Hizkuntza/ Euskal Herria - 2008/06/02
Argazkia 1 / 3
Andres Urrutia euskaltzainburuak domina eta diploma eman zizkion. Sarrera ekitaldian hizkuntzaren transmisioaz eta helduen euskalduntzearen inguruan aritu zen Aleman.
Euskaltzaindiako kideak Nafarroako Etxaleku herriko Dorrota etxeraino hurbildu ziren maiatzaren 31an Sagrario Alemanen sarrera ekitaldia ospatzeko. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta domina eman zizkion.
Urrutiaren hitzetan, `Sagrario Alemanek bermatzen dituen bere ekinean Euskaltzaindiarentzat ezinbestekoak direnak: bateko, euskararen aldetik, oinarri sendoa, betikoa, ekialdeko doinu erakargarria eta gogo irmoa, emakumearen ahots eta aldarte taxuzkoak moldatua eta besteko, euskara bera, gure nortasun eta komunikazio-tresna izan dadin ahaleginean barruratua´.
Besteak beste, euskaltzain berriak euskalgintzan duen eskarmentu luzea gogora ekarri zuen Urrutiak. `Askoz luzeagoa, hala ere -gaineratu zuen- bere maisutasuna euskararen transmisioa bermatzen Nafarroan. Esan gabe doa, Sagrario Aleman bera eta beraren modukoak behar ditugula gure hizkuntzaren bizi-irautea bermatu nahi badugu´.
Andres Urrutiak amaitu orduko, Andoni Sagarna eta Patxi Zabaleta euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Sagrario Aleman Berdetik horira izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko.
LEKUKO EUSKERAREN EGOERA Bi ataletan banatu zuen Alemanek sarrera-hitzaldia: batetik, hizkuntzaren transmisioa lotura zuzena dutenez aritu zen, bere bizitza zeharo markatu dutenak. Eta ondotik, helduen euskalduntzearen lanean bizi izandakoak bildu zituen.
Hala bada, euskararen biziberritzeak azken 40 urteotan izan dituen gorabeherak aipagai izan zituen, panorama gazi-gozoa irudikatuz.
Alemanek gogoratzen zuenez, Nafarroako euskal eremuak eta mistoak bat egiten duten Etxalekun, berrogeiko hamarkadan `euskaraz bizi ginen, gaztelania eskolako hizkuntza eta euskaraz ez zekiten erdaldunekin aritzeko balio zuen. Garai hartan, hori bai, euskarak prestigiorik ez zuen eta herri askotan atzera egin zuen, bera lekuko; hizkuntzaren atzerabidea ekarri zuten baldintzak izan ziren: eskolak elkartu egin zituzten eta haurrak beren herrietatik atera. Haur euskaldunak gutxiengo ziren eskola handi horietan´.
Estatistikari dagokionez, datu itxaropentsurik bada, ` etorkizunean ehuneko ehun euskalduna liteke inguru honetako populazioa´, baina jabetua da hori, akaso, ez dela nahikoa izango: `Noiz eta zenbateko populazioa izanen ote da? 1935ean, Etxalekun, 272 lagun bizi ziren´. Orain berriz, `populazioa ttikiagoa, beti behera. Jendea zaharrago eta etxekoiago, karrikak hutsago, herria motelago eta totelago. Autonomia ere gero eta ttikiagoa du herriak´. Euskaldunak denak, baina transmisio ahalmen txikiagoa antzematen da, ez ezagutzari dagokionez, baina bai, eta batez ere, erabileran, euskara ez ezik, etxeko euskara ahultzen delarik. Erronka beste bat da orain, `gazteek, oharkabean, naturaltasunez mintzatzeko erraztasun gutxiago dute´.
HIZKUNTZAREN ALDE LANEAN Bere ardura, beraz, euskararen erabilera zera horretan datza, hizkuntzaren lekuan lekuko nortasuna gal ez dadin, eta adibide franko jarri zituen erakusteko Etxalekun ere hizkera berezkoa dutela. Euskararekiko harreman horretan, herri euskaldunean berezkoa duten transmisiotik, bestelako transmisiora jo du, helduen euskalduntze-alfabetatzera hain zuzen ere, Arturo Campion euskaltegiko irakasle izaki, bizitza erdia eman duen jarduera.
Besteak beste, azken berrogei urteotan indarrean izan den euskalduntze-prozesuan Euskaltzaindiaren esku-hartzea izan zuen gogoan, Akademia zutabe nagusi izan baitzen euskaltegien mugimenduaren sorreran. Hausnarketa-gai izan zuen, halaber, tarte honetan euskaltegien ekarpena: gaur, atzo bezala, `helburua ahalik eta euskal hiztun gehien ahalik eta epe laburrenean erdiestea´ delarik, nahiz eta ikasleen motibazioa, akaso, aldatuz joan den. `Gazteengan -gaineratu zen- arrazoi pragmatikoak indar handia du halere´. Aldaketak gora-behera, euskalduntze-lanak eboluzio sakona izan duela adierazi zuen.
Aurrerakada agerikoa da eta jendea euskalduntzen ari da, Alemanen esanetan `norbanakoaren ahaleginaz, baina lana arintzeko ahalik eta erraztasun handienak eman behar dizkiogu, zama guztia norbanakoaren bizkar utzi gabe´. Ekin horretan, aitortu zuen euskalduntzea oraindik sendotu gabe dagoela Nafarroan, eta hitzaldiaren azken tartean, Nafar Gobernuari zuzendu zitzaion, dirulaguntza politika zehaztu gabea behingoz aldatu dezan: `Normalizazioaren bidean abiatuko ahal da Nafarroako Gobernua! Oraindik berde dagoen helduen euskalduntzea behingoz ontzeko, behingoz horitzeko´.
PATXI SALABERRIAREN ERANTZUNA
Salaberriaren esanetan, Alemanek adierazia berretsiz, horretan datza euskararen benetako aberastasuna, `nire irudiz nafarrok euskara batuari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrietan hain ugaria den, hainbeste ñabardura dituen hiztegiarekin aberastea da batetik, eta erranaireen, esamoldeen munduan sartzen diren esaldiak egin baina ez erabat finkatu horiekin osatzea bestetik´.
`Iruditzen zait Sagrarioren ekarpena, hiztegi batua apailatzean etxean ikasitako hitzak sartzea alegia, biziki garrantzizkoa dela euskararendako eta Nafarroarendako, irudi baitu Imotz alderdi hau, hein batez bederen, Iruñerriarekin edo Iruñerriaren iparraldeko zendea eta ibarrekin zegoela loturik hiztegiaren aldetik, eta, beraz, Imozko hitzei sarbidea ematea erdararen bulkadaren aitzinean lekuak hustu behar izan zituen hizkerari sarbidea ematea dela, neurri batean´, adierazi zuen euskaltzainak.
Eta Alemanen hitzaldiaren hariari jarraikiz, Patxi Salaberrik adierazi zuenaren arabera, `euskara helduei irakastea ere garrantzizkoa izan da azken hamarkadetan eta garrantzizkoa izanen da ondokoetan, eta seguru nago eremu honetan ere Sagrarioren lana ezinbestekoa izanen dela bi akademietan , Euskaltzaindian eta Arturo Campionen, gure hizkuntza irakatsi eta sustatzeko zereginetan´.
http://www.noticiasdenavarra.com/ediciones/2008/06/01/mirarte/cultura/d01cul78.1264450.php

| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |