2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Berritasunak, gaztelu zaharrean

Kultura / Nafarroa - 2009/08/15

Argazkia 1 / 5

Laugarren urtea dute aurten Aranzadi elkartekoek Amaiurko gazteluan lanean (Nafarroa). Ostiralera arte izango dira han indusketetan. Iaz gazteluaren harresia eta dorre biribilak aurkitu zituzten, eta barnealdeko gelak industen aritu dira aurten. Gazteluko eguneroko bizimoduarekin loturiko hainbat aurkikuntza egin dituzte haietan: jaki hondarrak, jateko zatitzeko burdinazko tresnak, baita gaztelu batean ohikoak diren ezpata zatiak ere.

Aurreko astean Amaiurko herritarrek auzolanean eginiko aurkikuntza baten berri ere eman dute Aranzadikoek. Amaiurko gazteluko azken gotorleku izandakoekin egin zuten topo herritarrek garbiketa lanetan zebiltzala. 1945 eta 1950. urteen artean, harresiaren mugen barrenean eraikitako bi bunker dira, hain zuzen ere, azken gotorleku horiek. II. Mundu Gerra amaitu eta Franco kiderik gabe gelditu zenean eraikirikoak. `Orain mila urte hasi, eta ikusten denez, gazteluaren historia ez da 1922an bukatzen. Pasadizo pila izan ditu ordutik hona, eta bunkerrena da azkenekoa´, azaldu du Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadiko kideak.

Orain arteko lanaren balorazioa `oso baikorra´ dela dio Agirre-Mauleonek. `Espero baino gehiago azaldu da, eta oso material argigarria aurkitu dugu´.

Zenbait ingurutan indusketek hautsak harrotu dituztela onartu du Agirre-Mauleonek. `Zenbaitek egungo arazoei konponbidea atzera begira bilatzen dutelako gertatzen da hori. Iragana ikerlarien eskuetan dago batez ere, ordea, eta ikerlariek egia bilatu behar dute´.

Eta Agirre-Mauleonen hitzetan, egia hori agertarazten dute gazteluaren hondarrek. `Hemen erresuma independente bat zegoen, eta kanpotik, Aragoiko erregeak etorri eta erresuma txiki hori konkistatu zuen. Horren erakusle da gaztelu hau. Eraso baten ondorio diren aztarnak aurkitu ditugu. Guk gauzak mahai gainean jarriko ditugu, eta ikerlariek gero egingo dute beren lana´.

Hasieran oroitarria baino ez zegoen, eta egun gaztelua agerrarazi dute. `Oso mitikoa zen gaztelu baten bila hasi ginen, liburu guztietan agertzen zen gaztelu baten bila. Oroitarria baino ez zegoen lehen. Eta ongi egin zuten hori, hala gorde baitzen gazteluaren oroimena. Zientziak ireki ditu ateak, horren azpian zer zegoen ikusi ahal izateko, eta gazteluaren fase ezberdinak bistaratu dira orain´.

Oroitarria edo indusketak, oroimena bizirik mantentzea da helburua. `XX. mende hasieran, arkeologia ez zegoen jakintza arlo gisa hedaturik, eta garai hartan oroimena berreskuratzeko obelisko bat eraikitzea erabaki zuten Arturo Campion eta beste hainbat historialarik. XXI. mende hasieran, ordea, oroimena berreskuratzeko baditugu beste bide batzuk ere. Egiarena da garrantzitsuenetako bat. Egiaren bila goaz, eta zientzia dugu lagun´. Horregatik, datorren urtean, eta hurrengoetan ere, lanean jarraitzeko asmoa dute. Oroitarria garbitzea ere proposatu dio Baztango udalari Agirre-Mauleonek.

Udazken aldera harresiaren oinarriak indartzeko asmoa dute, bestalde. Nafarroako Gobernuari aurkeztuko diote proiektua horretarako. `Barnealdeko gelak berriz estali, eta bertan belardi bat jartzeko asmoa dugu. Harresiak dauden tokian, berriz, harresiak ikusiko dira, eta jendea haien gainean ibiltzeko bidexka bat jarri nahi dugu, bertatik barnealdea nolakoa zen ikusteko´.

Amaiurko herritarrekin izandako harremana eta Udalbideren, Amaiurko Udalaren eta Baztango Udalaren laguntza eskertu ditu Agirre-Mauleonek. Harreman estua izan dute, izan ere, lanek iraun duten tartean. `Gu hona harrien bila etorri ginen, eta herri bat aurkitu dugu´.






Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2009-08-13/039/004/Berritasunak_gaztelu_zaharrean.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©