2012/02/13


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Hurbiltzen egitasmoa, Euskal Herriko udalen arteko senidetze akordioak bideratzeko

Hurbiltzen - 2003/05/10

HIRITARREN EUSKAL HERRIA EREIKI NAHI DUGU!

Hurbiltzen egitasmoa aurkeztu du gaur goizean, Euskal Herriko udalerrien arteko senidetze akordioak bideratzea du helburu. Egitasmo honek 150.000 euroko aurrekontua du. Ekitaldian Euskal Herri osoko 50 bat alkatek eta zinegotzik parte hartu dute. Halaber, udalerri hauekin hitzarmenak sinatu dira: Artea, Asteasu, Bakio, Beasain, Lekunberri, Deba, Ordizia, Lazkao, Getxo, Azkaine, Kanbo, Lesaka eta Oion.

Hitzarmen honen bidez, UDALBILTZAk udal bakoitzari lehengo gastuei aurre egiteko 2.000 euro eskaini die; baita, senidetze hauek garatu ditzaten aholkularitza teknikoa eta profesionala.

Ekitaldian, euskaraz, Jesús Mª AGIRREZABALAk, Debako alkatea eta UDALBILTZAko lehendakaria ordeak, hitza hartu du; gazteleraz, José Luis ETXEGARAIk, Lesakako alkatea eta UDALBILTZA Zuzendaritza Batzordeko kidea; eta frantsesez, Ramuntxo Camblongek, Angeluko zinegotzia eta UDALBILTZA Zuzendaritza Batzordeko kidea. Gainera, Getxoko alkateak, Iñaki Zarraoa, Euskal Herriko udalerri guztiei Hurbiltzen egitasmoan parte har dezaten adore eman die.




PARTE HARTZAILEEN ZERRENDA

1. Agurain: Iñaki BERAZA (Alkatea eta UDALBILTZAren Zuzendaritza kidea), Benito VALLEJOS (Zinegotzia)
2. Angelu: Ramuntxo CAMBLONG (Zinegotzia eta UDALBILTZAren Zuzendaritza kidea), Mikel ITHURBIDE (Zinegotzia), Monique LAMOTHE (Zinegotzia)
3. Artea: Javier BEITIA (Alkatea), Edurne YURREBASO (Zinegotzia),
Amaia ESPINOSA (Zinegotzia).
4. Asteasu: Iñaki AMENABAR (A), Antonio ARTEAGA (Zinegotzia),
Jerónimo OTEGI (Zinegotzia), Begoña ALBENIZ (Zinegotzia)
5. Ataun: Aitor AUZMENDI (Alkatea), Jesús GOIKOETXEA (Zinegotzia)
6. Azkaine: Jean-Louis LADUCHE (A), J. Pierre IBARBOURE (Zinegotzia) eta beste zortzi hautetsi
7. Bakio: Kepa URIARTE (Alkate ordea), Juan Mª ANITUA (Zinegotzia)
8. Beasain: Patxi PLAZAOLA (Alkate ordea)
9. Deba: Jesús Mª AGIRREZABALA (Alkatea eta UDALBILTZAren Lehendakariordea), Rosa AVILA (Zinegotzia)
10. Gasteiz: Manu ALLENDE (Zinegotzia eta UDALBILTZAren Zuzendaritza kidea)
11. Getxo: Iñaki ZARRAOA (Alkatea)
12. Heleta: Marie Andrée ARBELBIDE (Alkatea)
13. Ituren: José Mª GOROSTERRAZU (Alkatea)
14. Kanbo: Vincent BRU (Alkatea), Miguel ALAMAN (Zinegotzia), Guy PEREZ (Zinegotzia)
15. Lazkao: Felix URKOLA (Alkatea)
16. Lapuebla de Labarca: Jesús Fco. MURO (Alkatea), Mª Carmen NAJERA (Zinegotzia)
17. Lekunberri: Silvia OTERMIN (Alkate ordea), Gorka AZPIROZ (Zinegotzia)
18. Lesaka: José Luis ETXEGARAY (Alkatea eta UDALBILTZAren Zuzendaritza kidea)
19. Mungia: Kepa CARLOS (Alkate ordea), Javier MURUAGA (Zinegotzia)
20. Oñati: Angel BIAIN (Alkate ordea), José FERNANDEZ (Oñatiko Senidetze Batzordearen Lehendakaria)
21. Ordizia: Alejandra ITURRIOZ (Alkatea)
22. Sara: Jean ANIOTZBEHERE (Alkatea), Michael LIBIER (Zinegotzia), Jean POYET (Zinegtzia)
23. Tolosa: José Mª AGIRRE (Zinegotzia eta UDALBILTZAren Zuzendaritza kidea)
24. Urruña: Agnes IZAGIRRE (Zinegotzia)






Jesus Mari Agirrezabala, Debako alkatea eta Udalbiltzaren lehendakariordearen hitzaldia

HIRITARREN EUSKAL HERRIAREN ALDE


Euskal Herri osoko Alkate eta Zinegotzi agurgarriok, agur.

HURBILTZEN egitasmoa martxan jarri eta publikoki aurkezteko asmoz elkartu gara gaur hemen. UDALBILTZAk sortua, egitasmo honen helburu nagusia Euskal Herriko udalen arteko senidetze akordioak bultzatzea da, euskal hiritarren arteko harremanak indartu ahal izateko.

Denok dakizuen bezala, udalen arteko senidetze akordioak duela zenbait hamarkadatatik hona garatu den praktika ezagun bat dugu. Ziurrenera, zuetako askok, zuen udal askok, dagoeneko esperientzia luze eta aberasgarria duzue arlo honetan.

