Ekonomia / Euskal Herria - 2008/09/15
Argazkia 1 / 3
Euskal Herria munduko beste herrialdeekin alderatzeak non gauden eta zein egoeratan gauden jakiteko perspektiba eskaintzen digu.
Euskal Herriko adierazle nagusiak hedapen egitasmoa garatzeko, Udalbidek 6.000 eurotako laguntza eman dio Gaindegiari.
Xabier Isasi, Gaindegiko lehendakaria eta EHU-ko irakaslea
Zergatik eta zertarako sortu zen Gaindegia?
Euskal Herriak badu iragana, baina behar duena etorkizuna da, herri kohesionatu gisa aurrera egitea. Gaindegiako kideek badute komunean interes bat: Euskal Herria zertan den ezagutu eta ezagutaraztea herri honen geroari denon artean lagundu ahal izateko. Horregatik, Gaindegian jatorri eta sentsibilitate orotako pertsonak biltzen dira, denak ekonomia edo gizarte gaietan lanean ari direnak. Gure elkarteak, beraz, Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta sozialari buruzko ezagumendua sortzen du eta bere garapenari buruzko gogoetak sustatzen ditu. Ez dugu alternatibarik eraiki nahi, nazio perspektiba duen ezagumendua eta gogoeta jantziak sustatu baizik, interesa duen orori helarazteko.
Gaindegiaren helburu nagusia Euskal Herriko sozio-ekonomia esparru zabala biziberritzea da, eraketarako zein garapenerako ildo nagusiak aztertuz Behategiaren baitan, eta aurrera urratsak egitea ahalbidetuz. Nola lortzen da edabe magiko hori?
Gure sortze agirian jasotako esaldi borobil hori modu xumean esanez, Euskal Herriaren kohesioan lagungarri gerta daitezkeen lan ildoak aurkitu eta lurralde desberdinetako eragile ekonomiko nahiz sozialen arteko elkarlana sustatu nahi dugu. Beraz, gure formula erraza da, ezagumenduan jantzi, iritziak sendotu eta hausnarketak ezagutzera eman.
Ildo bereko bestelako elkarte, erakunde edo Gobernu sailekin harremanik al daukazue?
Bai. Arestian esan bezala, Euskal Herria aintzat hartzen duten eragileekin sarea osatu nahi dugu, ezagumendua eta hausnarketa oinarri izango dituena. Gure interes komunak dituztenekin elkarlana bilatzen dugu. Horrela, hiru urte hauetan hainbat elkarte eta instituziorekin lan egin dugu (maila desberdinetako lankidetzan). Harreman hori bi norabidetakoa izan dadin saiatzen gara, eman eta jaso. Honela ikerketa proiektuak abian jarri ditugu unibertsitate desberdinetako sail eta ikerlariekin, gogoeta jardunaldiak antolatu ditugu eragile ekonomiko eta sozialekin, laguntza ekonomikoa jasotzeko hitzarmenak egin ditugu hainbat instituziorekin.
Jardunean daramazuen denboraldi honetan, zein ondorio nagusi ateratzen dituzue?
Euskal Herriak herri bezala iraun eta garatzeko aukera eta premia duela. Gaur egungo Euskal Herria errealitate sozial eta ekonomiko indartsua da, are gehiago indartzeko aukera du bere baitako kohesioa eta elkarlanarekin asmatuz gero. Mundu mailan agertzen ari diren erronkei erreparatuz gure arteko kohesio eta kooperazioaren beharra izango dugu. Euskal Herria garapen jasangarrirako unitate izan daiteke, eta ziurrenik, izan beharko du iraun nahi izatekotan.
Nola egiten dituzue Iparraldeko datuak, kontutan hartuta lurraldeak, egitura administratibo-politiko bat ez duela osatzen?
Gure lanetan darabilgun informazioa iturri ofizialetatik hartutakoa izaten da beti. Guk ez dugu informazio estatistikorik sortzen. Horregatik, Euskal Herri mailako datuak ezagutzeko zailtasunak bi dira, informazio falta batzutan eta bestetan dagoen informazioa bateratu ezina. Iparraldeari dagokion informazioa eskuratzeak zailtasun berezia du Frantziak ez baitu existitzen denik onartzen.
Beraz, euskal herri osorako bateragarriak diren datuak eskuratzeko bi bide daude. Udalerri mailako indizeak batuz lurralde osoarena ezagutzea edo daturik ez dagoenean (Iparraldean batez ere) Erregio nahiz departamendu mailakoa estimatzea.
Egindako ikerlanei argia emateaz gain, non aurkezten dituzue? Eta ateratako datuen bitartez egiten den konklusioaren gain, hausnartu beharrekoek hausnartzen al dute?
Gaindegiak egindako lanak gizartean aurkeztu eta dokumentazio guztia kontsultarako www.gaindegia.org gunean eskaintzen ditugu. Ikerlan bakoitzaren inguruan hedapen lan trinkoa egiten ahalegintzen gara argitalpen txukunak eginez, hauen berri emanez, mahai inguru eta jardunaldiak antolatuz... Hedapenak lan handia eskatzen digu.
Gaindegiak egiten duen guztiaren helburua eragile ekonomiko eta sozialengana iristea da. Horregatik, gure ardura nagusietako bat hedapena da. Ez dugu, ordea, hedapen masiboa bilatzen, gure gaiak minoritarioak baitira. Horregatik buruz buruko komunikazio teknikak lantzen ditugu e-posta, argitalpen eta jardunaldien bitartez.
Lotura, www.gaindegia.org
FORMAKUNTZA SAIOA: EUSKAL HERRIRAKO ADIERAZLEAK http://www.gaindegia.org/eu/fsaioa

| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |