Kultura / Euskal Herria - 2008/06/24
Argazkia 1 / 1
IVAPek 25. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu ditu, eta, besteak beste, hiru jardunaldi antolatu ditu BERRIKUNTZA oinarri hartuta. Hiru arlo aukeratu ditugu lanerako: giza baliabideen kudeaketa, Herri Administrazioak eta euskara. Aipatutako hiru jardunaldi horiek Vitoria-Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dira, hurrenez hurren. Jardunaldietan itzal handiko pertsonak izango dira hizlari: Juanjo Mena, Koldo Saratxaga, Andu Lertxundi, Patxi Baztarrika edo Daniel Innerarity.
Urteotan prestakuntza-lan handia egin du IVAPek eta Euskadiko funtzio publikoko ia langile guztiengana iritsi da zeregin horretan; erreferentzia-puntu eta eredu bilakatu da arlo horretan; lan bikaina eta funtsezkoa egin du, euskal gizarteak administrazio modernoa izan dezan; alegia, administrazio eraginkorra, modernoa eta elebiduna.
IVAP eredu eta erreferentzia-gune da gaur egun gainerako herri-administrazioentzat, bai Euskadin bertan, bai kanpoan ere, arlo asko aintzat hartuta: langileen hautaketa eta prestakuntza, itzulpengintza eta hizkuntza-normalizazioa, aholkularitza (hizkuntzaz, legeez eta antolaketaz), eta antolakuntzari eta kudeaketari buruzko ikerkuntza.
Horren erakusgarri, honatx zenbait datu: IVAPek prestakuntza-ikastaroak eman dizkie 50.000 laguni; langileak hautatzeko 2.000 hautaketa-prozesutan baino gehiagotan hartu du parte; 3.300 ikastaro, jardunaldi eta mintegi antolatu ditu; 26 milioi hitz baino gehiago itzuli ditu; 23.000 pertsonatik gora izan ditu euskara-ikastaroetan; 40.000 egiaztagiritik gora eman ditu hizkuntza-eskakizunetan; 13.500 harpide ditu Administrazioa Euskaraz aldizkaria jasotzeko eta 400 Herri Arduralaritzako Euskal Aldizkaria jasotzeko (biak ere IVAPek sustatutakoak); 400 liburutik gora editatu eta argitaratu ditu; eta bere web orrian 700.000 bisita izaten ditu urtean.
IVAPek lan handia egin du Administrazioan euskararen erabilera normaltzen. Ahalegin handia egin du benetan arlo horretan. Ildo horretan, gogoratu behar da Itzultzaile, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak (IZO) eta Euskalduntze Zerbitzuak lanean jardun dutela eta lanean dihardutela kalitate handiko itzulpenak eta interprete-lanak egiten, hizkuntza-gaitasuna lortzeko eta administrazio-hizkera lantzeko ikastaroak antolatzen, eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen.
Urteotan IVAPek Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzu indartsua ere osatu du, eta, gaur egun, beste argitalpen askoren artean, 23.000 monografia eta espezializatutako 250 aldizkari-bilduma baino gehiago ditu. Zerbitzu baliotsu hori hor dago erabilgarri, bai herri-administrazioetako langileentzat, baita, hala nahi izanez gero, irakasle eta ikertzaileentzat ere.
Etorkizuna bertan
Apustua: ematen dugun zerbitzua kalitatez bikaina izatea.
Berrikuntzaren arloan etenik gabe aurrera egitea, beste herri-administrazio batzuekin lankidetza sendotzeko, XXI. mendeko euskal gizarteari zerbitzurik onena eman diezaiogun.
Garaian garaiko beharren arabera jakintzak eta ezagutzak bereganatzea, gaitasuna eta trebakuntza helburu hartuta -halaxe baitago adierazita hasieratik, erakundea sortu zenetik-.
Hori dena, euskal gizarteak dagokion administrazioa izan dezan; alegia, administrazio eraginkorra, modernoa eta elebiduna. Gainera
IVAP etengabean arduratuko da ikerkuntza sustatzen, eta jakintza zabaltzen. Horren erakusgarri dira Leizaola Saria, ikerketak eta doktore-tesiak bultzatzeko bekak. Horiek aurrera atera ahal izateko, erakunde honek lan handia egiten du isilean.
Kalitatearen kultura sustatu du IVAPek, erakundea EFQM ereduaren jarraibideen arabera kudeatzen baita, eta beste erakunde publiko batzuekin lankidetzan diharduko arlo hori zabaltzen eta jakinarazten.
http://www.ivap.euskadi.ne
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | ||||
| 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 |
| 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 |
| 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 |
| 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |