2013/05/24


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri du

Udalbiltza - 2011/10/21

Argazkia 1 / 2

ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri du, Gara eta Berria egunkariek aurreratutako, baina BBC britainiarri eta The New York Times estatubatuarrari ere igorritako bideo batean.

"Historikotzat" jo duen adierazpen honetan "konfrontazio armatua gainditu ahal izateko" konpromiso "argi, sendo eta behin betikoa" azaldu du ETAk.

Helburu horrekin, "Espainiako eta Frantziako gobernuei elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko" deia egin die, "gatazkaren ondorioei" irtenbidea ematera zuzenduta.

Bake Konferentzia

Horrela erantzun dio ETAk Kofi Annan buru zela Donostiako Bake Konferentzian nazioarteko sei liderrek egindako adierazpenari; jakinarazpen publiko baten indarkeria behin betiko utzi duela esateko eskatu zioten horiek.

ETAk bere burua "nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailetzat" hartuta azaldu duenez, Aieteko Jauregian egindako Nazioarteko Bake Konferentzia “garrantzi politiko handiko ekimena” da. "Gatazkaren konponbide osorako osagaiak” ditu eta "nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa” duela gaineratu du.

"Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzen ari da. Aukera historiko baten aurrean gaude irtenbide justu eta demokratiko bat emateko mendetako gatazka politikoari", nabarmendu du. "Indarkeriaren eta errepresioaren aurrean, elkarrizketak eta akordioak karakterizatu behar dute aro berria", adierazi du.

"Euskal Herriaren aitorpena eta gizartearen nahimenari errespetuak inposizioen aurretik egon behar dute, hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia", azaldu du.

"Hainbat urtetako borrokak aukera hau sortu du" eta "bidea ez da erraza izan", adierazi dute. "Borrokaren laztasunak hainbat kide eraman ditu betiko. Beste batzuk kartzelan daude edo erbestean", esan dute, hauei omenaldia egin nahian.

"Hemendik aurrerako bidea ere ez da erraza izango", azpimarratu du. "Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats bakoitza, lorpen bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da. Bide honi ekiteko Euskal Herriak aski esperientzia eta indar metatu du urteotan eta badu horretarako erabakitasuna ere”, dio agiriak.

Elkarrizketa prozesua

Horren arabera, "etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da, baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere". Hori dela eta, "ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki du", eta "Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko". Erakunde armatuaren esanetan, "adierazpen historikoa honekin, ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin betikoa erakusten du".

Bukatzeko, ETAk "euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte".




Iturria: http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/osoa/760583/etak-jarduera-armatua-betiko-amaitu-duela-iragarri-du/


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©