Kultura / Iparraldea - 2011/03/12
Argazkia 1 / 1
Urtero bezala, indarrez beteta dator maiatzaren bigarren igandean euskararen eta Iparraldeko ikastolen alde ospatzen den festa. Senpereko lakuan egingo da 28. aldiz eta oraingo honetan maiatzaren 8an izango da.
Dataz gain, leloa, abestia eta logoa aurkeztu zituzten atzo Ikastolen Elkarteko egoitzan, Donostian, eta arduradunek adierazi zutenez, Euskal Herri osoari luzatu nahi diote deia. "Badakigu gure beharrak ikaragarriak direla. Urtean zehar bi edo hiru Herri Urrats beharko genituzke denei erantzuna emateko baina berriz ere frogatuko da Euskal Herria bat dela euskararen inguruan", azaldu zuen Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak.
"Historikoki dirua eraikuntzak egin eta berri-tzeko erabili da, gaur egun hori erabat gaindituta dago. Hegoaldean ikasleak Gasteizen eta Iruñean antolatzen dira, gu, berriz, eskale gara Pariseko kaleetan eta askotan emaitza txarrekin bueltatzen gara", gaineratu zuen.
Ildo horretan, nahiz eta iaz eguraldiak ez zuen lagundu eta Hegoaldeko jende gutxiago hurbildu zen, "urte osoko sostenguari esker" helburuak bete egin direla azpimarratu zuten Seaskako bozeramaileek.
Joan den urtean dirua Itsasu eta Lekorneko ikastola berrientzat izan zen eta aurten Xalbador Kolegioari emango zaio bildutakoa. Zentru honek 250 ikasle, 25 irakasle eta beste 11 langile ditu eta egoitza berritzeko beharrean dago.
Diruaz gain, pertsona askoren lana eskertu zuten eta adibide gisa, Abadiñoko Di-da Komunikazio enpresa jarri zuten. "Musutruk sekulako lana egin dute aurtengo kanpainarekin", esan zuen Gorostiagak.
Lelo eta logo Enpresan honen arduradun Gorka Barruetabeñak esan zuenaren arabera, Laku bat munduan leloarekin "laku" eta "leku" hitzen arteko antzekotasunarekin jokatu nahi izan dute. "Herri Urratsen eta Senpereko lakuaren arteko lotura berehalakoa baita euskaldunen artean. Mezuak, berriz, hiru helburu ditu: euskaldunon nortasuna aldarrikatu, erdaldun diren euskalzaleak gonbidatzen ditu eta instituzioei euskarari zor zaion lekua eskatzen die", argitu zuen.
Bestalde, logoak leloaren ideiarekin bat egiten du. "Elkartasuna eta indar-metaketa adierazten duen ikurra aukeratu dugu. Grafikoki indar-tsu eta sinplea da, baina aldi berean aukera handiak baditu. Gutako bakoitza tanta bat da, gure ekarpen txikia bideratuz putzua eginen dugu, eta horrela, lakua biderkatuz, euskararen lakua", adierazi zuen Barruetabeñak.
Berri Txarrak musika taldeak ere bere tanta jarri nahi izan du euskararen alde eta Herri Urratsen deiari enrantzun dio. Beraiek izan dira aurtengo kantua sortu dutenak, nahiz eta hitzak Sustrai Colinak idatzi dituen. "Abesti indartsu eta erraz bat egiten saiatu gara, mundu guztiarentzat", azaldu zuen Gorka Urbizuk, taldeko kantariak.
"Gazteengan eta familiengan gogoak piztu nahi ditugu. Besta eder bat egitea espero dugu", azpimarratu zuen Alain Boscq komunikazio arduradunak. "Euskal Herri osoari dei bat egin nahi diogu: iaz bezala eta indar gehiagorekin bat egin dezagun euskararen inguruan", erantsi zuen Gorostiagak.
Iturria: http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2011/02/10/sociedad/euskadi/tantaz-tanta-euskaren-lakua-bete-nahi-du-aurtengo-herri-urratsek
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |
