Hezkuntza / Nafarroa - 2009/05/11
Argazkia 1 / 1
2009-2010 ikasturterako Nafarroan Haur Hezkuntzan aurrematrikulatu diren 6.573 haurretatik 1.928k, herenek, alegia, D ereduan ikasiko dute, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak emandako datuen arabera. Nestor Martinez Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaileak nafar gizartea zoriondu du, `gehienek, %63,05ek, sare publikoa hautatu dutelako´.
Martinezek adierazi du gustura dagoela `urtetik urtera, eta erasoak eraso, D eredu publikoak gero eta indar gehiago´ duelako. Izan ere, iazko datuekin alderatuta, %3 egin du gora D ereduan aurrematrikulatu diren haurren kopuruak. Aspaldiko igoerarik handiena da. Hala, eskola publikoan aurrematrikulatu diren haurren %35,09k euskarazko ereduan ikasiko dute.
Dena den, nafarren %40k ezin dutela ikasteko hezkuntza eredua askatasunez aukeratu salatu du Martinezek. `Nafarrek hautatzeko aukera balute, gizartearen %50ak euskarazko hezkuntza aukeratuko luke´. `Nafarroako hamaika bailara eta ingurutan, Mendigorrian eta Artaxoan esaterako, euskara ikasi nahi dutenei euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen zaie´, nabarmendu du elkarteko arduradunak. `Bada garaia behingoz Nafarroa osoko ikastetxeetan D eredua eskaintzeko, eta orain arteko traba guztiak kentzeko´.
Haur Hezkuntzan D ereduan ikasten dutenen kopuruak gora egin duen arren, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan D ereduko irakaskuntza publikoan `puntu beltz bat´ dago, Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzailearen iritziz. Ildo horretan, Erronkari, Eunate, Zaraitzu eta Garraldako guraso elkarteek DBHtik aurrera euskaraz ikasteko aukera `izugarri murrizten´ dela salatu dute. Azaldu dutenez, `Lanbide Heziketan, esaterako, 164 ikasketa daude, eta horietatik lau bakarrik ikas daitezke euskaraz´. Horri jarraiki, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, irakasle ikasketak soilik egin daitezke euskaraz. Martinezek zehaztu duenez, `irakasle ikasketetan ere ez daude ikasgai eta espezialitate guztiak euskaraz´.
Ikasle euskaldunek Nafarroan izaten duten beste arazo baten berri ere eman du Martinezek. `Inguru ez euskaldunean ikasten dutenek Iruńera etorri behar izaten dute, eta, bertan dagoen masifikazioaren ondorioz, euskaraz ikastea odisea bilakatzen da´. Arrazoi horiengatik, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari `beharrezkoak diren diru inbertsioak egiteko´ eskatu dio, beste behin ere, Martinezek.
Bestalde, heldu den maiatzaren 24an Euskal Eskola Publiko berriaren alde eta euskaldunen eskubideen alde, Bizi euskal eskola lelopean, egun osoko jaialdia antolatu du Sortzen-Ikasbatuaz-ek, Iruńeko Takonera parkean.
Iturria: http://www.berria.info/paperekoa/harian/2009-05-08/014/005/D_ereduan_ikasiko_dute_Nafarroan_matrikulatutako_3_urteko_haurren_herenek.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |
