Kultura / Nafarroa - 2009/10/08
Argazkia 1 / 2
Abian da aurtengo Mikro-Ipuin lehiaketa. Laugarren urtez, Euskara Kultur Elkargoak eta Pamielak, Udalbideren laguntzarekin, urtero antolatzen duten Mikro Ipuinen Lehiaketak Nafarroa osoko ikastetxeetako ikasleek euskaraz idatzitako testurik hoberena saritzen du.
Laugarren edizio honetan, joan den urtean bezala, aurkezturiko lanak 100 hitz (12 lerro) baino gutxiagokoak izan behar dira, eta sari nagusia irabazlearen ikastetxean idazle ospetsu baten bisita eta topaketa izaten da.
Lehiaketa hau Nafarroa osoko Lehen Hezkuntza edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako euskaraz ikasten duten ikasleei zuzendurik dago. Ipuinak entregatzeko epea Urriaren 1ean zabaldu dugu bi hilabetez, (azaroaren 30an amaitzen da) eta Irakasleen bitartez kudeatzen da.
Epaimahaia Alberto Barandiaran, idazle eta kazetariak; Inma Errea, idazle eta itzultzaileak; Joxe Migel Bidador, idazle eta literatura irakasleak Migel Asiain, literatura irakasleak eta Angel Erro, idazleak, osatzen dute.
Berrikuntza bezala, aurten bi Lehen Sari emango dira: bat, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, eta beste bat, Bigarren Hezkuntzakoentzat.
Pamiela Argitaletxearen liburu sorta bana emango zaio kategoria bakoitzean irabazle gertatuko den mikro-ipuinari, eta epaimahaiak erabakiko du, orijinaltasunari eta kalitateari begiratuta, irabazleen zein ikastetxek jasoko du Kike Amonarrizen eta Ilaski Serranoren bisita, hots, aurtengo Sari Nagusia.
Orain arte, hiru edizio izan ditu Sariak, 2006, 2007 eta 2008koa, eta urtero partehartzea eta lanen kalitatea gora igo dira.
Mikro-ipuinen Lehiaketaren lehendabiziko edizioa, 2006ko irailean eta urrian burutu zen Euskal Liburugintza erakusketaren barnean. 110 testu jaso genituen gure ekimen honetan, denak Iruņea eta Nafarroako zenbait herritako ikastetxeetatik bidaliak, `Nire etxeko ataria´ izeneko idazlanarekin, Amaia Aierdi Mariņelarenak irabazi zuen I. Mikro-ipuin lehiaketa. Amaia Aierdik 13 urte zituen eta DBHko 2. maila ikasten zuen Iruņeko Jaso Ikastolan. Bertan, BERNARDO ATXAGA idazlearen bisita eta hitzaldia jaso zuten irabazleak eta bere ikaskideek.
II. Mikro-ipuin Lehiaketa, 2007an, Mikel Onsalo Lezea, 13 urtekoa, eta Leitzako Amazabal Institutuan DBH 2. mailako ikasleak irabazi zuen `Udazkena´ izeneko ipuinarekin, eta Leitzako Zine Aretoan egon zen KIRMEN URIBE sariak banatzen. Horretan, 359 lan aurkeztu ziren lehiara, Nafarroa osoko 20 ikastetxeetatik, eremu euskaldunetik, mistotik eta ez euskaldunetik.
III. Mikro-ipuin Lehiaketa, 2008an, Ainhoa Asiainek, Atarrabiako Paz Ziganda Ikastolako DBHko 3.mailako 14 urteko ikasleak irabazi zuen, `Muxu aspertuak´ izeneko mikro-ipuinarekin, eta sari nagusia RUPER ORDORIKA abeslariaren bisita izan zen, emanaldia eta guzti. Azkeneko edizio honetan, 1033 mikro-ipuin lehiatu ziren, Nafarroa osoko 40 ikastetxetatik bidaliak.
2008an, aurreneko bi urtetako 19 lan sarituak bildu eta, `Mikro-liburu´ a argitaratu genuen EKE eta Pamielak, 2008ko ekaineko Iruņeko Liburu Azokan. Haiekin batera, Bernardo Atxagak eta Kirmen Uribek idatzitako mikro-ipuin bana ere eskaintzen du liburuxkak.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
