2008/12/02

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Futbol zelaian, euskaraz!

Diario De Noticias / Kirolak - 2008/08/02

Argazkia 1 / 2

Bost urte bete dituen Lesakako Euskal Futbol Campusak agur esanen dio gaur aurtengo edizioari. Hiru txanda ezberdinetan, orotara Euskal Herriko 125 neska-mutil aritu dira futbol ezaguerak lantzen, beti ere euskaraz mintzatzen.

Bosgarren urtez jarraian, Euskal Futbol Campusak futbolaren bidez euskararekin harremanak sendotzeko aukera ezinhobea eman die bertan parte hartu duten 125 haurrei. Zortzi eta hamabi urte bitarteko neska-mutilek hiru txanda ezberdinetan aste bete igaro dute Lesakan euskal hizkuntzan murgilduta eta baloiari emanez. Txanda bakoitzean gazteekin batera lau monitore egon dira. Gaur hirugarren txanda, aurtengo azkena, amaituko da.

Euskal Futbol Campusa Nafarroan euskaraz egiten den futbol campus bakarra da. Campusaren leloaren arabera, Euskara eta futbola norabide bikoitzeko bana ezineko binomian bihurtzen da . Izan ere, futbolean aritzeaz gain Campusaren helburua haurrek eskolatik kanpo ere euskaraz hitz egiten jarraitzea da.

2003 urtetik Campusaren antolatzaileak Asier Los Arcos Larumbe, Javier Yanci Irigoyen eta Eneko Gil Monreal dira. Begirada bost urte atzera botatzean proiektu txiki honek gorakada nabarmena izan duela dio Gil Monrealek: `Hirurok aspalditik lagunak gara eta kanpaldi batean elkarrekin lanean genbiltzala gure proiektuaren ideia sortu zen, hots, euskara eta futbola ekimen berean batzea. Haurren harrera ikusita eta babesleek laguntza urtero berritu izana, campusa bost urtez antolatzea erraztu digu; eta urte askotarako!´.

MILA HAUR BOST URTETAN Lesakara Nafarroako, Gipuzkoako, Arabar Errioxako nahiz Arabako neska-mutilak joan dira. Antolatzaileen aburuz, Iruńerritik haur kopuru garrantzitsu bat dator `baina pixkana-pixkana Campusa Euskal Herritik zehar zabaldu egin da´. Nola edo hala, euskara eta futbolaren inguruan 2004ean jaiotako ekimen honek bost urte hauetan mila haur inguru bildu ditu Lesakan.

Campusaren funtzionamenduari dagokionez, goizero futbol saioekin hasi dira, nahiz eta eguna eta arratsaldean zehar ekintza ezberdinak antolatzen diren ere, horien artean Herri Kirolak, Euskal Pilota, Txangoak naturan eta jolas ezberdinak. Aurten bosgarren urteurrena ospatzeko Campusak bi jarduera berri eskaini ditu: Pottokak Baserrian eta Taloak.

Futbolean aritzeaz gain, aurten txandetan parte hartu duten haurrek arratsalde batez Lesakatik gertu dagoen baserri bat bisita-tzeko parada izan dute. Bertan behiak jaitsi, animalia ezberdinei janaria eman eta pottokekin paseo bat emateko aukera izan dutelarik. 5. urteurren honetan, baita ere, Igantzitik taloak nola egiten diren erakustera bi emakume hurbildu dira Campusera.

Azken bost urteetan bezala, Lesakako Udala, Beti Gazte K.K.E., Rural Kutxa, Udalbide eta DIARIO DE NOTICIAS Euskal Futbol Campusaren babesleak izan dira. Era berean, La Mugiroarra eta Beigorri Abentura Parkeak laguntza prestatu diote ekimenari.



Web orria Campusa 'online' jarraitzeko

Euskal Futbol Campusak berezko webgunea dauka Interneten, bai gazteleraz eta euskaraz ere: www.euskalfutbolcampus.net . Bertan Campusaren eguneroko informazioa zintzilikatu egiten dute antolatzaileek, batipat guraso, senide eta orokorrean interesa dutenek gertakaririk azpimarragarrienak jarraitu ahal izateko. Hala ere, bisitari gehien jasotzen duen atala Argazki galeria da. Urtero, txanda bakoitzaren argazkiak ikusteko aukera dago webgunearen bitartez. Hemen argazkiak multzo ezberdinetan antolaturik daude: futbola, jarduerak, jokoak eta aterpetxean. www.euskalfutbolcampus.net web orriaren bitartez baita ere Campusaren informazio orokorra edota txanden osaketa kontsultatu daiteke, hala nola antolatzaileekin harremanetan jarri. Informazio orokorrari dagokionez, Campusaren helburu, eskaintza, ostatu, jarduera ezberdinak eta beste zenbait bitxikeria ezagutu daitezke. Babesleek ere bere lekua badaukate gunean. Heldu den urteko Campusean pentsatuz, interesa dutenek web orri honen bitartez izena emateko aukera izanen dute. O.F.Z.




http://www.noticiasdenavarra.com/ediciones/2008/08/02/deportes/otros/d02otr50.1325521.php


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©