Kultura / Euskal Herria - 2009/03/16
Argazkia 1 / 1
Udalbidek, Euskal Herri osoko hainbat udaletxek sorturiko elkarteak, 'Urbasan bagara' udalekuen hirugarren edizioa jarri du abian. Udaleku hauetan zazpi herrialdeetako haurrek --zortzi, Diaspora barne-- parte hartu dezakete, astebetez naturaz gozatu eta lagun berriak eginez Urbasa mendilerroan, Nafarroan. 1996 eta 1999 urteen artean jaiotako neska-mutilek parte hartu dezakete, eta egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da (ostatua, janaria, jarduerak, autobusa eta asegurua barne). Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da.
Udalbide Elkarlan Elkarteak 'Urbasan bagara' udalekuetan izena emateko epea ireki berri du. Udaleku hauek uztailean eta abuztuko hasieran egingo dira Urbasa Mendilerroan, Europako pagadi handienetako batean. Kanpalekuaren helburua Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gazteek naturan eta euskaraz lagun berriak egin eta abentura jardueratan parte hartzea da. Esperientzian Diasporako gazteek ere parte hartu dezakete, nahiz eta antolatzaileek badakiten zailagoa dela, Euskal Herriko gainerako herrialdeetako gazteen baldintza beretan.
Egonaldiek astebeteko iraupena izango dute eta egun horietan gaztetxoek eskalada, espeleologia, mendi bizikleta, igeriketa, jokoak, mendi txangoak... egingo dituzte. Uneoro begirale adituak izango dira beraien kargu, Artelatz eta Urbasa Bioitza enpresen bidez. Artelatzek 1992an sortu zuen Natur Eskola, ikasleei naturan egonaldia egiteko aukera eman asmoz, eta harrez gero 17.000 ikasle eta irakasle pasa dira euren jardueratatik.
Egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da, janaria, ostatua, jarduerak, autobusa eta asegurua barne. Egonaldien datak hauek izango dira: uztailaren 1-7, uztailaren 7-13, uztailaren 13-19, uztailaren 19-25, uztailaren 25-31 eta uztailaren 31tik abuztuaren 6ra. Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da. Eskaera banaka eta taldeka egin daiteke (sexuen arteko oreka kontutan hartuko da). Guztiek parte hartzeko aukera beretsuak izan ditzaten, eskabide bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, deitu +34 943 670 249 telefonora edo bidali e-maila urbasanbagara@udalbide.net helbidera.
Informazio gehiago:www.udalbide.net/urbasanbagara
Iturria: http://www.euskalkultura.com/albisteak/udalbidek-urbasan-udalekuetan-parte-hartzeko-gonbitea-egiten-die-zazpi-herrialdeetako-eta-diasporako-gazteei
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |
