Hizkuntza/ Euskal Herria - 2003/06/20
Heldu den asteburuan, Ondarea Zainduz egitasmoa gauzatuko da Lesakan; egitasmo horrek Bortziriko udalerri honetako kultur ondarearen balioa aldarrikatu nahi du, gehienbat, bere ondare monumentala. Egitasmo hau Lesakak Azkainekin duen senidetzearen barnean kokatzen da eta UDALBILTZA®ko HURBILTZEN ekimenak sustatua da.
Ekintza garrantzitsuena heldu den igandean eginen da, ekainaren 22an, arratsaldeko 17,30etan. Hartan Lesakako herritarrek ibilaldi gidatua eskainiko diete Azkaineko bisitariei. Ibilaldi horretan Lesakako garapen historikoaren berri emanen zaie, lesakarrek denboraz denbora utzitako aztarna monumentalaren lekukotasunaz baliatuz.
Egun bat lehenago, ekainaren 21ean, topaldia izanen da goizean Herriko Etxeko bilkura aretoan. Hartan, toki eta herrialde mailan kultur ondarearen balioespenaren inguruan aitzinera eraman diren zenbait esperientziaren berri emanen da. Azkaingo ordezkariek `La nuit du patrimoine´ egitasmoa azalduko dute, Irunberrikoak 2003ko Nafarroa Oinezek beren eskualdean izanen duen eraginaz mintzatuko dira; Baztandarren Biltzarrekoak, Zubietako Errotaz; Nabarraldeko ordezkariak Nafarroako ondare aberastasunaz; Foro Irun XXI eta Euskokultur Fundaziokoak, `Antso III.a Handia: Nafarroa Osoa Gogoan´ proiektuaz, eta Lesakako bertako ordezkariek Ondarea Zainduz proiektuaren gaineko xehetasunak emanen dituzte.
Ondarea Zainduz Lesakako Udalak eta Hurbiltzenek (Udalbiltza®k bultzatutako senidetze ekimena) antolatutako programa da eta Europako Batasuneko Hiri Arteko Senidetze programaren laguntza du.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |
