria nazio gisa egituratzen duten erakundeak tokia izan zuten jaialdian. Udalbiltzak babestu eta Udalbidek lagundu zuen ekitaldia. Loren Arkotxak hartu zuen hitza, Udalbiltzaren izenean. Udalbiltza auzia salatu, eta askatasuna eskatu zuen auzipetuentzat. Udalbiltza aurrera erantzun zioten bertaratuek, aho batez. Eta deia egin zuen: «Euskal Herriko herri guztien artean elkarlana eta harreman dentsitatea aberastu dezagun, herri gisa aurrera egin dezagun».

Txalaparta eta gaita doinuak uztartuta hasi zen jaialdia. Mikel Laboaren martxa baten lehen notak doinuak, haren ahotsean, hunkitu egin zituen bertaratuak txalaparta, gaita eta beste hainbat musika tresnekin. Ikurrin dantzak eman zion amaiera, eskoziarrek eta euskal herritarrek dantzatuta, jendearen txaloen artean.



Indar abertzale guztiak batu ditu erabakitzeko eskubidearen aldarriak

Erabakitzeko eskubidearen inguruan alderdi abertzaleen arteko adostasuna handia dela adierazi zuten atzoko jaialdira joan ziren buruzagi politikoek. EAJ, Aralar, EA eta ezker abertzaleko kide andana bildu zen bertan, eta aurrera begira halako ekimen gehiagotan elkar ikusteko asmoa agertu zuten.

Xabier Arzalluz EAJren EBBren presidente ohia izan zen goiztiarrena. «Aurpegiak ikustera nator», zioen. Bere burua politika mundutik kanpo duela adierazi ostean, autodeterminazioaren aldeko ekimenetan «beti laguntzeko prest» egongo dela adierazi zuen. «Gure ordua iritsi da, eta Eskoziarena. Ez da asko falta askatasun osoa lortzeko».

Arzalluz zegoen tokitik ez oso urruti, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa zegoen. Elkar agurtu zuten eta tarte batez hitz egiten egon ziren. «Siglen gainetik nazioaren aldarrikapenak batzen gaituela ikusteak asko pozten nau», azaldu zuen. Autodeterminazio eskubidearen alde Nazioen Munduko kideek eginiko «lan pedagogikoa» nabarmendu zuen. Erkiziaren aburuz, «bakerako giltzarria eta elkarbizitzarako oinarria» da erabakitzeko eskubidea. «Funtsezkoa da, beraz, gai honen inguruan biltzea».

Ordu batzuk geroago agertu zen Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, eta antzeko mezua eman zuen. «Nazioaren aldarrikapenaren, erabakitzeko eskubidearen eta oinarri etiko batzuen gainean ere abertzaleok elkarrekin lan egiteko gai garela uste dut».

Orduak aurrera egin ahala, politikarien zerrenda zabalduz joan zen. Besteak beste, EAJtik Joseba Egibar GBBko lehendakaria eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea izan ziren; Aralarretik, Jon Abril koordinatzaileordea eta Oxel Erostarbe legebiltzarkidea; EAtik, Pello Urizar idazkari nagusia; ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia eta Karmele Aierbe. Hamaikabatek eta Alternatibak ere babestu dute ekimena.

Kultura demokratikoa

BERRIAri eginiko adierazpenetan bai Olanok eta baita Erkiziak ere Eskoziako egoera izan zuten hizpide, eta bat datoz bi ideiatan. Batetik, herrialde bakoitzak bere ezaugarri eta erritmoak dituztela nabarmendu dute. Eta, bestetik, Espainiaren eta Frantziaren jarrera salatu dute. «Estatuen ikuspegitik, oso jarrera ezberdina dute. Erresuma Batuak autodeterminazioa printzipio demokratiko gisa ulertzen du, Espainiak eta Frantziak, aldiz, kultura demokratiko kaskarra dute», esan zuen Olanok. Horren harira, gizartea abian jartzea ezinbestekoa izango dela uste du.



