Euskara - 2011/12/03
Argazkia 1 / 1
Euskal Herriko bazter guztietara hedatzen ari da egunota abenduaren 3aren inguruko mugimendua. Hainbat erakundek eta elkartek bat egingo dute Euskararen Egunarekin eta askotariko ekimenak antolatu dituzte. Hemen horietako batzuk jaso ditugu.
Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta hiriburuak
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan aurkeztu zuen Euskararen Nazioarteko Egunerako Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek eta EAEko hiru hiriburuetako udalen ospakizun bateratuaren egitaraua.
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, 1949. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan eta euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko jaio zen. Aldarrikapen hori kolore ezberdinetako eragile guztiek batera egitearen garrantzia nabarmendu zuen Lurdes Auzmendik: "Behin eta berriz esan dugu, ahalik eta adostasun sozial eta politikorik handiena daukan hizkuntza politika garatu nahi dugula gure gizartean dauden eragile sozio-politiko desberdinekin negoziatuz eta haien partaidetza integratuz".
Berarentzat abenduaren 3a ez ezik, egun guztiak direla euskararenak aldarrikatu zuen sailburuordeak: "Euskararen nazioartekotasunaren nahiz hizkuntzaren beraren defentsa egiteko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat egitasmo antolatzen lagundu die hainbat entitate edo elkarteri".
Euskararen Eguneko egitarauari dagokionez, Donostian Euskara iruditan izena duen sareko argazki mosaiko erraldoia eratuko dute. Bertan, mota guztietako adierazleak bildu daitezke, adibidez: euskaraz dagoen udal agerkari zahar baten argazkia, lehen ikastola eta gau eskola baten argazkia, egungo txosten baten argazkia, errotulu batena... Horrez gain, azaroaren 30tik abenduaren 3ra jada ezaguna den Mintzodromoa antolatu dute, Bulevarrean jarritako karpan.
Gasteizen, berriz, abenduaren 2an Xabier Leteren omenezko kontzertua izango dute eta larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, GazteHitz! kontzertu erraldoian besteak beste honako musika taldeek hartuko dute parte: Lain, Kerobia, EH-Sukarra, Txapelpunk eta Gatibu. Bilbon, azken urteetan bezala, Banden Lehia egingo dute, euskarazko musika talde ezberdinen artean.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, euskararen aldeko pilota jaialdia antolatu du abenduaren 2rako Donostiako Atano III. pilotalekuan. 22:15ean hasita jokatuko den jaialdian, Xala eta Laskurain, Bengoetxea VI.aren eta Barriolaren aurka ariko dira partida nagusian, eta bertaratzen diren guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Helburua, ahalik eta euskaltzale gehien bertan egotea da, euskarari arnasa eta bultzada eman diezaioten, eta jada 1.500 sarrera banatu ditu Jaurlaritzak.
Eusko Ikaskuntza
Euskararen Nazioarteko Egunaren ekimena abian jarri zuen erakundeak modu berezian ospatuko du, nola ez, 2011ko edizioa ere.
Batetik, aurten, Euskal Herriko historia era batean edo bestean markatu duten emakume guztiei omenaldia egin nahi die Eusko Ikaskuntzak. Guztira, gure historiaren garai ezberdinetako eta diziplina eta jarduera eremu anitzeko 44 emakume aukeratu dituzte. Emakume horiek dira Kukuxumusuk egun berezi horri begira diseinatutako kamisetaren ardatz nagusia. Parte-hartzea sustatu nahian, lehiaketa bat abian jarri dute: Eusko Ikaskuntzaren webgunean sartuz (www.eusko-ikaskuntza.org/ene) kamisetan azaltzen diren 4 emakumeren inguruan galdera errazak planteatu dituzte. Abenduaren 2a baino lehen zuzen erantzuten dutenen artean, elastikoak zozkatuko dituzte.
Bestalde, seigarren urtez jarraian, ENE Sariaren edizio berri bat abian jarria du Eusko Ikaskuntzak. Euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundeari egiten zaio errekonozimendua sari horrekin. Saria aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzioa dira. 2011ko azaroaren 25ean amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea. Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, jakinaraziko dute epaimahaiaren erabakia.
Iturria: erabili.com
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
