Hezkuntza / Nafarroa - 2010/02/11
Bi egun besterik ez dituzte Nafarroan 6.700 familia inguruk, euren seme-alabak zein hizkuntz eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko. Izan ere, heldu den otsailaren 5etik 12ra egongo da irekita haur eta lehen hezkuntzako haurrentzako aurrematrikulazio epea. Horren harira, Nafarroako hogei udalen baino gehiagoren artean, D ereduko aurrematrikulazioa sustatzeko kanpaina jarri dute abian. Egitasmo horren barruan, 3 eta 7 urte bitarteko haurrak dituzten herritarrei D ereduari buruzko informazioa eskaintzen duen eskuorria bidali diete etxera. Xanti Quiroga Uharteko euskara teknikariaren irudiko, «D ereduak izan duen ibilbidea aintzat hartzea aski da, baliagarritasuna frogatu ahal izateko».
Aurten, berritasun gisa, udalek D ereduaren adiskide den pertsonaia bat sortu dute: Dordoka, alegia. Pertsonaia horrek segurtasuna eta egonkortasuna islatzen ditu, dio Quirogak. Martxan jarritako kanpaina Nafarroako berezko hizkuntza babesteko era dela adierazi du Atarrabiako alkate Pello Gurmindok. Horren haritik, Nafarroako Gobernuak ez duela ahalegin handirik egiten salatu dute.
Etorkizunari begira, etorkinei zehazki bideratutako kanpaina bat martxan jartzekotan direla jakinarazi dute. Dena dela, Quirogak argitu duenez, Iruñerriko hainbat herrik -Berriozarko Udalak, esaterako- etorkinak euren seme-alabak D ereduan aurrematrikulatzeko kanpaina zehatzak jarri izan dituzte abian dagoeneko. Izan ere, Nafarroako gizarte talde horrek gero eta garrantzi handiagoa duela gogorarazi dute. Gainera, argitu dute D eredua baliagarria dela haur etorkinak integratzeko ere.
Sortzen-Ikasbatuaz-en deia
Ostiraletik aurrera Nafarroako hainbat gurasok hartu beharko duten erabakia oso garrantzitsu dela adierazi du Nestor Salaberria Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzaileak ere. Aukerarik onena zein den argi dago, benetan euskaraz irakasten duen D eredu publikoa, nabarmendu du. Herritarrei beren haurrak euren herri eta auzoetako eskola publikoetan aurrematrikulatzeko eskaera egin die.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak D ereduaren aurkako urteroko kanpaina martxan duela gogorarazi du Salaberriak. Gobernua D ereduaren inguruko mamuak sustatzen ari da hainbat komunikabidetako albisteen bitartez, salatu du. Duela urte batzuk, D ereduaren aldeko kanpaina egiteaz Nafarroako Gobernua bera arduratzen zela gogorarazi du Salaberriak, eta agerian utzi du atzerapausoak nabarmenak direla. Eta berretsi du dena den eta oztopoak oztopo euskara sustatzeko eta indartzeko lanean jarraituko duela.
Izan ere, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko Nafarroako koordinatzaileak deritzo 1986. urteko Euskararen Legea guztiz gainditua dagoela. Gainera, gogorarazi du Nafarroako hainbat herritan euskaraz ikastea debekatua dagoela lege horren bitartez eta ordea oso bestelakoa dela gizartearen gogoa: Nafarroako jendea gero eta kontzienteagoa da euskararen balioaz eta baliagarritasunaz. Horren adierazle argitzat du urtez urte D ereduak izaten duen igoera. D ereduan, euskaraz ikasten dute, gaztelania menderatzen dute eta, gainera, beste hirugarren edo laugarren hizkuntza batean ongi aritzen dira, dio. Argi utzi du hezkuntza eleaniztun bakarra D ereduak ematen duela.
Etorkinei begira
Salaberria ere euskara etorkinei zabaltzeko beharraz mintzatu da. Alde horretatik, heldu den ikasturterako material didaktikoa prestatzen ari da Sortzen-Ikasbatuaz. Horren bitartez, urtebeteko ikasturte berezi baten ostean, D ereduan ikasteko aukera izango dute atzerritik Nafarroara etorritako haurrek. Argi utzi du Salaberriak hori guztia aurrera eramateko irakasleek, eskoletako zuzendariek eta beste hainbat langilek ere horretarako borondatea izan behar dutela.
Baikor izateko motiboak badirela dio Nestor Salaberriak. Urtetik urtera, gutxi bada ere, gora egiten du Nafarroan D ereduan aurrematrikulatutakoen haurren kopuruak, dio. Aurten iazko datuak berdintzea edota hobetzea espero du, horrek orain arte D ereduaren alde lanean aritzen garen elkarte eta eragileek egin dugun lana, ondo egina dagoela adieraziko duelako.
Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-02-03/014/008/lege_info.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |
