Diaspora - 2009/05/04
Argazkia 1 / 3
Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kide den Ramuntxo Camblong euskaltzale ezaguna asteartean iritsi da Argentinara eta egunean bertan errezibitu dute Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxekoek. Segidan, bertako ordezkaritza batekin, Eusketxe eta Laurak Bat ere bisitatu ditu, euskal udal erakunde nazionaleko kideak egunotan Argentina eta Uruguaira egiten ari diren bidaia eta kontaktu-programaren barnean. Bitartean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako hautetsi nafarrak, Argentina-Uruguain joan den astetik dagoenak, hastapenean iragarritako aurkezpen egitarauari segitu dio, Ruper Ordorika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta Pamielako arduradunekin batera. Berehala Bahia Blanca aldera abiatu ziren, bertan aurkezpen saioak burutzeko.
Udalbide/udalbiltza-ko Bixente Arozena hautetsiak joan den astean EuskalKultura.com-en iragarri genuen egitaraua segitzen zuen bitartean (Ruper Ordorika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta Pamielako Pello Elzabururekin), joan den asteartean iritsi zen Buenos Airesera Ramuntxo Camblong lapurtarra, hau ere Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, egun hauetan Argentina-Uruguain dabilen ordezkaritza horrekin bat egitekotan. Eguerdi aldean, Camblong-ek Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea-Centro Vasco Francés bisitatu zuen, bertako idazkari eta kultura arloko buruzagi den Norma Riosekin. Euskal Etxea erakutsi zioten eta bereziki mintzatu zen historia argentinar euskaldunaz Mikel Ezkerrorekin.
Izan ere, Camblong familia aldetik arras lotua dago Argentinako Diasporarekin, ahaide zuzena baita eta eragin zuzena izan baitute bere familiak eta sortetxeak Argentinan oso ezaguna eta ospetsua izan zen Juan Bautista Istilart inbentorearekin, hura ere Ramuntxo Camblong-en etxe berean jaioa, Makea-Hazparnen.
Iparraldeko Euskal Etxea bisitatu ondoren --eta matea dastatu ostean, hori egiteko gutizia eta interesa baitzuen-- Buenos Airesko Mexiko 1880 kalean dagoen euskal egoitzara eraman zuten Camblong, bertan dauden Eusko Kultur Etxea (Eusketxe), Euskaltzaleak elkartea eta Ekin argitaletxe historikoa ezagut zitzan. Euskara eskolak ematen diren ikasgelak ikusi zituen, ondoren euskal etxera itzultzeko eta bertan Carlos Martinez, Eduardo Torry Mendioroz eta Leandro Etchichury-rekin bildu eta iritziak trukatzeko. Hori eta gero argentinar hiriburuko Laurak Bat euskal etxe dekanora joan ziren, berau bisitatu eta bertako ezagutza zuzena izateko.
Bitartean, euskal ordezkaritzaren beste partea Montevideon zen --datozen egunotan eman nahi genuke EuskalKultura.com-en Uruguaiko berri--, asteazken goizean buenosaireseratzeko. Asteazken eguerdian argentinar hiriburuan bildurik, bat egin zuten Ramuntxo Camblongek eta Arozena-Orodorika-Xamar-Irigarai-Elzaburuk, Bahia Blanca aldera abiatzeko, bertan Ruper Ordorikaren emanaldia, eta Xamar eta Jose Angel Irigarairen 'Vascos' eta '7 poetas vascos' liburuen aurkezpenak Pamiela argitaletxeko Pello Elzabururen eskutik, Udalbide/Udalbiltzak lagundutako erdal itzulpenean Xamarren lana.
Iturria: http://www.euskalkultura.com/albisteak/ramuntxo-camblong-ek-buenos-airesko-iparraldeko-euskal-etxea-eta-eusko-kultur-etxea-bisitatu-ditu
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |
