Kultura / Euskal Herria - 2004/03/17
Argazkia 1 / 1
Antso III.a, Nagusiaren koroatzearen milurteurrena dela eta, Udalbiltzak bi libururen argitaratzea babestu du, bat akademiko eta zientifiko mailakoa `Iruñeko errege Antso Gartzez III.a, Nagusiaren, agiri bilduma (1004-1035)´ eta bestea dibulgaziozkoa: `Euskal Herria XI. mendean. Antso III. Nagusiaren Erregealdia, Iruñeko Erregea (1004-1035)´ (une honetan, edizio lanetan). Bestalde, Eusko Ikaskuntzak antolaturik, Euskal Herria XI. mendean Jardunaldi Topaketa. Antso III. Nagusia Erregealdia (1004-1035) burutuko da.
Iruñeko errege Antso Gartzez III.a, Nagusiaren, agiri bilduma (1004-1035) 86 agiriz osaturik dago: salerosketak, dohaintzak, pribilegioak eta, hein txipiagoan, foru emakidak. Corpus honen helburua ez da deus berri berezirik ezagutaraztea, irizpide baterakoiari lotuz agiri guzien hitzez hitzezko transkripzioa eskaintzea baizik. Eredu gisa hautatu diren agiriak haien bertze kopiekin alderatu dira, aldaera formalak atxikiz.
Antso Nagusiaren agiriak gordetzen dituzten artxiboak, liburutegiak nahiz dokumentazio-zentroak hauek dira: Oskako Katedraleko Artxiboa, Logroñoko Kolegio-elizako Artxiboa, Iruñeko Katedraleko Artxiboa, Palentziako Katedraleko Artxiboa, Nafarroako Artxibo Orokorra, Simankasko Artxibo Orokorra, Espainiako Artxibo Historiko Nazionala, Naiarako Udal Artxiboa, Barbastroko Probisorato Artxiboa, Silos monasterioko Liburutegi Artxiboa, Donemiliaga Kukulako Artxiboa, Espainiako Liburutegi Nazionala, Frantziako Liburutegi Nazionala, Espainiako Historia Erret Akademiako Liburutegia eta Zaragozako Unibertsitate Liburutegia.
Fitxa teknikoa:
Egileak: Roldan Jimeno eta Aitor Pescador
Editoreak: Nabarralde eta Pamiela
Laguntzaileak: Euskokultur Fundazioa eta Foro Irun XXI
Babeslea: Udalbiltza
334 orrialde
2.500 ale
Salgai liburudendetan
Hutzaurrea eta agirien sarrerak hiru hizkuntzetan daude: gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez.
Roldán JIMENO ARANGUREN
Nafarroako Unibertsitatean lizentziatua (1996) eta Historian Doktorea (2001). Bertan Ertaroko Historia Irakasle Laguntzailea (1996-2001). Aturri Alderdietan (Baiona Fakultatea) eta Pabeko Unibertsitatean Historia Irakaslea 2001-2003 epean. Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbide Historia Irakasle Elkartua da, baita UPV-EHUko Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutuan Zientzia Kudeaketaz arduratzen den Teknikoa ere. RIEV aldizkariaren Koordinatzailea, Notitia Vasconiae. Revista de Derecho histórico de Vasconia delakoaren Idazkari Teknikoa, hamar liburuen egilea (horietako batzuk Ertaroko agiri bildumak), zenbait monografien atal eta hogei artikulu plazaratu du aldizkari espezializatuetan.
Aitor PESCADOR MEDRANO
Nafarroako Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatua (Historia) 1995ean. Nafarroako Artxibo Orokorrean bekadun 1997an, artxibo horretako Kontu Erregistroei dagozkien hainbat liburu argitaratu du (2000-2002). Ikerketa Egitasmoei loturiko hamar artikulu karrikaratu du, Recursos hidráulicos en la Edad Media navarra (1998) edota Tenentes y tenencias en el reino de Pamplona en Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, La Rioja y Castilla (1004-1076) lekuko. Egun Araba, Bizkaia y Gipuzkoa en el reino de Navarra desde sus orígenes hasta 1200 izeneko Doktorego Tesia amaitzen ari da. Argentinako Fundación Vasco Argentina Juan de Garay, Euskal Etxea Toki Eder de José C. Paz eta bertze euskal gunetan laguntzailearen gisa dihardu Euskal Herriaren historia arloan.
Jardunaldi topaketa honekin eskaini nahi da alde batetik, gure lurraldetako historialari eta irakasleri egokia izango den topagunea, non hain lausotua mantentzen den garaiari buruzko sakonketarako aukera aurki dezaten, eta, bestalde, Euskal Herritik begiratutako Euskal Herria gure historiaren oinarri hartuta, herrialde historikoak benetako protagonista ager daitezen ikuspuntua. Ikuspegi zientifikoren ikuspegitik Euskal Herria subjektu historiko gisa tratatzean datza Topaketak izango duen berezkotasuna. Hau dela eta, tokiz tokiko historia landu duten historialariak bildu behar genituela iruditu zaigu, ikuspegi eta egoera ezberdinen aberastasuna lortu arren.
Bide beretik, gure historiak, baita milagarren urtearen ertzean osatzen ari zen Europak bizi zituen gertakizun garrantzitsuei ere, arreta sakona emateari ezinbestekoa deritzogu. Garai aberats hura XXI mendearen begiez nahi genuke begiztatzea horretarako, beste milagarren urtearen bueltako unean bai gaude gu ere, iraganean erabili izan diren eskolako prontuarioen egitura mugatuak gainditzeko ahaleginetan. Guk baino lehenagoko ikerlariek argitu ez dituzten puntuak jorratzea dugu eginkizuna historialariok, are eta gehiago gure kasuan euskal herriaren oroimen historikoa piztuko badugu.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |
