2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Euskararen ofizialtasuna eskatu dute milaka lagunek Baionan

Euskara / Iparraldea - 2009/10/26

Ikusi bideoa Argazkia 1 / 4

Mobilizazioaren erronka gainditu zuten larunbatean Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak Baionako karriketan. Milaka lagunek, 5.000tik gora antolatzaileen arabera, euskarari ofizialtasuna aitortzeko eskatu zuten. Horrekin batera, hitzemandako lege egitasmoa gauzatzeko eskatu zioten Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidenteari eta Francois Fillon Lehen ministroari.

Manifestazio buruan Euskarari lege babesa, euskarari ofizialtasuna zioen banderatxo zeramaten. Banderatxoaren gibelean zihoazen, bertzeak bertze, Maider Hegi Ipar Euskal Herriko AEK-ko presidentea, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko presidentea, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Ione Josie Kontseiluko Ipar Euskal Herriko arduraduna, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia edo Mixel Oronoz Euskal Konfederazioko lehendakaria.

Manifestazioko buruko banderatxoa baino metro batzuk gibelera, hautetsien banderatxoa zegoen. Bertan zeuden Martine Bisauta eta Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsiak, Michel Veunac Miarritzeko hautetsia eta BAMeko presidenteordea, Jean Lizar Akitaniako Kontseilaria edo Max Brisson Miarritzeko hautetsi eta Kontseilari Nagusia. Nahiz eta Euskararen Erakunde Publikoko presidentea izan Brisson, manifestazioan hautetsi gisa zegoela nabarmendu zuen, ez EEPko buru gisa. Baiona, Angelu eta Miarritzeko auzapezak ez ziren manifestazioan, eta horrek aipamen bat baino gehiago ukan zuen manifestarien artean.

Alderatzea saihestezina

Izan ere, saihetsezina zen atzokoa eta joan den larunbatean Baionan AHTaren aurka egindako manifestazioa erkatzea. Kopuruaren arabera, oso manifestazio duina izan zen atzokoa. Alderaketa osoa egiteko, ordea, bertze elementu batzuk nabarmendu behar dira. Atzo ez zegoen manifestazio buruan Jean Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidentea. Ez zeuden haren ondoan 500 hautetsi, joan den manifestazioan iragarri zuten bezala. Atzokoan hamarnaka batzuk izan ziren hautetsien banderatxoan. Eta atzo hautetsi horiek ez zuten jantzi joan den larunbatean ezarritako xingola urdin-zuri-gorria. Errepublikako koloreak eramatea ez da beti harrotasun iturri, bereziki hizkuntzei emandako tratua delarik aipagai. Gehiago oraindik; hautetsi anitzek, gehienak abertzaleak, manifestari arrunten artean joatea izan zuten nahiago.

Abantzu ikastola guztiek bere banderatxoa zeramaten, ofizialtasuna aldarrikatzen. Euskal Haziak eskola pribatu kristauak eta Biga Bai eredu publiko elebiduneko gurasoen elkarteak ere banderatxoak egin zituzten. Hiru ereduetako indarrak biltzen dituen Hiru Sareta plataformako banderatxoak laburbiltzen zuen ekimena, Elkarrekin euskararen alde banderatxoaren bidez. Hiru ereduetako partaideak nahasirik joan ziren manifestazioan.

Egunkaria auziko auzipetuen aldeko banderatxoa ere present izan zen manifestazioan. Indarrak bilduz, euskararen ofizialtasuna ez ezik, bidegabekerien bukaera lortzeko urratsa zela adierazi zuen Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak. Ondoko asteotan Egunkaria auziko auzipetuen alde eginen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen.

Banderatxoak eta banderatxoak. Tartean trikitilariak, txistulariak edo gaiteroak. Manifestazio buruak Xaho kaitik gora egin zuen San Leoneraino. Handik behera, Paulmy etorbidetik eta Euskaldunen plazara heldu. Orduan abiatu ziren azken manifestariak Xaho kaitik. Manifestazio burua eta buztana elkar ikusteko gisan egon ziren. Antolatzaileen hitzaldia bukatzen ari zelarik heldu ziren bukaerakoak San Andres plazara. Xaho kaiko plaza beterik zegoen.



Seigarrenean menturaz

Lehen Deiadar manifestazioa 1989an egin zela gogorarazi zuen Mixel Oronoz Konfederazioko lehendakariak. Atzokoa seigarrena zen. `Horrek erran nahi du gure eskaerak ez ditugula oraindik lortu, euskarak ez duela Ipar Euskal Herrian behar duen ezagutza, ez duela dagokion tokia bizi publikoan, irakaskuntzan, hedabideetan eta bizitzako arlo guztietan. Ez baita ofiziala´.

Atzoko mobilizazioaren arrakasta nabarmendu zuen Oronozek. Iraganean, orainean eta etorkizunean ere, ofizialtasuna lortu arte indar horiek ez dutela amore emanen adierazi zuen.

Hizkuntza gutxituak Frantziako ondare gisa izendatzeak ezagutzarik ez dakarrela nabarmendu zuen ere. `Euskara ez duzue lastoz beteko eta erakustoki batean zintzilik ezarriko!´. Herritarrek eguneroko bizian euskara baliatzen duten bezala, hautetsiei ere engaiamendua eskatu zien, haien eskumenean dauden arloetan eragiteko.

Frantziak frantsesari ematen dion lege estatus bera aldarrikatu zuen euskararentzat Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Euskaraz bizi ahal izatea ekartzeaz gain, hizkuntza eskubideak bermatzea eta hori babestuko duen esparru juridikoa sortzea eragin dezakeela nabarmendu zuen. `Euskarak estatusa eta lege egokia behar ditu, euskararen normalizazioa ekarriko duen hizkuntza politika gauza dadin´, gaineratu zuen Mendigurenek.




Elkartasuna helarazi du Parlemu Corsu kolektiboak


Korsikako Parlemu Corsu kolektiboak elkartasuna adierazi dio Deiadar manifestazioari. Hizkuntz eskubideak bermatzea lortzeko, hizkuntza gutxituen aldeko indarren metatzea funtsezkoa dela nabarmendu du. Nahiz eta korsikerak estatus berezia ukan, Frantziak normalizazioa bultzatzeko borondaterik ez duela diote. Nahiz 2025erako ikasgela guztiak, ama eskolatik bigarren mailaren bukaerara, elebidunak izan behar diren, errealitatean baliabideak falta dira. Irakasle gehienek ez dakite korsikeraz, eta prestakuntza ez dela bermatzen salatzen dute. Hizkuntza gutxituei ofizialtasuna aitortzeaz gain, legea egiteko eta Europako Ituna berresteko eskatzen diote Frantziari.




Fuente: http://paperekoa.berria.info/harian/2009-10-25/002/011/Euskararen_ofizialtasuna_eskatu_dute_milaka_lagunek_Baionan.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©