2008/08/28

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Malkoek bustita ireki dute Memoriaren Parkea

Euskal Herria - 2008/05/12

Argazkia 1 / 9

Milaka lagun bildu ziren Sartagudan, frankismoak hildakoak gogoratzeko parkearen inaugurazioan.

Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkari anitz bildu ziren Sartagudan. Udalbidekoak barne, Jose Luis Mendoza Zuzendariaren eskutik.

Emozioa, tristura, alaitasuna. Zirrara. Hamaika sentimenduk egin zuten bat Sartagudan maiatzaren 10ean, Memoriaren Parkearen inaugurazioan. Historia ofizialetik kanpo dauden horiek oroitzeko tokia da parkea. Loreak eramateko tokia. Bertan, «memoria historiko humanitarioa» aldarrikatu zuten, giza eskubideetatik hasi baitzuten parkea egiteko bidea egitasmoaren elkarte antolatzaile biek 2002an: alegia, Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Elkarteak eta Alargunen Herriaren Elkarteak.


Milaka lagun hurbildu zen parkera. Ikusmin handien sortu zuena, dena den, frankismoak fusilatu eta hil zituen 3.420 lagunen izenak erakusten dituen zazpi metroko horma izan zen. Batzuek argazkiak atera zituzten senideen izenaren ondoan, besteek, loreak jarri. Denei bildu zitzaien bihotza. Joxe Ulibarrenaren (Gurutzada Santuan tiroz hildakoak) eta Nestor Basterretxearen (Fusilatzeko hilorma) eskulturak ere badaude, eta aurki Jose Ramon Andaren artelan bat paratuko dute. Gainera, Bernardo Atxagaren, Pablo Antońanaren, Jokin Muńozen, Castillo Suarezen, Jose Maria Jimeno Jurioren eta ekimenaren antolatzaileen testuak irakur daitezke parkean.


1936tik Sartaguda Alargunen Herria bezala ezagutzen bada ere, hemendik aurrera `oroimenaren hiriburu´ gisa ezagutarazi nahi dute. Nafarroako herririk zapalduena izan zen Sartaguda 1936an, 84 lagun tiroz hil zituzten-eta (populazioaren % 8). Hortaz, senideren bat edo lagunen bat galdu zutenek, lursailak ostu zizkietenek, irainduak izan ziren emakumeek jaso zuten atzo omenaldia, horien senide guztiez aparte. Era berean, Sesmak esan zuen parkeak balioko duela `halako sarraskirik errepika ez dadin gazteek borrokaren bidea jarrai dezaten´. Sartagudako alkate Juan Ramon Martinezek, bere aldetik, barkamena eskatu zien horman izena paratuta duten guztiei. `Barkatu hildakoei omenaldia 1936tik 72 urte igaro ostean egiteagatik´.


Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkari anitz bildu ziren Sartagudan. Udalbidekoak barne, Jose Luis Mendoza Zuzendariaren eskutik. Nafarroako Gobernuko eta UPNko ordezkaririk, baina, ez zen azaldu.


Bildutako milaka lagun horien artean asko ziren Nafarroan 1936ko gerran eta frankismoan fusilatu, desagertu edo zigortutakoen senideak.



Albiste honetarako informazioaren bilketa: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data=2008-05-11&orria=002&kont=001

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©