Berria - 2005/06/16
Udalbidek bi milioi euro banatuko ditu, elkartea berregituratuta Europako interesa duen elkarte gisa finkatu da, bere estatutu berrietan.
Udalbide Elkarlan Elkarteak bi milioi euro banatuko ditu aurten, Euskal Herriko hainbat proiektu laguntzeko. Europako interesa duen elkarte gisa finkaturik, behar diren eskumenak ukanen ditu udaletxeen diru laguntzak jasotzeko eta elkarte eta enpresak diruz laguntzeko. Europar elkarte bat da, zehaztu du Ramuntxo Camblong zuzendaritzako kide eta Angeluko zinegotziak.
Jose Luis Mendoza elkarteko zuzendariak laguntza horien nondik norakoak azaldu zituen, atzo, Baionan. Elkarteek eta enpresek ekainaren 30 arteko epea dute diru laguntza eskaera betetzeko. Udalbideren webgunetik (www.udalbide.net) har dezakete eskaera betetzeko orria.`Euskal Herria zer den ikusi ahal izatea eta Euskal Herriko eskualdeen arteko harremanak azkartzea´ dira elkartearen helburuak. `Euskal Herria ez da bakarrik gatazka. Kultura, komunikabideak, hezkuntza, kirola eta lan mundua ere baditu´, azaldu du Mendozak. Arlo hori erakutsi nahi dute kanpora begira, eta horretarako sektore horiek laguntzeko asmoa dute.Miarritzeko euskarazko haurtzaindegiarekin akordioa izenpetu zuten atzo. 14.000 euroko diru laguntza emanen diete sukaldea eraikitzeko. Udalbidek beti salbuespeneko diru laguntzak emanen ditu, proiektu zehatzak laguntzeko, eta ez urteroko diru laguntza eskaintzeko.Jadanik 50 elkartek aurkeztu dute diru laguntza eskaera. `Bi milioi euro banatuko baditugu ere, proiektu guztiak laguntzeko bospasei milioi euro behar genituzke´. Proiektuak aurkeztu dituzten elkarteen erdiak Ipar Euskal Herrikoak dira. Erdiak baino pixka bat gutxiago Nafarroakoak. Diasporatik ere eskaera batzuk agertu dira, eta baita Turkiaren menpe dagoen Kurdistandik ere. `Elkartasuna´ eskaintzeko aukera goraipatu du Mendozak.Gaur egun Hego Euskal Herriko berrehun bat udalek parte hartzen dute Udalbiden. Ipar Euskal Herriko bi udal parte hartzeko gogoz daudela aitortu du Ramuntxo Camblongek. `Baina oraindik ez dugu aurkitu parte hartzeko formula´, gehitu du. Momentuan Ipar Euskal Herriko sei hautetsik parte hartzen dute Udalbiden.
Elkartearen besta Xaretan Udalbide elkarteak urteko besta antolatuko du uztailaren 1ean Sara eta Zugarramurdi inguruetan, Xareta eskualdean. Besta 18:00etan hasiko da, eta udalak eta zinegotziak gonbidatuko dituzte. `Hautetsiek elkar hobeki ezagutzeko´ helburua dutela dio Camblongek. Sarako auzapezak ongietorria eginen die denei. Ondotik Udalbide diruz laguntzen duten instituzioek laguntza zergatik ematen duten azalduko dute. Dirua jasotzen duten elkarteek diru hori zertarako behar duten azalduko dute. Besta horretan elkarteak eta instituzioak gurutzatu nahi dituzte. `Partaidetza horren bitartez egiten baitugu Euskal Herria´.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |
