2010/03/13

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Euskararekin batera, Oion izango da Araba Euskaraz-eko protagonista

Kultura / Araba - 2009/06/18

Argazkia 1 / 1

30 urte igaro dira Oionen (Araba) San Bizente ikastolak lehen pausoak eman zituenetik. Tarte horretan Oiongo herritarrek lan eskerga egin dute egitasmo horrek aurrera egin zezan. `Meritu handia du herriak egin duen lanak´, aitortu du San Bizente ikastolako zuzendari Txema Okiñenak. Urtetan egindako lanari esker ona agertzeko, Araba Euskaraz-ek garrantzi handia eman nahi izan dio herriari. Horregatik, aurtengo festaren protagonista izango da Oion, euskararekin batera.

Hil honen 21ean izango da Araba Euskaraz, eta San Bizente ikastolako ordezkariek ibilbidea aurkeztu zuten atzo. Oion herriari urtetan egin duen lana aitortzeko, ibilbidea herriko kaleetatik igaroko da, neurri handi batean. Horrek Oionen gertatu ohi den `arazo logistiko´ bati konponbidea emango diola adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, ekainean Oionen egin ohi duen beroari aurre egiteko lagungarria izango da ibilbidea itzal artean igarotzea.

Ibilbidea ez da luzea izango, baina herriko txoko adierazgarrienak ikusteko aukera emango du. Ikastola, igerilekuak, ibai inguruko parkea eta inguru berrienean kokatuko dituzte guneak. `Gune nagusiez gain, gune txikiago bat egongo da herriko enparantzan´, aurreratu du Okiñenak.

Gune horietan, askotariko aukerak izango dituzte ekainaren 21ean Oionera joaten direnek. Ohiko eskaintzaz gain, bestelako zerbitzuak izango dira. Edoskitze guneak egokitu dira, umeei fardela aldatzeko erraztasunak emanez. Horrez gain, Araba Euskaraz-eko kanta eta programa sakelako telefonoan jasotzeko aukera egongo da, bluetooth bitartez.




Hiru omendu

Milaka euskaltzale biltzearekin batera, Ttiki Ttaka euskara elkarteari, Abel Enbeitari eta Luis Mari Bengoari omenaldia egingo diete. Arabako Errioxan zein inguruetan euskararen alde egin duen lana eskertuko diote Ttiki Ttaka elkarteari. 1992. urtetik euskararen erabilera sustatzeko hamaika ekimen egin ditu elkarte horrek: ikastaroak, udaleku euskaldunak haurrentzat, mota askotariko ekitaldiak...

Abel Enbeitari Arabako Errioxako ikastolei emandako laguntza eskertuko diote. Bide batez, Enbeitaren bidez bertsolari guztiak omendu nahi ditu San Bizente ikastolak. Luis Mari Bengoaren kasua bertsua da; Euskal Herriko ohituren eta herri kirolen sustapenean egindako lana eskertuko diote Arabako ikastolen festa nagusian.



Aurreko ekimenek, arrakasta

Araba Euskaraz-en egun garrantzitsua ekainaren 21ean izango den arren, hamaika ekimen egin ditu dagoeneko San Bizente ikastolak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Piratak ikuskizunaren azken saioa eskaini zuten Oionen, azoka ekologikoa antolatu zuten herrian bertan, Kulturarteko Eguna ospatu zuten... Ekimen horiek guztiek harrera bikaina izan dute Arabako Errioxako biztanleen artean.






Iturria: http://www.berria.info/paperekoa/harian/2009-06-12/012/007/Euskararekin_batera_Oion_izango_da_Araba_Euskaraz-eko_protagonista.htm



Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©