2008/12/01

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

John Garamendi demokratak Kaliforniako gobernadorerako bere hautagaitza aurkeztu du

Diaspora - 2008/08/06

Argazkia 1 / 4

Orain ofiziala da: John Garamendik 2010eko hauteskundeetan Kaliforniako gobernadore izateko bere hautagaitza aurkeztu du, bere bizitza osoko erronkarik handienari ekinez. Estatu Batuetako Utah-ra emigratu zuen Saturnino 'Sam' Garamendi lekeitiarrak nekez sinetsiko zuen urteak pasatuta bere biloba batek AEBetan eta mundu mailan ere agintari boteretsuenetako bat bilakatzeko aukera izango zuenik. Bere bizitza politikoaren 'egiaren unea' du honakoa egun gobernadore-orde hautetsia den Garamendik, Sacramentoko Kapitolioko buru izeteko.

Egungo gobernadore Arnold Schwarzenegger estatuak eta herrialdeak bizi duen krisi larri eta sakonari aurre egiteko asmotan neurri gogorrak iragartzen zituen egun berean, Garamendik hasiera eman dio Sacramentoko Kapitolioko haren aulkia eskuratzeko lehiari. Jatorri lekeitiarrekoak ez du erraza izango, hau politika bere mailarik bizienean, nahasienean eta konplexuenean baita, hainbat film eta telesailetako joko eta lasterketa politikoa, boterea, dirua, babesak eta baliabide guztiak zilegi dituen eta hitz handiz idazten den Politika.

Baina honi guztiari buruz badaki Garamendik, maila apalenetik hasita izana baita jadanik estatuko biltzarkide eta senadore, Kaliforniako gizarte segurantza arduradun (Insurance comissioner), Estatu Batuetako Barne ministro orde (deputy secretary of Interior) Clinton-ekin, eta egun Kaliforniako gobernadoreorde.

Bere kanpaina, bere bizitza politikoan behin eta berriro azaldu dituen sinesmen eta proposamenetan oinarrituko du. Bere programak aldarrikatzen duenez, Kaliforniako motor ekonomikoa berrabiarazi nahi du, hezkuntza eta formakuntzari balioa eta garrantzia emanez, lanbide eskola eta unibertsitateei baliabide berriak emanez, innobazioa bultzatuz; bere proposamenetan klasikoa, gizarte segurantza sistema unibertsala nahi du ezarri, neurri ekologikoak, petrolioan oinarritutako ekonomia energia berriztagarrietan oinarritutako ekonomia bilaka dadin; egiturak klima aldaketari aurre egiteko moldatzea; gizartean ahulen direnei zaintza eta babes neurriak aplikatzea; natur balioak eta iturriak babestu eta iraunaraztea.

Lasterketa hasia da, demokratak konbentzitu behar ditu lehenik. Kontrakoak ere izango ditu, hasteko osasuna eta seguru arloko industria boteretsuak. Konplikatua, baina ez gertaezina.


Garamendiren kanpainako webgunea
http://www.garamendi.org/




Iturria: euskalkultura.com


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©