2012/05/25


www.udalbide.net

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

'Egunkaria' absolbitua

Komunikabideak / Euskal Herria - 2010/04/12

Argazkia 1 / 2

Joan Mari Torrealdai, Ińaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga 'Egunkaria'-ko itxiera kasuko auzipetuak zigorrik gabe utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, deliturik ez zutela egin argudiatuta. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia.

Kazeta ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan dio epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea aintzat hartuta, 'Egunkaria' itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Tortura salaketez esaten du "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik" ez zela egon". Guardia Zibilak itxi zuen euskarazko kazeta, 2003an.



Martxelo Otamendi: "Zorretan gaude jende askorekin"

‘Egunkaria’-ko zuzendari ohia pozik agertu da epaiarekin, auzipetuak ez ezik proiektu hura osotasunean absolbitua izan delako. Hala ere, zuhur agertu da auzi ekonomikoak oraindik aurrera jarraitzen duela ohartarazi du. Eskerrak eman dizkie zazpi urteotan ‘Egunkaria’-ri babesa adierazi dieten guztiei.


Sententziako puntu garrantzitsuak

- Deliturik ez. Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela harremanik izan ETArekin.

- Itxiera neurria, Konstituzioaren babesik gabea. Egunkaria ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan esaten du epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea kontuan hartu, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Epaiaren arabera, salbuespen egoerarik egon ezean Konstituzioak ez du ahalbidetzen hedabideak ixtea, "delikuentzia terrorista" kasuetan ezin da halako neurririk hartu.

- Hedabideak, demokrazian oinarrizko tresna. Hedabideak ez dira, epaileen ustez, "beste edozein enpresa", "gizarte demokratikoan oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren eskubideak gauzatzeko tresna direlako".

- 'Egunkaria'-k ez zuen "terrorismoa" goresten. Euskarazko kazeta hark, epaiaren arabera, "ez zuen mehatxurik egiten, ez zuen delitua probokatzen, ez zuen ekintza terroristen apologia egiten edo ez zituen goresten, ez zuen kalumniarik egiten".

- Adierazpen askatasuna, urratuta. Itxierarekin adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zela dio Auzitegi Nazionaleko epaiak. Gainera, "pluralismoaren perspektibatik", Egunkaria euskaraz argitaratu izana ere kontuan hartu behar dela esaten du.

- Akusazioak, frogarik gabe, ahulak eta oinarririk gabeak. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuen aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi. Auzitegiak ebatzi duenez, akusazioek ez zuten "froga zehatzik" eta "susmoen gainean" egin zuten akusazioa. "Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen duela diote [herri akusazioek eta Guardia Zibilak], baina datuen balorazio okerra egitea da hori. Akusazioa ahula da eta oinarririk gabea". Egunkaria-k ez du harremanik ETArekin, dio sententziak; bestelakorik esatea, "espekulazio hutsa da".

- Inkomunikazioan kontrolik ez. Auzipetuek atxiloaldian inkomunikazio garaian tortura eta tratu txarrak jaso izana salatu zutela dio Auzitegi Nazionaleko sententziak -"epaiketan detaileekin kontatu zuten"-, baina epaimahaiak adierazi du ezin duela halakorik gertatu zela "juridikoki" esan. Dena dela, atxilotuen "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik ez zen egon", dio. Guardia Zibilak atzeman zituen.

Helegite aukera

Gaurko epaiak, ordea, ez du Egunkaria auzia bukatutzat eman. Batetik, Dignidad y Justicia eta AVTk Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute, helegitea sartuta.

Bestetik, auzi ekonomikoak zabalik segitzen du eta epaiketaren zain daude zortzi auzipetu.




Iturria: http://www.berria.info/albisteak/40398/Egunkaria_absolbitua.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©