2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Hiru hamarkada ospatzeko festa

Kultura / Araba - 2010/06/22

Argazkia 1 / 2

Hiru hamarkada joan dira, dagoeneko, lehendabiziko Araba Euskaraz antolatu zutenetik, eta hasierako gogo berberarekin hartu zuten igandean Agurainen. Aurten goiburua Gogo biziz zen, eta eguraldi makalari aurre egin zioten lautadara gerturatu ziren milaka euskaltzaleek.

Zerua goibel zegoen, eta txarrena espero zuten antolatzaileek goizeko lehendabiziko orduetan. Hobera egin ahala, ordea, jendea ere animatuz joan zen, eta lagun ugari bildu ziren Lautada ikastolak antolatutako festara. Ikastola berria arduratu zen Agurainera gerturatu zirenei ongietorria egiteaz, eta, antolatzaileek esan zutenez, espero zuten moduan erantzun zuten herritarrek: «Oso pozik gaude izandako arrakastarekin, eguraldi kaxkarra egin zuen arren, milaka lagun gerturatu zirelako, baita arratsaldean ere. Ikustekoa izan zen, esaterako, Joselu Anaiak taldearen erromerian bildutako jendetza», aipatu du Araba Euskaraz-eko koordinatzaile Angel Olaldek. Duela hogeita bost urte egin zuen Agurainek Arabako ikastolen jaia, orduan Pedro Lopez Larrea ikastetxeak antolatuta.

Irrintziak erakarrita, 09:30ean zabaldu zuten agintariek herriko alde zaharraren inguruan prestatutako ibilaldia. Hiru kilometroko ibilaldia Aguraingo kale zaharretan zehar. Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, Blanca Urgell Kultura sailburua, Xabier Agirre ahaldun nagusia, Ińaki Beraza herriko alkatea eta Juanito Oiarzabal mendizalea. Sarrera ekitaldian Hezkuntza sailburuak ez zuen aukera galdu ikastolei eragingo dien murrizketen inguruan «patxada» eskatzeko. «Ez dugu atzera egingo, hori da nik orain eta hemen hezkuntzarekin berresten dudan konpromisoa. Gure hezkuntza sistemak patxada behar du bere lana ondo egin ahal izateko eta bere helburuak betetzeko», aipatu zuen. Xabier Arrieta Arabako Ikastolen Elkarteko presidenteak aurrez esandakoari erantzun zion Zelaak. Hala gogoratu zion Arrietak: «Hezkuntza Sailari mezu bat bidali nahi diot, finantzaketa murriztu nahi digutelako eta fardela gure gain utzi, guri dagokigulako langileekin adostutako ituna betetzea». Lakuaren ekarpena murriztuz gero, hitzarmen kolektiboari aurre egiteko «zailtasunak» izango direla berretsi zuen.

Aldarrikapenerako hotsak ere izan ziren jaian. Atusa enpresako langileak kalean izan ziren enpresak bizi duen egoera salatzeko. Lautada ikastola parean egin zuten elkarretaratzea, sarrera ekitaldiarekin batera, enpresako langileen kaleratzeak gogoratzeko.

Ekitaldiko eztabaida atzean utzi, eta Harresi aretoan eginiko ekitaldira gerturatu ziren denak, ikastolako haurrek egindako dantza saioaren ostean. Trikitilariek eta Algara dantza taldeak girotuta egin zuten bidea. Duela hiru hamarkada euskara eskolak ematen aritu ziren irakasleak gogoan izan zituzten han. Jone Usabiagak, Junkal Ulaondok eta Arantza Oiarbideren semeak jaso zuten herritarren esker ona. Felita Zabaleta zena ere gogoan izan zuten bildutakoek. 1970eko hamarkadan hasi ziren omendutako irakasleak lanean, eta orduko pasarte batzuk gogoratu zituzten: «Herriko etxe zahar bat konpondu behar izan genuen nonbaiten eskolak ematen hasteko», aipatu zuen Usabiagak. Are neketsuagoa izan zen familien atzetik ibili beharra. «Etxez etxe ibili ginen, familiei galdezka ikastolan parte hartu nahi ote zuten».

Omenaldiaren ondoren hasi ziren igandeko lehendabiziko kontzertuak herriko taldeekin. Bazkalordua gerturatu bitartean, askok txahalarekin hamaiketakoa egiteko geldialdia egin zuten horretarako prestatutako Label txokoan; hirurehun bat kilo okel banatu zituzten. Bien bitartean, Boilur elkarte gastronomikoko kideek 450 lagunentzako bazkaria prestatu zuten ikastolan.

Dantza saioa ikusi eta bertsolariekin gozatzeko tarterik ere bilatu zuten bisitariek, eta horrek jendearen joan-etorria areagotu zuen Andra Mari kale nagusian. Arratsaldean, Betagarriren kontzertuak, Txirri Mirri eta Txiribiton Juniorren saioak eta Joselu Anaiak taldearen erromeriak milaka lagun bildu zituen.

Ia mila lagunen laguntzarekin antolatutako jaiak erantzun sendoa izan zuen, eta antolatzaileak pozik ziren atzo. «Helburua zen Lautada ikastola ezagutaraztea eta bertako kide guztien harremana indartzea, eta bete dugu», azaldu du Olaldek. Eta lautadatik Aiarako Kuadrilara; izan ere, Laudiori dagokio hurrengo urteko ekainaren 19ko jaia prestatzen hastea.



Maite Ortega.
Lautada ikastolako zuzendaria

«Ikastolako kideen arteko harremana sendotzeko baliagarri izan da»

A. Amenabar.


Ez dute Agurainen ikasturte samurra izan; izan ere, Lautada ikastola abian jartzearekin batera, Araba Euskaraz antolatzea ere egokitu zaie. Igandeko jaiaren ostean, pozarren dago ikastolako zuzendaria.

Zer-nolako balorazioa egiten duzue? Eguraldiak ez zuen asko lagundu...

Balorazio oso baikorra, poz-pozik gaude. Eguraldi txarra izan genuen, batez ere goizeko lehenengo orduetan, eta jendeari kosta zitzaion etortzea; oso jende gutxi etorri zen. Baina eguerdian jende gehiago etorri zen, eta bazkalostean ere jende ugari bildu zen. Jende kopuruaren zenbaki zehatzik ez dugu, baina aparkalekuetan lanean izan zen jendeak arratsaldeko bostak arte zenbatu zituen autoak. Joan-etorria etengabekoa izan zen egun osoan, Gasteiztik hurbil dagoelako, beharbada.

Kontzertuek bildu zuten jende gehien?

Betagarriren kontzertua jendez gainezka egon zen. Kontzertuetako gazteak eta pailazoak ikusten ari zirenak Joselu Anaiak taldearen erromerian elkartu ziren, eta hura ere beteta egon zen. Zortzirak arte giro polita egon zen.

Gogoan duzu duela 25 urteko Araba Euskaraz?

Gogoan dut, bai; etorri nintzen, orduan irakasle ere ez nintzela. Aurten baino eguraldi kaxkarragoa egin zuela gogoratzen dut.

Lautada ikastola ezagutzera eman duzue aurten.

Lehen mojen ikastetxea zen, eta duela urte eta erdi erosi zuten gurasoek, kooperatiba moduan. Ikasturte gogorra izan da, dena batera egin behar izan dugulako, ikastola martxan jarri eta Araba Euskaraz antolatu, baina oso pozik amaitu dugu. Uste dut baliagarri izan dela gure arteko harremanak sendotzeko; bai guraso, bai irakasle eta ikasleekin, denon arteko harremanak indartzeko.

Bildutako diruarekin zer egiteko asmoa duzue?

Ikastola barrutik eraberritu behar dugu. Beheko solairua joan den udan egin genuen, baina hirugarren solairua itxita dago; liburutegia eta laborategia ditugu bakarrik. Handia da, eta aukera asko dago, baina, noski, horretarako obrak beharrezkoak dira. Daukagun kiroldegia ere irekia da, estali gabea, eta ixtea gustatuko litzaiguke, batez ere neguari begira. Eguraldi txarra egiten duenean haurrak herriko kiroldegira bidali behar izaten ditugu, eta daukaguna konpontzea gustatuko litzaiguke.

Haur eskola zabaltzeko asmorik al duzue?

Une honetan 285 ikasle daude, 2 eta 16 urte bitartekoak. Gero eta ume txiki gehiago dago, eta herrian kezka dago guztientzat plazarik ez dagoelako. Asko kanpoan geratzen dira, eta sarritan esan dugu gure etorkizuna hor dagoela; ikusi beharko dugu nola aurre egiten diogun.






Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-06-22/046/009/hiru_hamarkada_ospatzeko_festa.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©