2008/12/05

Pagina de inicio Udalbide
Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Udalbide Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiekin bat

- 2007/11/28

Argazkia 1 / 1

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzeko ekitaldien aurkezpena burutu zuten Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Ikaskuntzak urtero ospatzen du abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu azaroaren 15etik aurrera, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatu eta bultzatzeko.

Aurkezpenean Euskararen Nazioarteko Egunerako 5 euskal bertsolarik grabatu duten bideoklipa ikuskatu ahal izan da. Xabi Paya, Sustrai Kolina, Oihane Perea, Uxue Alberdi eta José Juan Zubieta bertsolariek bina bertso osatu dituzte ENEren ospakizunerako, guztiak euskara eta bere egoera hartzen dutelarik ardatz gisa. Hortaz 10 bertso aurkeztu dizkigute euskararen tematikaren inguruko gaiak jorratuz: emigrazioa, eguneroko bizitza, ondarea, munduan zehar duen zabalkundea edo gazteriak euskararekin duen lotura azpimarratuz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Adierazpen instituzional bateratua irakurriko du Ekitaldi nagusian, Abenduaren 3an eginen da Gasteizko Artiumen 19,30etan hasita.

Adierazpen instituzionala Euskararen Nazioarteko Egunari begira


Euskal gizarteak, mundu mailako eskalara egokitzeko gauzatzen ari den etengabeko eginahalean, lehen mailako eginkizuna du euskararen erabilera normaltzea. Izan ere, euskara bizi noranahikoaren oparia da euskal herritarrok unibertsaltasunari eskain diezaiokegun baliorik preziagarriena, kultur aniztasun eta identitate ugari eta konpartituen aroan.


Zeregin ugari biltzen ditu bere baitan era dinamikoan ulertu behar den euskararekiko konpromiso horrek, eta denak dira, ezbairik gabe, garrantzitsuak. Urrats sendoak eman dira, adibidez, irakaskuntzan, euskara jakintza eta ezaguerarako hizkuntzatzat finkatuz. Sare zabal sarria da hedabideen alorrean euskara ehuntzen ari dena. Etengabean eguneratzen ari da euskara heldutakoan ikasi edota landu behar dutenentzako eskaintza…
Hau da, era guztiz eraginkorrean mamitzen ari da euskal gizarte eta herri erakundeen arteko lankidetza euskararen ezaguerari dagozkion eremuetan, hizkuntz bilakaera neurtzen duten adierazleek garbi asko azaltzen dutenez. Eta ahalegin horren arrakastatik datorkigu hain zuzen, euskal gizarteari bezala baita herri erakundeoi ere, gaur egun erabateko arreta eskatzen digun erronka erabakigarria: egunez egun euskaldunagoa den gizarte honetan, elkar hartuta gainditu behar ditugu ohitura eta joera zaharkituek euskararen eguneroko erabilerari jartzen dizkioten traba eta oztopoak.


Erabilera baita, azken batean, edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria. Erabilerarako aukera eraginkorra delako, elkarrenganako errespetuarekin batera, hizkuntz eta hiztunen arteko elkarbizitza berma dezakeen itun bakarra.


Baina ezinbestekoa da gogoan hartzea honaino ekarri gaituen bidea, gogoetarako gai egokia eskaintzen baitigu, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari garen honetan. Izan ere, aurten bete dira hogeita bost urte Euskararen Legea onartu zenetik, eta hura bide-makulu hartuta egin dugu honainoko ibilbidea.
Lege hark garrantzia handieneko mugarria jarri zuen euskararen normalkuntzarako bidean, herritarron hizkuntz eskubideak onartu eta haien zaintza eta sustapena aginte publikoei emanez. Ezinezkoa litzateke euskararen erabilera normaltzearen eginkizunari ekin, duela hogeita bost urte Eusko Legebiltzarrak ezinbesteko zutabe horiek ezarri izan ez balitu.
Nahitaezkoa da, beraz, lege baliabide horren balorazioa egiterakoan, haren eragina guztiz positiboa izan dela eta dela gogoan hartzea. Eta hori aitortzearekin batera, guztiz premiazkoa da, mende laurden bat geroago ospatzen ari garen Euskararen Nazioarteko Egun honetan, araudi haren baliorik sendoena goraipatzea: euskararen normalkuntzaren alorrean sekula ezagutu den adostasun zabalenez onartu zen lege hark, gizartean zegoen -eta dagoen- elkarbizitzarako erabaki irmoa islatzen du. Opari ezin hobea, zalantzarik batere gabe, orduko eta ondorengo belaunaldientzat.


Balio berezia du, gaur, adostasun zabal eta sakon haren aipamena egiteak, etengabekoa baita kontsentsu haren oinarri zibilak birrintzeko ahalegina, mutur batetik zein bestetik elebakartasunaren amesgaiztoaren liluran tematzen direnen aldetik. Garbi aldarrikatu behar dugu: elkarbizitza bestearen amore emate baldintzagabearen baitan jartzen dutenak dira, ikuspuntu hori aldatu ezean, euskararen normalkuntzaren aldeko lankidetzan tokirik ez duten bakarrak.


Gainerakook, berriz, izan ditzakegu -eta baditugu- gure artean iritzi eta sentiberatasun ezberdinak, baina, haien gainetik, adostasun hura etengabean zabaldu eta sakontzea dugu helburu nagusia, eta gai gara -eztabaidatuz adosten dakigulako- geure aurrean dugun erronkari eusteko: euskararen erabilera areagotzeko eguneroko jardunean geuk -gutariko bakoitzarengan, gizarte zibilaren kolektiboetan eta herri erakundeetan tinko erroturiko inertzien bidez- sortzen ditugun oztopoak paretik kentzea, eleaniztasunerako bidea zabal dezagun.


Helburu horretarako gure gizarteak bere buruari eskaini dion marko juridikoak eginkizuna ahalbidetzen digu, ezbairik gabe. Izan ere, gaur egun ez dago, euskara biziberritzeko lanetan, gizartearen gehiengoak egin nahi lukeen ezer edo eman nahi lukeen pausurik Euskararen Legeak eragozten duenik. Are gutxiago dago, euskararen normalkuntzaren historia osoan, arau hark baino adostasun zabalagorik bereganatu duen proposamen edo egitasmorik. Eta geuri, euskal herritar eta herri erakundeoi dagokigu Euskararen Legeak bere baitan dituen ahalmen ugariak era progresibo eta orekatuan garatzea, bi norabide nagusitan: euskara erabiltzeko aukera berriak sortzea eta lehenagotik daudenak sendotu eta garai berrietara egokitzea; eta, herritar bakoitzaren hizkuntz aukerarekiko errespetu osoz, euskara eguneroko eginkizunetan erabiltzearen aldeko jarrera eta jokaera sendotzea. Izan ere, urteotako jardunean aski ongi ikasi dugunez, "pixka bat es mucho", ez baitago ekarpen txikirik norabide egokian abiatutako hizkuntz normalkuntzaren eginkizun elkartasunez partekatuan.


Horixe da, beraz, elkarbizitzak eskatzen digun ahalegina: euskararen erabileraren aldeko politika orekatu bat, zentraltasunean finkatua eta muturretako tentazio antzuetatik urrutiratua. Geure buruari eta belaunaldi berriei zor diegu, eta hala aldarrikatzen dugu Euskararen Nazioarteko Egunean.


Urbasan Bagara

UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©