Senidetze akordioak garapen berezi oso garrantzitsua izan zuten joan den mendeko 90eko hamarkadan. Senidetze akordio hauei Europar Batasunak eman zien funtsezko bultzada, izan ere, gure Kontinentean esparru bateratu bat sortu eta eraikitzeko elementu eta tresna oso garrantzizkoak zirela argi ikusi baitzuen; Europa bateratu bat lortzeko, azken finean, baina aldi berean bere aniztasuna errespetatuz. Hiritarrek era askean ibili, merkataritzan aritu, bidaiatu, eta abar egin ahal izango duten esparru bat. Baina, eta bereziki, elkarren arteko harremanak sortu, elkar ezagutu eta oinarrizko balio batzuk garatu eta konpartitzeko moduko esparru bat, europar nortasun komuna xede izanik.

Zentzu honetan, aproposa iruditzen zait espiritu eta sentimendu hori oso ondo islatzen duten esaera hitz batzuk gogora ekartzea; Jean Monnet, Europaren gurasoetako baten hitzak hain zuzen ere. Europar Batasunarekin bilatzen zuen helburu nagusia zein zen galdetu ziotenean, irmo eta argitasun handiz hauxe erantzun zuen: `Guk ez ditugu estatuak elkarlotzen; guk gizon-emakumeak batzen ditugu´.

Euskal Herria aberatsa eta anitza da. Herrialde bakoitzak baditu bere ezaugarri propioak, baina ba dira mende luzetan zehar sorturiko ezaugarriak, guztiak batzen dituztenak. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Beherea eta Zuberoako euskaldunak herri bat gara eta gizarte batu bat osatzeko eskubidea daukagu.

Komunitate historiko bat garela frogatzeko elementu asko daude begi-bistan. Ez soilik geografikoki hurbil gaudelako; ez soilki Europako integrazio prozesuak eta berarekin etorri den mugen desagertzeak hurbiltzen gaituelako eta gure harreman ekonomiko, komertzial eta kulturalak naturalki areagotzen direlako; batez ere, demokrazia, bakea, askatasuna eta giza eskubideen errespetua balore bezala konpartitzen ditugulako eta noski, Herri modura egituratzen gaituzten funtsezko ezaugarri batzuk ditugulako, gure hizkuntza, euskara, esate baterako.

UDALBILTZAren helburu nagusietariko bat Euskal Herri geroz eta integratu eta sendoagoa sortzea da hiritarren, udalen eta bere herrialdeen artean harremanak areagotuz. Euskal Herriko hiritarren zerbitzurako gaude; pertsona bezala Euskal Herriko hiritarren garapen integralaren zerbitzurako. Hiritarren Euskal Herri bat nahi dugu, eta horretan lan egiten dugu.

Gaur aurkezten dugun HURBILTZEN egitasmoa hori lortzeko tresna bat da. Euskal Herriko udalerrien arteko senidetze akordioak bultzatzen dituen egitasmoa. Euskal udalerri eta hiritarrak harremanetan jartzea du helburu, elkar ezagutu eta maitatzeko, elkarrekin lan egiteko eta elkarren arteko balioak eta asmoak partekatzeko.

Beste era batera esanda, euskaldunak garelako geure arteko harremanak sendotu nahi ditugu, elkar ezagutza sakonduz eta balioak partekatuz. Izpiritu irekia eta parte-hartzailea bultzatuz. Europako integrazio prozesuarekin bat datorren ekimena dugu, mugak alde batera utziz eta elkartasun loturak eta elkarren arteko ezagutzan eta lanean oinarritzen baita.

Duela zenbait hilabetez geroztik lankidetza proiektu esperimental batzuk abian ipini dira. Proiektu horietan Euskal Herriko hogeiren bat udalerrik parte hartzen dute: Artea, Asteasu, Ataun, Azkaine, Azpeitia, Bakio, Beasain, Deba, Getxo, Heleta, Kanbo, Lazkao, Lekunberri, Lesaka, Muskiz, Oion, Ordizia eta Sara. Badaude beste udalerri batzuk HURBILTZEN egitasmoan parte hartu nahi dutenak, baina oraindik ez dira taldeka lanean hasi: Bertizarana, Ituren, Lapuebla de Labarca, Milafranga, Mungia, Sunbilla eta Urruña.

Hirunakako senidetzeak bultzatzen saiatzen ari gara: Iparraldeko bat, Nafarroako bat, eta Euskal Autonomi Erkidegoko beste bat. Akordioak udalek bultzatzen dituzte. Halaber, horiek izanen dira bitartekari lana eginen dutenak. Nolanahi ere, hiritarrak dira protagonista nagusiak, euren elkarte eta kultur edo kirol taldeen bitartez.

Gehien errepikatzen diren elkar-lan gaiak hauek dira: euskara, hezkuntza, gazteria, hirugarren adina, udal kudeaketa, kirola, turismoa, aisia, gastronomia, artisautza, musika, dantza, margolanak eta eskulangintza. Gai anitz daude eta bata edo bestea hautatu, parte hartzen duten udalerrien interes eta borondatearen baitan egonen da.
HURBILTZEN egitasmoaren bitartez finantziazio laguntzaz gain, aholkularitza profesionala eskaintzen diegu udal guztiei, senidetze programa hau garatzeko, bai metodologiari, bai informazioari, bai esperientzia desberdinen bateratze lanari dagokionez. Halaber, bertze diru iturriak lortzeko ere, laguntza eskaintzen da.



Adiskide eta lagunok,



Elkartasun eta batasun harremanak garatu nahi ditugu. Errespetuz eta askatasunez. Baina argi ikusita gure ekarpen hau munduan, Europan eta Euskal Herrian bakea, askatasuna eta elkarbizitza sustatzeko tresna dela.

Mila esker




Euskal Herrian, 2003ko maiatzaren 10ean


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©