Berria - 2007/09/14
Argazkia 1 / 3
'Urbasan bagara' udalekuak antolatu dituzte mendilerro horretako Bioitza kanpinean; natura eta euskara uztartzea dute helburua.
Urbasako mendilerroan, Bioitza kanpinean isiltasuna da nagusi 09:30ean. Haurrak bertan daude, baina ez da nabaritzen. Gosaltzen ari dira Urbasan bagara udalekuetan parte hartzen ari diren 35 haurrak. 12 eta 13 urte bitarte dituzte eta Nafarroatik, Gipuzkoatik, Arabatik eta Bizkaitik iritsi dira. Udalbidek antolaturiko udaleku hauetan Euskal Herri osoko nahiz diasporako haur euskaldunek zuten parte hartzeko aukera, baina, azkenean hegoaldekoak baino ez dira elkartu; iparraldekoak gazteegiak ziren eta diasporatik parte hartu nahi zutenek, berriz, ez zekiten euskaraz. Lau txanda izango dituzte udalekuetan, batzuk 12-13 urte bitarteko haurrekin eta besteak 10-11 urtekoekin.
Lehen gaua igaro dute Urbasako aterpetxean, eta bat edo beste amaminez jaiki da; izan ere, etxetik kanpo bigarren eguna dute. Beste guztiak, aldiz, logelak txukundu ondoren, atarian dabiltza goizeko ekintzarekin hasi aurretik denbora pasaz. Aterpetxeko atarian dagoen tokan jolasean dabiltza Ordiziatik joandako Iker eta Iñigo. Zaila omen da toka jotzea, baina Iñigok jada hartu dio trukua, bi aldiz segidan lortu du txapa jotzea. Zaila ala erraza izan, biak udalekuetan oso gustura daude.
Edozerk balio du denbora igarotzeko, eta Gasteiztik heldutako hirukotea pilota bati jo nahian ari da; beisboleko batea du batek eskuan, bestea pilota jo nahian dabil eta hirugarrena, aldiz, hark jaurtitako pilota jasotzen. Komuneko pareta ere jolaserako toki bilakatu du haur talde batek, frontoia balitz bezala dabiltza palan jokatzen. Mugimenduan gelditu gabe dabiltzanak mutilak dira, neskak, aldiz, atarian edo parkean eserita hitz eta pitz nahiz kantuan dabiltza; Bioitza kanpinera bueltan datorren gazte koadrilari ere abestu diote.
KOLORETAKO OLAGARROAK. Haur guztiak aterpeko atarian elkartu dira goizean zer egingo duten jakiteko. Gaurkoan atzo arratsaldean hasitako tailerrekin jarraituko dute, hiru taldetan banatuta; artilezko olagarroak, txapak eta kolpeentzako ona den ukendua egitera abiatu dira.
Olagarroak egitera joan den taldean neskez inguratuta joan da taldeko mutil bakarra. Aulkiak borobilean jarri eta bikoteka ekin diote lanari. Alegiatik etorritako Maitanek azaldu du artilezko olagarroa nola egiten den: «Hariari 30 bira eman eta gero puntetatik moztu behar da. Ondoren, goitik lotu, burua jarri eta lotu». Urdinak, moreak, beltzak hainbat koloretako olagarroak egin dituzte. Batzuk buru handiak, besteak buru txikiak. Beste olagarro batzuk buru gainean jarri dituzte, ileordeak balira moduan. Tentakuluak osatzeko, berriz, txirikordekin apaintzea erabaki dute. Begiralea txirikordak nola egin erakusten ari zaio taldeko mutilari.
UKENDUA EGITEN. Kolpeentzako ona den ukendua egiteko plantain belarra behar dute, eta lehen lana belarra biltzera irtetea izan du beste taldeak. Hasieran duda-mudatan ibili dira zein belar ote den asmatu ezinik, baina guztien laguntzaz jakin dute zein den beraiek behar duten plantain belarra. Zelaian ugari dago, eta ez dute urrutira joan beharrik izan aurkitzeko. Bildu eta kaxatan sartu dute. Guztientzako nahikoa batu ondoren gelan elkartu dira. Bertan, mutilak belarra sikatzen eta neskak xehetzen dabiltza. Lanean diharduten bitartean, lehenengo gaua nola igaro duten dute tertuliako gaia; batzuek lo gutxi egin omen dute, besteek asko, bada tartean goizeko seietan esnatu denik ere. Arratsaldean, berriz, mendira joatekotan dira, baina, eguraldi txarrak plana aldaraziko die: «Gu ohituta gaude mendian euriarekin ibiltzen, baina, hemen kalekume asko dago», dio haur batek. Belarra lehortu eta xehetu ondoren, olioa berotzeari ekin diote.
TXAPAK DISEINATUZ. Modan dira elastikoetan edo poltsetan zintzilik eramaten diren txapak. Horrelakoak sortzen dabil hirugarren taldea. Bi mahaitan eserita, margoak eta artaziak lagun, txapen diseinuak sortzen dabiltza; batzuk imajinazio handiz, besteak aldamenekoak egin duena kopiatuz. Gutxi dira taldean ikurrina marraztu ez dutenak, beste batzuek beraien izenak, autoen markak, musika taldeen logoak, izarrak nahiz orinak marraztu dituzte. Orri oso bat bete dute diseinuz eta orain bi aukeratu behar dituzte horiekin bi txapa osatzeko. Hainbeste modelo egin ostean, orain aukeratzen lanak batek baino gehiagok. Aukeraketa egiten duten bitartean, aho zabalka daude batzuk; nonbait, gaua luzea izan dute. Mahaia jaso eta begiralearen inguruan elkartu dira guztiak, txapa nola sortu behar duten azaltzen dabil eta guztiak ari begira txintik ere esan gabe. Jarraian bakoitzak bere txapak egiteari ekin dio.
MENDI IBILALDIAK. Urbasak mendi ibilbideak egiteko hainbat aukera eskaintzen dituela probestuz, mendilerroan hainbat ibilbide egingo dituzte Urbasan bagara udalekuetan parte hartzen ari diren haurrek. Eguraldiak lagunduz gero, arratsaldean Santa Marinara egingo dute zeharkaldia, bertako inguruak eta aterpetxea txukuntzera. Horretarako, bazkalostean bakoitzak bere motxila prestatu beharko du mendira eramateko behar dituen gauzekin; izan ere, gaua bertan igaroko dute. Udaleku hauetako helburua naturan euskara indartzea da, eta hala, naturarekin loturiko hainbat ekintza burutuko dituzte; ibilbideez gain, espeleologia, eskalada eta mendiko bizikletan ere ibiliko dira. Gauero berriz, oheratu aurretik jolasak nahiz jaialdiak egingo dituzte.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 |