2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Hauteskundeak Iparraldean: olatu abertzalearen bila

Politika / Iparraldea - 2011/03/18

Argazkia 1 / 1

Igandean, kantonamenduen erdiak berrituko dira, Kontseilu Orokorrerako hauteskundeetan.

2008ko emaitzen arabera, eskuin eta ezker aldeko alderdiek ordezkari kopuru bera lortu zituzten.

Ipar Euskal Herria hauteskunde giroan da. Izan ere, martxoaren 20an, kantonamenduko hauteskundeen lehen itzulia jokatuko da eta martxoaren 27an bigarrena. Pirinio Atlantikoetako departamenduaren Kontseilu Orokorra berrituko da, hiru urtero egiten den gisan. Hurrengo igandeko hauteskundeetan kantonamenduen erdiak berrituko dira, beste erdiak 2008an berritu baitziren.

Ipar Euskal Herria 21 kantonamendutan zatitua dago eta kantonamendu bakoitzeko herritarrek kontseilari nagusi bat hautatzen dute sei urtean behin. Kontseilariek Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Orokorra osatzen dute Pauen. Kontseilu hau 52 kidek osatzen dute: Ipar Euskal Herriko 21ek eta Biarnoa eskualdeko beste 31 kontseilarik.

Igandean lehia gogorra izango da eskuinaren eta ezkerreren artean, duela hiru urteko emaitzen ondorioz, berdinketa izan baitzen eskuinaren eta ezkerraren artean, eta kontseilari zaharrenak erabaki baitzuen eskuinekoa izango zela kontseiluko presidentea: Jean Castaings, UMPko euskalerritarra. Paueko kontseiluan aulki bat lortu zuen abertzale bakarrak, Alain Iriartek, eskuinaren alde egitea erabaki zuen inbestidura saioan. Horrek ahalbideratu zuen berdinketa, eta, beraz, Castaingsen hautaketa. Igandean ikusiko da beraz eskuinaren eta ezkerraren arteko parekotasuna nola hausten den.

Martxoaren 20ko bozek osagai historiko bat ere izango dute, izan ere, azkenengo aldiz hautatuko dira kontseilari nagusiak Frantzian. Pasaden abenduaren 17an Parisen onartu zen lurralde erreformaren ondorioz, Frantziako banaketa administratiboa aldatuko da. 2014tik aurrera kontseilari nagusiak desagertuko dira eta lurralde kontseilariak agertuko dira. Kantonamenduen mapa aldatuko du erreforma honek, biztanle gutxien dituzten kantonamenduak desagertaraziz edo batzuk besteekin elkartuz. Pirinio Atlantikoetako departamenduak 52 kontseilari nagusi baditu gaur egun, 45 lurralde kontseilarira murriztuko du ordezkapena 2014tik aurrera. Departamentuaren eskumenak ere ahulduko dira eta Pauetik Bordelera (Akitaniako eskualdera) pasako dira konpetentzi batzuk.

Ipar Euskal Herriko 21 kantonamenduetatik 10 kantonamendu berrituko dira igandeko hauteskundeetan: Zuberoako Atharratze; Nafarroa Behereko Garazi, Iholdi eta Bastidakoa; eta Lapurdin, sei kantonamendutan izango dira bozak: Hazparne, Biarritze mendebala, Angelu Iparra, Baiona ekialdea, Baiona mendebaldea eta Baiona iparra.

Sarkozyren UMP eskuindarrak eta Bayrouren Force 64 alderdi politiko zentristak elkarrekin hitzarmena sinatua dute, ezkerrari aurre egiteko Pirinio Atlantikoetako departamentuan. Hauteskundeen lehen itzulian bakoitza bere aldetik joango bada ere, bigarren itzulian hautagai bakar bat sustengatzea erabaki dute bi alderdiek: lehen itzulian boz gehien lortzen dituena, hain zuzen ere. Ezkerrean ere aliantzak badira, nahiz eta ez diren publikoki agertarazi. Alderdi sozialistak lehen aldiz lortu nahi du boterea Pirinio Atlantikoetako departamentuan, baina horretarako beharrezkoak izango ditu berdeen eta Ezkerreko Frontean bilduak diren komunisten bozak, bigarren itzulian.

HAUTAGAI ABERTZALEAK Ezkerreko abertzaleak Euskal Herria Bai koalizioan bilduak dira. Abertzaleen Batasuna (AB), Batasuna eta Eusko Alkartasuna (EA) elkarrekin aurkeztuko dira. Euskal Herriaren "ezagutza eta aitortza instituzionalaren" eskakizunean sakontzea eskatzen dute, eta Ipar Euskal Herrian "duintasunez" bizitzeko behar diren zerbitzuak lortzeko ahalegina egingo dutela aipatzen dute euren programan.

Abertzaleek duten pisu politiko ahularen ispilu da kontseilari nagusi bakar bat dutela Paueko Kontseilu Orokorrean: Alain Iriart, Hiriburuko kantonamenduko kontseilaria. Iriart gainera independiente gisara aurkeztu zen, ez EH Bairen pean, nahiz eta Abertzaleen Batasuneko kide izan. Abertzaleek 2001ean lortu zuten lehen kontseilari nagusia: ABko Jean Mixel Galant, Baigorriko kontseilaria. Sei urte berandugo ez zuen bere kontseilari postua berritu ahal izan. Martxoaren 20 eta 27ko hauteskundeetan, Nafarroa Beherean dute aukera gehien ezkerreko abertzaleek. Iholdiko kantonamenduan sozialisten eta Europe Ecologie-Berdeen sustengua baitu Daniel Olzomendi Izurako alkateak.

EAJk, bere aldetik, hamar kantonamenduetatik bostetan aurkeztuko ditu hautagaiak. Gizarte abertzale eta "humanista" sustengatzeko asmoarekin aurkezten da, bozkazale zentristak ere biltzeko asmoarekin. Euskal lurralde elkargo berezi bat sortu behar dela Ipar Euskal Herrirako eskatu dute kanpainan. Biarritzen, Baiona ipar eta ekialdean, Iholdin eta Garazin aurkeztuko ditu hautagaiak EAJk oraingoan. Beste kantonamendu batzuetan, Hazparnen, Bastidan edo Atharratzen, Force 64eko hautagai zentristak sustengatuko ditu alderdi jeltzaleak.

Biarritzen eta Angelun ezkerreko eta eskuineko abertzaleak elkarrekin aurkeztuko dira zerrenda bateratuan. Angelun adibidez, ABko Iņaki Zaldunbide izango da zerrendaburua, eta ordezkoa EAJko Txaro Goikolea.



Iturria: http://www.noticiasdenavarra.com/2011/03/17/politica/navarra/hauteskundeak-iparraldean-olatu-abertzalearen-bila


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©