2012/02/10


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Hogei urtez uhinetan

Komunikabidea / Nafarroa - 2008/11/13

Argazkia 1 / 2

Euskalerria irratiak orain 20 urte egin (azaroak 7) zuen bere lehen emisioa, eta urteurrena ospatzeko saio `ikusgarria´ eskaini zuen Barañaingo auditoriumean.


Saio ikusgarria prestatu zuten Euskalerria irratikoek Barañaingo auditoriumean. Bazuten zer ospatua. Hogei urte bete ziren lehen emisioa egin zutenetik, eta lagunekin bilduta egin nahi izan zuten festa. Kableak, mikrofonoak eta bestelako gai guztiak hartu eta jende aurrean egin zuten, horregatik, urtebetetze saioa; bat baino gehiago ahotsa baino erakustera ohituta ez dagoenaren lotsa apurrarekin.

`Hogei urte daramatza Euskalerria irratiak uhinetan, entxuferik gabe, lizentziarik gabe, hamaika pistako zirku foralean, baina azpian sare ziurra duela; entzuleak, kolaboratzaileak, iragarleak eta, noski, baita entzuleak ere´. Esker oneko hitz horiekin hasi zuten saioa Txari Eleta eta Oihane Arangoa irratiko esatari eta saioaren aurkezleek, eta sare horretako kideen laguntza izan zuten ospakizuna atontzeko ere.


Ez nolanahiko laguntza, gainera; A-lai-kapela korala, Fermin Muguruza, Hesian eta The Cheese and Road Ensemble musikariak, eta irratiko programazioa osatzen duten hamaika kolaboratzaile, Hedoi Etxarte poeta, Egoi Martinez txirrindularia eta Oier Sanjurjo futbol jokalaria, besteak beste. Urte horietan irratiaren inguruan bildutako lagunak denak ere. Denak irratia zoriontzeko asmoz.


`Urteak betetzea oso gauza erraza da´, esan zuen Mikel Bujanda irratiko zuzendariak, saioko une batean: `Zain egon eta denbora pasatzen uztea, hori baino ez da egin behar. Beste gauza bat da asmoak betetzea. Eta hortik beste pauso bat emanda, ametsak betetzea. Eta nola dago gure ametsen zakua? Erdi beteta edo erdi hutsa?´. Ez zion galderari erantzunik eman, baina jende artean zeuden 20 urte baino gutxiagoko neska-mutilak igo zituen oholtzara, egindako bidea `ongi edo gaizki, eta estropezuka´ izan arren, eginda dagoela esanez, eta etorkizuna gazte haiek egingo zutela adieraziz.

Ez zen jendea oholtzara igo zuten aldi bakarra izan. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz Mihiluze telebista saioko aurkezleek ere hainbat pertsona hartu zituzten jende artetik, saioan zehar gertatukoei buruzko galderekin egin zuten lehiaketan parte har zezaten.

Giro ona eta lagunartea izan ziren nagusi, bai oholtza gainean, eta baita jende artean ere, aldarrikapenari ere tartea eginez. Behin baino gehiagotan gogorarazi zuten irratiaren lagunek, jaso ez arren, lizentzia irabazia zuela, eta jasoa behar lukeela jadanik. Irratiko kide egiteko deia ere egin zuten behin baino gehiagotan, eta euskaraz aritzen diren irrati txikien egoera salatu zuten. Zorionak izan zen, halere, saioak iraun zuen bi ordu eta erdietan gehien entzun zen hitza, ospakizun eguna baitzen atzokoa.


Fermin Muguruzaren musikarekin jo zuen goia festak, Sarri, Sarri kantarekin auditorium guztia dantzan jarrita, eta irratiko langileak oholtzara igoarazita, jendearen txalo zaparrada jaso zezaten.




http://www.berria.info/paperekoa/plaza/2008-11-08/056/005/Hogei_urtez_uhinetan._Euskalerria_irratiak_atzo_duela_20_urte_egin_zuen_bere_lehen_emisioa_eta_urteurrena_ospatzeko_saio_ÇikusgarriaÈ_eskaini_zuen_Bara–aingo_auditoriumean..htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©