2008/12/05

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

EKEren 'Batekmila-Euskal munduak' erakusketak Unescoren labela jaso du

Diaspora - 2008/07/18

Argazkia 1 / 2

2008, hizkuntzen nazioarteko urtea labela eman dio Unescok Batekmila-Euskal munduak erakusketari. EKE Euskal Kultur Erakundeak `Nola gara euskaldun gaur egun?´, galderari erantzuteko xedearekin muntatu zuen lan hori, 2007ko ekainean. Hots, Euskal Herriaz eta euskaldunez gauza gutxi dakitenei begira gauzatua da bereziki. Bertsolaritza, kantagintza, literatura, kirola aurkeztuak dira... Bai eta euskal diaspora. Euskal kulturako eguneroko aktore xume eta artista ezagunen ikuspegiarekin. Horretarako, multimedia tresna franko baliatuak dira, eta lau hizkuntzatan antolatu dute multimedia erakusketa, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.

Kultura gutxitu bat publiko zabalari hedatzeagatik baloratu dute Euskal Kultur Erakundearen lana.

EKEk sortu lana `kulturen arteko elkarrizketa eta itzulpena´ bermatzeagatik, eta `kultura gutxitu bat publiko zabalari´ hedatzeagatik laudatu du Unescok, bere labela eman izana arrazoitzean, munduan gaindi helburu bertsuekin garatu beste proiektuekin batera. Joan den maiatzean, 2008a Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izanen zela adierazi zuten Nazio Batuek, eta `arriskuan dauden hizkuntzak babestu behar´ direla nabarmendu. Ondorioz, 2008, hizkuntzen nazioarteko urtea labela sortu zuen Unescok, hizkuntzak eta kulturak babesten eta ezagutarazten zituzten proiektuei bere ezagupena emateko.

Batekmila-ren argudio ezberdinak azaldu ditu Unescok, agiri ofizial batean: `Milaka urteko hizkuntza eta kultura baten bizitza eta praktikak galdezkatzera eta deskubritzera gonbidatzen du erakusketak. Teknologia berriekin osaturik, euskal munduaren ikuspegi zabala eskaintzen du. Hizkuntzen arteko elkarrizketa baliatuz, mundu zabalean hedatuak diren euskal munduak azaltzen ditu: Euskal Herria eta diaspora. Leiho bat hainbat nortasuni zabaldua, kultura eta hizkuntza ondare batek lotzen dituen nortasunak´.

Baionatik abiaturik, Donostian, Bilbon eta Gasteizen pausatu da Batekmila erakusketa ibilaldia. Une honetan, Kanboko (Lapurdi) ezker paretan jarri dute, agorrilaren 15a arte. Ondotik, Hendaiara (Lapurdi) eramanen dute. Urrian, hiru astez Bordelen (Frantzia) egonen da; Euskal Herritik kanpo lehen aldikoz. `Batekmila atzerrian eskaintzea da gure helburu nagusia´, adierazi du Pantxoa Etxegoinek, EKEko zuzendariak.

Datorren urterako, zenbait proiektu dituzte erakusketarekin: `Parisko, Madrilgo eta Bartzelonako erakundeekin ikusten ari gara, Batekmila hiri handi horietan antolatzeko´, jakinarazi du Etxegoinek, eta erakusketaren pisuarekin mugitzea ez dela baitezpada erraza azpimarratu du. Bestalde, Interneten zabaltzeko asmoa ere badute. `Multimedia tresnekin antolatua denez, erakusketak interes handia izanen du Interneten zabaltzen baldin badugu. Orain arte duguna baino webgune handiago batean pentsatzen ari gara horretarako´.
Unescoren labela Batekmila munduan zabaltzeko baliatu nahi du EKEk. `Ez dugu diru laguntzarik jasoko label horrekin. Aitortza da. Unescoren webgunean izanen garela erran nahi du, eta horrek gauza anitz erraztu beharko lituzke munduan hedatzeko´.




Iturria: berria.info

www.batekmila.com


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©