2013/05/18


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina hil da

Kultura / Euskal Herria - 2011/04/30

Argazkia 1 / 1

80 urte zituen. Euskararen akademiako bibliotekaria izan zen urte askoan. Hizkuntzalaritzan ez ezik, musikaren arloan ere lan handia egin zuen, besteak beste, euskal musikografiaren oinarriak jartzen. Historia eta folklorea ere ikergai izan zituen. Frankismo garaian espetxean izan zen behin baino gehiagotan. Arana Martijak euskararekin eta euskal kulturarekin izandako konpromisoa azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emeritua hil da bart, 80 urte zituela. Gernika-Lumon (Bizkaia) jaio zen Arana Martija 1931ko martxoaren 10ean, eta erbestea ezagutu zuen oso gaztetan, Espainiako Gerra garaian. Humanitateak eta Musika ikasi zituen Gasteizko apaizgaitegian, eta ondoren, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen. Bizimoduan aurrera egiteko hainbat enpresatan lan egin zuen, baina euskara, euskal kultura eta musika izan zituen egiazko bokazio, eta arlo horien sustatze eta ikerketan nabarmendu zen.

Hizkuntzalaritza, historia eta folklorea izan zituen ikergai, eta bereziki, musika. Arana Martijaren obra ezagunenetakoa da 1976an argitaratutako Musica Vasca (Euskal Musika), hain justu, Euskal Herriko musikaren historiari buruzko bilduma osatu eta dokumentatu urrietakoa. Halaber, musika arloko pedagogiaz ere idatzi zuen. Gernikako Andra Mari abesbatza ezagunaren sortzailea izan zen.

1978an Euskaltzaindiko bibliotekario izendatu zuten, eta euskararen akademiaren liburutegiaz arduratu zen urte askoan. 1988an euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaltzain emeritua zen 2006tik.

Eusko Ikaskuntzako kide ere bazen -musika ataleko presidente aritu zen sasoi batean-, eta baita Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa ere.

Arana Martijaren engaiamendua ez zen kultur arlora mugatu, eta politikan ere ibili zen: zinegotzi izan zen Gernikan eta batzarkide Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurretik, frankismoan, behin baino gehiagotan eduki zuten espetxean.

Iazko abenduan Manuel Lekuona saria eman zion Eusko Ikaskuntzak, hain zuzen ere, euskal kulturaren arloan egindako lan handi hori goresteko.

Andres Urrutia euskaltzainburua hunkituta agertu da Arana Martijaren heriotzarekin, eta hark euskararenganako eta euskal kulturarenganako erakutsitako konpromisoa nabarmendu du beste ezaugarri guztien gainetik. Musika arloan egtin zuen lana ere konpromiso horren barruan ulertu behar dela esan du Urrutiak Euskadi Irratian.



Iturria: http://berria.info/albisteak/50063/jose_antonio_arana_martija_euskaltzaina_hil_da_bart.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©