Herri ekimenek euskal herritarrak biltzeko duten gaitasuna erakutsi zuen jaialdiak. Lezio bat izan zen abertzaleen arteko elkarlanari begira. Jatorri, adin eta pentsamolde askotariko milaka lagun batu ziren Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko senidetasuna irudikatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Parte-hartzaileen kopuruari eta lorturiko atxikimenduei erreparatuz gero, formularekin asmatu dutela agerian utzi dute Nazioen Munduko kideek.

Egun osorako egitaraua prestatu zuten, goizetik hasita igande goizalderaino. Ateak ireki eta berehala bertaratzen hasi zen jendea. Eskoziako gaiten eta Euskal Herriko joaldunen soinuen artean, ongietorria egin zieten bi nazioen ikurrinei. Roy Pedersen Inbhir Nis herriko SNPko zinegotziak eta Eider Alustiza Nazioen Munduko kideak, berriz, agurra irakurri zuten, gaelikoz eta euskaraz, eta eskoziarrek dantza erakustaldi batekin eskertu zuten euskal herritarren harrera beroa.

Eguerdi aldean 3.000 lagun inguru zeuden jada, Eskoziako eta Euskal Herriko herri jokoen erakustaldia ikusten. Batzuk enborrak mozten ibili ziren, besteak harriak jaurtitzen, nortasunaren erakusle.


Mundu mailako txapelketa

Eskoziako herri jokoen kasuan, txapelketa moduan antolatu zuten, eta zazpi herrialdek hartu zuten parte: Eskozia, Australia, Flandria, Belgika, Alemania, Japonia eta Euskal Herria, Joxe Martin Bustintza lasto altxatzaileak ordezkatua.

1882. urtean egin ziren aurreneko aldiz Highlands Games deiturikoak, eta ordutik hona, ez dute etenik izan. Eskoziako herri jokoen txapelketa nagusia hemeretzi probaz osatuta dago, baina atzo bost egin zituzten. Enbor jaurtiketak erakarri zuen ikusleen arreta gehienbat. Airera jaurti eta atzekoz aurrera bira eman ostean, ahalik eta zuzenen erori behar du lurrera ia sei metro luzera eta 60 kilo inguru duen enborrak. Berotze ariketetan ez zuten bira ematerik lortu. Ezinezkoa zirudiena, baina, lortu zuten bi parte-hartzailek, eta ikusleek izugarrizko txalo zaparrada batekin ospatu zuten kirolarien balentria. Bereak eta bi ikusi zituzten , halaber, txingen jaurtiketa probarekin. Langa batetik metro batera gutxi gorabehera kokatu eta hari bizkarra emanez txinga pisu bat jaurti behar dute parte-hartzaileek. Hiru metrotara kokatuta dago langa, baina errondak aurrera egin ahala ia sei metrotara iristen dira. 14:30 aldera amaitu zen herri jokoen erakustaldia. Aaron Neighbour australiarrak, Jimmy Van de Vall flandiarrak eta Kyle Randals eskoziarrak osatu zuten podiuma.

Ordurako jada prest zegoen paella erraldoia. Jai giroan joan zen bazkaria, eta bazkalostea, Eskoziako eta Euskal Herriko musika doinuz lagunduta.

Arratsaldean, haurrentzako emanaldi berezi bat egin zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Big Rory & Ochie the Dog pailazoek. Euskal Herriko haurrek inork ikusi ez duen piztia bat ikusteko aukera izan zuten, Ness lakukokoa, helduentzat ustekabean.

Ekitaldi nazionalarekin lepo bete zen karpa erraldoia, eta gau osoan kontzertuak izan ziren. Besteak beste, Euskal Herriko Berri Txarrak eta Gose taldeak eta Red Hot Chili Pipers rocka eta gaitak uztartzen dituen Eskoziako taldea aritu ziren.


Iturria: http://paperekoa.berria.info/euskalherria/2010-10-17/012/007/autodeterminazio_eskubideak_milaka_lagun_bildu_ditu_ordizian_idiazabalen_hasitako_ekimena_euskal_herri_osoan_hainbat_esparrutan_ezagunak_diren_pertsonen_babesa_izatera_igaro_da_herritarrei_etorkizunaren_protagonista_izatera_deitu_diete_nazioen_mundukoek.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©