Deia / Komunikabidea - 2006/04/26
Argazkia 1 / 1
Nafarroako irrati euskaldunen sarea aurkeztu zen atzo, Nafarroako Irratiak izenpean gauzatu den proiektua, hain zuzen. Udalbide eta Euskara Elkarteen Topagunea izan dira proiektua aurrera eramateko laguntza eskaini duten elkarteak. Guztira, sarea errealitate bilakatzeko proiektuaren inbertsioa 67.000 eurokoa izan da, zeinetatik Udalbidek 30.000 euro jarri dituen.
Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak adierazi zuenez, `euskararen biziberritzearen alde egindako elkarlanaren ondorioa´ da proietua. Nafarroa Garaian une honetan euskaraz diharduten sei irratiak biltzen ditu sortu berri den sareak: Baztango Xorroxin, Sakanako Beleixe, Ultzama, Basaburua, Imotz eta Anue inguruko Esan Erran, Leitzako Karrape, Larraungo Aralar eta Iruńerriko Euskalerria irratia.
Duela bi urte hasi ziren proiektua aurrera ateratzeko lehen pasuak ematen. Gisa horretan, irratien teknologien eguneratzea eta digitalizazioa izan dira lehen urratsak eta behin hori beteta, euren zabalkundeari eta programazio trukaketari helduko diete, kroniken eta irratsaioen trukaketari, alegia. Irrati bakoitzak lan esparru, zabalpen eremu eta oro har ezaugarri ezberdinak dituen arren, Bujandak esan zuenez, guztiek komuneko ardatza dute: euskara eta hizkuntzaren normalkuntzaren aldeko lana irratigintzaren berezko baliabide guztiak erabiliz.
webgunea martxan Hala, dagoeneko batera egindako webgunea daukate sei irratiek: www.nafarroakoirratiak.com . Irrati bakoitzak bere inguruko berriak, gaiak, foroak, argazkiak eta irratsaioak, besteak beste, zintzilikatzeko aukera izanen du webgunean, modu horretan informazioa beste irratiek eskuragarri izanen dutela, esandako programazio trukaketa ahalbidetuz.
Izan ere, dagoeneko gutxi gora behera irrati guztiek tresneriari dagokionez maila tekniko berdinetan daudela ohartarazi zuten, sinergien bidea erraztuko duena, hain zuen ere. Halaber, edozein erabiltzailek aukera izanen du webgunea bisitatu eta irratsaioak entzuteko.
Bestalde, webgune orokor horretatik irrati bakoitzak izenen duen webgunera iristeko lotura zuzenak eskaintzen dira. Sarearen hurrengo pausua sortutako webgunetik bertatik online emititzeko aukera eskaintzea izanen da.
Bujandak jakinarazi moduan, programazio bateratua eta elkarlana sustatuz, irrati guztientzat `aberasgarria izanen den bultzada ematea´ da sare berriaren xedea. Azken finean, bakoitza bere esparrutik aberasgarritasunaren bila ari dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz.
Sare berriari esker, esaterako, Nafarroako leku zehatz batean albiste bat gertatuz gero eta eskualde horretan sareko irrati bat izanez gero, gainontzekoei informazioa helaraztea posible izanen da.
http://www.deia.com/es/impresa/2007/04/26/bizkaia/telebista/358913.php
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |
