Euskal Autonomi Erkidegoa - 2008/07/16
Argazkia 1 / 2
Ekainak 15ean argitaratu du Eusko Jaurlaritzak EAEko Buletin Ofizialean legea, eta hau bertan behera uzteko eskatu dio Madrilek Auzitegi Konstituzionalari. Helegitearekin kontsulta behin-behinean geratu egin da, eta auzitegiak bost hilabete izango ditu erabakia hartzeko. PPk ere sartu du helegitea.
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen galdeketaren legea indarrean jarri du Eusko Jaurlaritzak, argitaratu baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Buletin Ofizialean, baina Espainiako Gobernuak ordu gutxira sartu du egitasmoaren kontrako helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, Estatuko Abokatuaren bitartez. Hala, legea behin-behinean geratu egin da -ofizialki, Konstituzionalak tramitera onartzen duenean geratuko da-.
Bost hilabetez egongo da etenda, Konstituzionalak epe hori izango baitu erabakia hartzeko. Beraz, urriaren 25ean, behintzat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da kontsulta egingo -horrako dago deituta-, Eusko Legebiltzarrak nahi zuen bezala. Bertan, indarkeriaren bukaera elkarrizketatuaz eta alderdi politikoen akordioaz galdetu nahi du.
`Konpromisoa bete dugu´, esan du Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak helegiteaz. `Lasai egon daitezke, beraz, herritarrak, ez delako galdeketa egingo. [Espainiako] Estatuaren aurkako erronkarik ez dugu onartuko, ezta minutu batez ere´.
Espainiako Gobernuaren ahalmena
Espainiako Kontseiluaren txosten bat hartu du oinarri Gobernuak galdeketaren aurkako helegitea prestatzeko. Irizpen horren arabera, badago Auzitegi Konstituzionalean galdeketarako legeari helegitea aurkezteko nahikoa arrazoi juridiko. Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak `Estatuaren ordenu politiko eta juridikorako oinarriak kolokan jartzen´ dituela argudiatu du Kontseiluak.
Espainiako Gobernuaren ustez, `eskumenen ordenu konstituzionala´ ere urratzen du Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak. Galdeketak egiteko eskumena Espainiako Gobernuaren ahalmena dela argudiatu du, Ibarretxek iragarritako kontsulta loteslea ez den arren. Hain zuzen, loteslea ez izateak egiten du legezko galdeketa, Jaurlaritzaren ustez.
Iturria: berria.info

| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |