Ekonomia / Iparraldea - 2010/02/19
Argazkia 1 / 1
Frantziako eta Europako legerietan oinarrituz, defentsako abokatuek Baionako absoluzio ebazpena berresteko eskatu zuten.
Prokuradoreak bi mila euroko isuna edo «epaileak egoki deritzon isuna» eskatu zuen.
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurka Pauen (Frantzia) egindako helegite auzian, defentsako hiru abokatuek kargu guztiak bertan behera gelditzeko eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariaren absoluzioa eskatu zuten. Prokuradoreak, hastapen batean bi mila euroko isuna eta Laborantza Ganbera izena erabiltzea debekatzea aldarrikatzen zuen idatzizko eskarian. Ahozkoan, aldiz, erabat apaldu zuen eskaria, eta bi mila euroko isuna edo «epaileak egoki deritzon isuna» baino ez zuen eskatu. Epaileak maiatzaren 6an jakinaraziko du ebazpena.
Jean Rene Etxegarai, Joseph Montier eta Corinne Lepage abokatuek burutu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberaren eta Berhokoirigoinen defentsa. Lekuko gisa eraman zituzten Jean Foiriere, Michel Lauque, Frantxua Maitia Akitaniako presidenteordea eta Gerard Onesta Europako Parlamentuko presidenteordea.
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenak eta jarduerak herritarren artean «nahastea» eragiten ote duen frogatzeko, galdera ugari egin zituen epaileak. Funtsean, Paueko Laborantza Ganbera ordezkatzeko helburua ote zuen argitu nahi zuen. Berhokoirigoinek azaldu zion elkartearen asmoan ez zegoela nahastea eragiteko asmorik, Euskal Herriko laborarien eguneroko errealitateari ihardestea eta laguntza egokiak ematea zela haren helburua.
Xedearen gibelean abertzaleen «jukutriarik» ez ote dagoen galdetu zuen epaileak, gogoratuz egoitza erosteko dirua ELArekin lotura duen Manu Robles Arangiz fundazioak jarri zuela.
Adierazpen, elkarte eta oinarrizko askatasun guztien kontrako susmoa zela nabarmendu zuen gerora Etxegaraik. Lepagen oharrei jarraikiz, gogoratu zuen Lisboako Ituna onartu dela eta bertan, Europako giza eskubideen ituna aintzat hartzen dela eta Estatu guztiek errespetatu behar dituztela.
Konstituzioaren aurkakoa
Hiru abokatuek hitzaldi luzeak egin zituzten, eta lege mailako argudio ugari eman. Lehenik eta behin, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako zigor eskaria Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela nabarmendu zuen Etxegaraik. Frantziako Konstituzioko artikuluak argi dio hizkuntza bakarra frantsesa dela. Ondorioz, Frantziako erakunde publiko guztiek frantsesezko izena dutela eta ez bertzelakorik.
Juridikoki, Euskal Herriko Laborantza Ganbera izenak baliorik ez duela nabarmendu zuen. Izena euskara hutsez izanez, nehork ezin dezakeela pentsa erakunde publiko bat denik. Laborantza Ganbera izenak baino gehiago, prefeta euskal izenlagunak kezkatzen duela adierazi zuen. «Horrela baldin bada, aski da garbiki erratea».
Prefetak 2005eko urtarrilaren 7an idatzitako gutuna ekarri zuen gogora. Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu aitzin idatzi zuen gutuna eta bertan jakinarazten zion suprefeturan estatutuak ezarri nahi bazituen, euskal izenaren ondoan agertzen zen frantsesezko Chambre de developpement agricole et rural du Pays Basque izena kentzeko agindu zien. «Agindua bete zuten eta, ondorioz, prefetak onartutako izena ezarri zioten», azaldu zuen Etxegaraik. Zuzenbideari dagokionez, elkarte batek nahi duen izena jartzeko eskubidea daukala gogoratu zuen.
Bost urtez iraun duen jazarpena gogoratu zuen ondotik. Euskal Herriko Laborantza Ganberak lankidetza harreman sendoak ditu herriko etxe, laborari, Akitaniako Kontseilu, Kontseilu Nagusi eta Frantziako hainbat erakunderekin. Baionako auzian absoluzioa lortu arren, prefetak diru laguntzak ukatzeko jazarpena egiten duela salatu zuen.
Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-02-19/002/008/Jazarpena_utzi_eta_EHLG_lanean_lasaiki_uzteko_eskatu_dute.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
