Kultura / Bizkaia - 2009/05/29
Argazkia 1 / 1
`Batetik, etekinak ateratzea, gure azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko, gaur egun Hezkuntza Sailak hainbat gauza eskatzen dituelako, eraikina egin zenean behar ez zirenak. Eta, bestetik, Galdakaon euskararen erabilera suspertzea eta areagotzea´. Bi helburu nagusi horiek ezarri dituzte aurtengo Ibilaldiari begira, Maria Jose Arriandiagak, Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako lehendakariak adierazi duenez.
Domeka honetan izango da Bizkaiko ikastolen jai nagusia, Gerizpetik eguzki begire lelopean, Galdakaon. 31. aldia dagoeneko, eta parte hartzeko deia zabaldu dute antolatzaileek. `Eta ez bakarrik euskaldunak, baizik eta euskararen alde dauden guztiak ere animatu bertara joatera´, Juan Karlos Gomez Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lehendakariak esan duen bezala.
Urtero legez, omenaldi bat egingo dute goizean, `sentimenduz betetako ekitaldi bat, gizarteko hainbat esparrutan euskararen alde eta euskal kulturaren zabalkuntzan lanean ibili den jendeari gorazarre egiteko´. Aurten, sukaldaritza arloko pertsonak eta elkarteak omendu gura dituzte, Gomezek jakinarazi duenez.
Gandazegi kultur aretoan omenduko dituzte sukaldariak, 11:30ean, eta han izango dira, besteak beste, Eneko Altxaga, Josemi Olazabalaga, Sani Arana, Xabier Kintana, Martin Berasategi, Alizia Ballesteros, Mikel Garaizabal, Aitor Elizegi, Jose Angel Iturbe.
Jende asko aritu da Ibilaldia'09 antolatzen, Arriandiagak gogorarazi duenez. `Denbora asko daramagu, eta lan handia egin da. Bazkide, irakasle, herritar eta ikasle asko, eta Udala ere izan dugu gurekin´. Hori guztia koordinatzen Itziar Mańas aritu da, eta ibilbidearen nondik norakoak azaldu ditu: `Zirkuituak 6,5 kilometro izango ditu, herriaren zatitxo bat hartu eta gero mendirantz egingo dugu´.
Garraio publikoa erabiltzeko deia egin du Mańasek. Adibidez, zerbitzu bereziak egongo dira Bilbotik joateko: metroz, Boluetaraino, eta handik, Euskotrenekin Zugutzuraino. Autoz joan gura dutenek, herriaren kanpoaldean egokitu dituzten bi aparkatzeko gune baliatu beharko dituzte, eta han hartu autobus bereziak.
`Merezi du etortzea, eguraldi ederra egingo du, eta ondo pasatuko du datorrenak´, koordinatzaileak adierazi du. `Gainera, Galdakao beti ikusten dugu errepide nazionaletik, eta ez dugu inoiz ikusten barrutik. [Domekan] Aitzakia dago herria ezagutzeko eta paisaia ikusteko´.
Iturria: Berria
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |
