Komunikabideak / Nafarroa - 2011/11/24
Aurreko urteetan jasandako diru laguntzen murrizketa joera mugaraino iritsiko da datorren urteko aurrekontuetan. Izan ere, aurrekontuen proposamena ez bada aldatzen, euskarazko komunikabideek ez dute diru laguntzarik jasoko Nafarroako Gobernutik, erdal hedabideek 2.450.000 euro jasoko dituzten bitartean. Aurtengo egoera ez da hobea, 2011ko diru laguntzaren bigarren epealdiaren %35a ordainduko ez dutela adierazi baitiete. "Atzo Euskarabidearekin izandako bileran %50a ere ordaindu gabe gelditzeko arriskua dagoela aitortu ziguten", adierazi zuen atzo Jose Manuel Irigoienek Nafarroako euskal hedabideen ordezkariak.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Nafarroako euskarazko hedabideek atzo eskainitako prentsaurrekoan argi utzi nahi izan zuten euren aldarria: "Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak ikusezin bihurtzen ditu, ez ditu berdintasunean tratatzen ez informazioari dagokionez ezta publizitate euskarri moduan ere". Izan ere, gobernuak (zuzenean nahiz entitate pribatuen bitartez) publizitate instituzionalean gastatzen duenaren %99a baino gehiago erdarazko hedabideetan argitaratzen du.
Laguntza ematen hasi zirenetik lehenengo aldia da laguntza guztiz ezabatzen dela. 1986ko Euskararen Legean zehazten diren betebeharrak, administrazio publikoek komunikabideetako euskararen presentzia eta normalizazioa sustatu behar dutela zehazten dutenak, bertan behera geratzen direla azpimarratu du Oskar Zapata Topaguneko ordezkariak.
Erabaki honek aurrera jarraituz gero, Nafarroako euskal hedabideak egoera oso txarrean geratuko lirateke. "Dudarik gabe, oraingo honetan Nafarroako Gobernuak inoiz jarri digun harririk handiena dugu aurrean", argitu zuen Zapatak, "2012ko aurrekontuak babestuko dituzten alderdiek euskarazko hedabideen heriotza zigorra sinatuko" dutela gehituz.
Aurrekontuen proposamena datorren asteartean sinatuko da Nafarroako parlamentuan. Hartara, orain arte Ezkerra, Nafarroa Bai eta Bildu izan dira neurri honen aurka zuzenketak jarri dituzten partiduak.
euskarabidearen jarrera Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa eta Nafarroako euskarazko hedabideen ordezkariak atzo goizean bildu ziren Euskarabideko arduradunekin, egoera argitu eta aldarriak adieraztearren. Euskarabidekoen jarrera, ordea, espero zena baino kezkagarriagoa izan zen: "Etorkizuna beltz ikusten dutela adierazi ziguten, ez ziguten inolako segurtasunik eman".
Iturria: http://www.noticiasdenavarra.com/2011/11/19/sociedad/nafarroako-gobernuak-ez-die-euskal-hedabideei-dirurik-eman-nahi-2012an
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
