2012/02/10


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Karrika liluratu du etxaldeak

Ekonomia / Iparraldea - 2009/11/04

Argazkia 1 / 1

Lurramak duen erakargarritasuna azaltzeko, antzuak, labur gelditzen dira zenbakiak. Arrakastarik nabarmenena haur eta gaztetxoen begiradetan ikusten da. Etxaldeak Baionatik hurbil egon arren, hiriko bizimoldeak arrotz bihurtu ditu behi baten marruma edo oilar baten kukurrukua. Alta, begi bistakoa da haur batengan sor dezakeen lilura. Urtero legez aurten ere, Lurramak hiriko karrika hotzetara eraman du etxaldeko bizia. Eta bizi horrek ezaugarririk baldin badu, aberastasunik baldin badu, aniztasuna da.

Lurramak ostiralean ireki zituen ateak. Aurten 70 etxalde dira mozkinak salgai ezarri dituztenak, kontatu gabe kabalen erakusketan parte hartzen dutenak. Jendearen partetik, erantzuna ez da apalagoa izan. Ostiralean berean, sei mila lagunek baino gehiagok bisitatu zuten Lurrama, abantzu erdia haurrak zirelarik. Aisialdi egiturek beso zabalik hartu dute ekimena, eta talde bisita ugari egin zituzten. `Lurramak tokia hartu du hiritarren egutegian, urteroko bilgune bihurtu dute´, dio Maryse Cachenaut Lurramako presidenteak.

Larunbatak bisita lasaitasun osoz egiteko parada eskaintzen zien familiei, eta eguerdirako mundu bat zebilen ikuskizun batetik bertzera. Zirkuko balentriek haurren harridura eragiten badute, etxaldeko animaliek ez dute gutxiago lortzen. Haiek izan ziren haurren interesa bereganatu zutenak, ez modako ibiltokietako izarrak. Hesi batetik bertzera pasatzen zituzten animaliak, eta jabeak, azalpen xumeak ematen zituen.

Panpi Sainte-Marie Landibarreko laborariak euskal arrazakoa deritzon txerria aurkeztu zuen. Txerrama, eta zortzi kume. `Hamar sortu ziren, baina bi hil ziren, amak nahi gabe zapalduta´. Hiru asteko txerritxoak ikusirik, etengabeak ziren haurren galderak. Lau urte ditu txerriak, zahartzen hasia dago. Sainte Marieren azalpenek etxaldeko zikloen bertze errealitate bat erakutsi zien hiriko haurrei. Jakin zuten hiru hilabetez egonen zirela etxeko kortan, eta ondoren urte osoa kanpoan.

Mugerreko Oltzomendi familia kabalen erakusketatik, asto eta zaldi txikien gunera zihoan. Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbera sostengatzera zetorrela adierazi zuen Pierre Michel aitak. Haurrek, aldiz, bertan ikusitako animaliak zituzten gogoan. Ardi bilo kizkur bitxi bat ikusi dugu. Eta amari galdetu zioten astoaren uhalak atxikitzen utziko ote zien.

Laborantza iraunkorraren eredua sustatzen du Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganberak, eta ardura hori nabarmen ikus daiteke Lurraman. Eguzki indarra baliatzeko aholku eta teknikak, plastikoaren birziklatzea egoki egiteko aholkuak, hazien hautaketa edo uraren zikloa ziren, bertzeak bertze, eskura zeuden informazioak. Familiak gogotsu zihoazen informazio gune batetik bertzera.



Sabelaren agindua

Etxaldeko mozkinak osagai nagusi bihurtzen dira, bereziki otorduen legeak gosearen ziztada sentitzen duelarik. Atzo eguerdian pintxo lehiaketa izan zen. Epaimahaiak seriotasun aurpegiz ekin zion lanari. Anitzez askatasun handiagoz eta oniritziak ozen adieraziz jan zituzten ostatuetan bildutakoek.

Etxaldearen eginkizuna da tokiko mozkinak etxeetako mahaietara helaraztea. Eta Lurramak kalitateko mozkinez egindako otordu oparoak apailatu ditu. Gaur Ipar Euskal Herriko sukaldari ospetsuenek egindako janaria dastatzeko parada egonen da. 700 lagunentzat bertzerik ez. Ez dira gehiago sartzen gela honetan, zehaztu dute antolatzaileek. Atzoko bazkariak 500 pertsona bildu zituen.





Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2009-11-01/046/003/Karrika_liluratu_du_etxaldeak.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©