Hezkuntza / Nafarroa - 2010/08/27
Argazkia 1 / 1
Ia urtebetez negoziatzen aritu ostean, Nafarroako Gobernuak ikasleen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen foru dekretua onartu zuen atzo. Araudi berria ikastetxe publiko zein itunpekoetan jarriko da indarrean. Dekretuaren eztabaidan, hezkuntza komunitateko hainbat eragilek hartu dute parte. Besteak beste, sindikatu, eskoletako zuzendari eta guraso elkarteekin harremanetan egon direla zehaztu du Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariak. Dena den, Sortzen-Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriak salatu du ikasleen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen dekretuak «kutsu ideologiko handia» duela.
Nafarroako ikasleek ikasketak euskaraz egiteko eskubidea dutela gogorarazi du Salaberriak, beste behin, eta gobernuak onartutako dekretuan egun Nafarroan euskarak duen zonifikazioa gaitzetsi ez izana tamalgarria deritzo Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaileak. «Ikasle orok behar luke bere herri edo hirian euskaraz ikasteko eskubidea». Eskubide hori aintzat hartu ez dutelako atzematen dio dekretuari «zantzu ideologikoa», besteak beste.
Berez, Nafarroako Gobernuak onartutako araudiaren xedea argia da: «Ikastetxeetako gatazken prebentzioa eta horiei irtenbide baketsua aurkitzea». Horrez gain, «bakean oinarritutako hezkuntza» eta «giza eskubideen errespetua» sustatu nahi dira. Catalanen irudiko, baliabide egokia izango da dekretua Nafarroako ikastetxeetan: «Bizikidetza kudeatu, eta arazoak ahalik eta azkarrena ebazteko».
Eskubide eta betebeharrez
Foru dekretuak ikasleek adinaren arabera dituzten eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren zehazten ditu. Ikastetxeetan lanean aritzen diren profesionalei errespetua izatea, eskolako elkarbizitza hobetzen laguntzea, pertsona oro errespetatzea edota eskolara behar bezala jantzita eta higiene egoera onean joatea aipatzen dira ikasleen betebehar gisa. Bestalde, ikasleei errespetuzko artapena, eta demokrazian eta errespetuan oinarritutako hezkuntza aitortzen zaizkie beste hainbaten artean eskubide gisara.
Alde horretatik, Salaberriak aitortu du ikasleen eskubideen eta betebeharren oreka «falta» dela gobernuak onartutako neurriarekin ados ez egoteko beste arrazoietako bat. «Ikasleen betebeharrek berez dituzten eskubideak zapaltzen dituzte».
Pedro Rascon Herrikoa guraso elkarteko presidentea, ordea, ez dator bat Salaberriarekin. Rasconek adierazi duenez, ikasleen betebehar eta eskubideak «guztiz» orekatuta daude, eta erabat zentzuzkoak dira. Gainera, dekretuaren eztabaidan Nafarroako hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile gehienek parte hartu izana benetan garrantzitsua dela adierazi du.
Gaineratu duenez, eskoletako bizikidetza sustatzeko araudi berriak hezkuntza neurrien aldeko apustua egiten du. «Araudi berriari esker, eskoletan elkarbizitza sustatzeko hezkuntza neurriak hartuko dira, eta hainbat neurri zigortzaile baztertu egingo dira», adierazi du Rasconek. Izan ere, Herrikoa elkarteko presidentearen iritziz, lehen ikastetxeetan «gehiegi» baliatzen zen zigorra.
Foru dekretuan eskoletan elkarbizitza lantzeko oinarrizko baliabideak zeintzuk diren aipatu arren, ikastetxe bakoitzak -publikoa edo itunpekoa- bere plan propioa sortu beharko du. Rasconek zentro bakoitzak bere plana egin behar izatea aurrerapausoa dela dio: «Izan ere, eskola bakoitzak egoera ezberdina izan dezake». Dena den, ikastetxe guztiek eredu integratzailearen aldeko hautua egin beharko dute.
Horrez gain, ikastetxeek diziplina faltarengatik sor daitezkeen arazoak eragozteko neurriak hartu beharko dituzte. Halako egoeretan, gatazkaren bi aldeen jarrerak gerturatzeko bitartekariak baliatuko dira. Bitartekariak baliatu arren, Catalanek azaldu duenez, eskolak hartuko dituen neurriek beti izango dute hezkuntza oinarri gisa. «Eskoletako gatazkak elkarrizketaren bitartez ebatzi beharko dira, behar denean hezkuntza eta zigor neurriak uztartuz», adierazi du.
Diziplina arazoek eragindako gatazketan, arduradunek erabakiak azkar hartzearen garrantzia nabarmendu du Rasconek. «Diziplina arazoak ezin dira gertaera jazo eta denbora luzera ebatzi». Horregatik, eskolako elkarbizitza oztopatzen duten ikasleen gurasoen parte-hartzea sustatuko da. «Beharrezkoa da gurasoek eskolako elkarbizitzan era baikorrean parte hartzea; alde horretatik, Nafarroako Gobernuak araubide egokia hartu duelakoan nago», adierazi du Rasconek.
Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-08-24/010/006/kutsu_ideologikoa_egotzi_diete_nafarroako_eskoletan_bizikidetza_arautzeko_neurriei.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
