New York Times egunkari iparramerikar prestigiotsuak artikulua argitaratu zuen uztailaren 29an Hondarribia eta bertako sukaldaritza arloko panorama ardatz hartuz, gipuzkoar kostaldeko herri tipi honek bizi duen 'eztanda gastronomikoa' aipatuz eta hainbat laudorio jaurtiz eta aholkuak emanez bertara hurreratu eta bazkari oso bat egiteko zein pintxoak jateko plazera hartuz bertako chef gazteen lana dastatu nahi dutenei. Kalitatea, tradizioarekiko lotura eta bertako produktu hautu eta freskoak erabiltzea dira egunkariak aipatzen dituen giltzarrietako batzuk, herriko zenbait jantokitan ari diren sukaldari gazteek baliatzen dituztenak, Hondarribiaren gomendio irmoa egiteko egunkariaren orrialdeetan.[+]
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak Idahoko Boise hirian sinatu dute lankidetza hitzarmena ‘Pat-Eloise Bieter’ izeneko beka sortze aldera. 70eko hamarkadan Estatu Batuetan euskal kultura sustatzen eta ikasle iparramerikarrak Euskal Herrira ekartzen, bertako ezagutza har zezaten aintzindari izan ziren Pat eta Eloise Bieter senar-emazte boisetarrak. Euren bost seme-alabak egon ziren aurkezpen ekitaldian. Imanol Murua Uria kazetaria izango da 15.000 euroko saria daukan beka honetako lehenengo hartzailea.[+]
Bukatu da Boisen Jaialdi 2010. Ohiko beroa lagun, egunez egun elkarretaratze honetaz jasotako iritzi eta iruzkinak positiboak izan dira oso. Aurten inoiz baino jende gehiago bildu da Euskal Herritik, eta hori nabaritu izan da joan den astean zehar hiriko 'Basque Block' delakoan present egon den giro eta bizitasunean. Bertakoak ere ez dira atzean gelditu ordea. Ostegunean, programak ekitaldi bereziak baitaratzen zituen, musika eta animazioa bildurik, eta asteko azken hiru egunetan euskal giroak Boiseko hiria harrapatu zuen. Hainbati entzun izan dizkio lerro hauek idazten ari denak, 'Euskal Herriko herri bateko jaietan banengo bezala sentitzen naiz' eta antzeko esaldiak, esataria Euskal Herritik etorritako zein Ameriketako beste edozein bazterretatik etorritako euskalduna izanik.[+]
Aste osoan zehar Estatu Batuetako Mendebaldea eta Boiseko 'Jaialdi 2010' mundu zabaleko Euskal Diasporaren biltoki bilakatuko da, hamar milaka partaideen artean Europatik iritsiko den euskal klase politikoaren eta ordezkaritza instituzionalaren pisuak bat baino gehiagoren arreta deitu duelarik. Lopez lehendakaria Nevada, Kalifornia eta Idaho estatuak ikutuko ditu bere egonaldian, zenbait buruzagi akademiko, ekonomiko eta politikoekin bilduz, baita euskal komunitateetako kideekin ere... Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere Boisen izango da, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia buru, Jaialdi 2010eko ekitaldietan parte hartu eta Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia ohoratzeko. Baina gehiago izango dira Europako euskal erakundeetako ordezkaritzak.[+]
Oihane Astui eta Sara Galar, lehendakari eta lehendakariorde berri.
Bartzelonako Euskal Etxetik adierazten zaigunez, joan den ostageunean egin zen bazkideen ez ohiko batzarraren ondoren Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuten Kataluniako hiriburuko euskal etxeko bazkideek. Aitor Arruti eta Jon Elordik Euskal Etxearen zuzendaritzaren buru egondako 6 urteen balantzea egin zuten, "hasieran ezarritako helburuak bete" eta "kultur eskaintza oparo bat lortu" izana azpimarratuz. Betetako helburuen artean ondokoak azpimarratu zituzten: "Euskal Etxearen irekitzea eta eredu anitzago batera hurbiltzea" eta "hiriko eta herrialdeko euskal kulturaren erreferente bihurtzea", dio euskal elkarteak kaleratutako oharrak.[+]
Bernardo Atxaga, gaur New Yorken hasi eta astebururaino luzatuko den 'PEN World Voices Festival' Nazioarteko literatur elkarretaratzean partaide izango da. Aurretik ere urteroko bilera honetan parte hartua den idazle euskaldunak egunero izango ditu mahai inguru eta solasaldiak gaur, bihar eta etzi, leku, gai eta solaskide desberdinekin. Izan ere, gaur goizean 'Idaztea, mintzatzea, amets egitea: autoreak euren hizkuntzez hizketan' gaiaz arituko da, bihar 'Incognito: idazleak eta erabiltzen dituzten ezizenak' gaiaz, eta etzi, berriz, 'Gerla eta eleberria' gaitzat harturik. Sarrera doan da, baina kasuren batean aldez aurretik behar da deitu, azken orduko espazio arazorik izan ez dadin.[+]
Joan den apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 73. urteurrena bete zela eta, Diasporako euskal etxeek gertakari historiko horren berri zabaldu zuten euren komunitateetan. Argentinan, hain zuzen, hitzaldi, bilera, omenaldi eta hedabideetara bidalitako artikuluen bidez oroitu da aurten euskaldun ororen bihotzean dagoen herria suntsitu zuen erasoa. Orokorrean ekitaldiak ezberdinak izan arren, Diasporako euskal erakundeek pentsamendu bera hedatu zuten herrialdean zehar: bakearen aldeko mezua. Hona Argentinako euskal etxeek egindako ekintzen laburpena.[+]
'200 urtetako istorioak liburuekin ospatu' da aurtengo Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren leloa. Izenburu honek 1810ean Argentinan gertatutako iraultza eta honek sortarazi zituen historia eta istorioei egiten die erreferentzia. Azken hiru urteotan legez, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin ipiniko dute standa, eta bertan ere historia oroituko da, Euskal Herrikoa baina.[+]
Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko zuzendari den Patty Miller euskalamerikarrak 'Idaho Humanities Council' erakundearen sari berezia jasoko du otsailaren 19an, bere ekarpen ezohikoarengatik eman baitio izen bereko erakundeak urtean behin banatzen duen ohore berezi hau, Humanitateen alde eta Idahoko euskal kultura eta historia gordetzen eta zabaltzen egindako etengabeko ahalegina aintzat hartuz. Estatuan euskal jatorriko pertsona bati lehenengoz egotzi zaion sari hau ekitaldi ireki batean emango zaio, Boiseko Euskal Etxearen egoitzan, otsailaren 19ko arratsaldeko zortzietan, agintari, herritar eta lagunez inguratuta.[+]
Datorren larunbata New York Estatu Batuetako euskal diasporaren erdigune bilakatuko da, hainbat jende bilduz Ellis Island-en egingo den euskal erakusketaren inauguraziora. Hitzordua ez da edonolakoa izango, batetik lekuagatik, erakusketa leku oso berezi batean kokatu baita, hala nola 1892 eta 1954 artean Europatik estatubaturatutako 12 milioi emigranteren derrigorrezko pasagune, galbahe eta sofrikario ere izan zen lekuan, gaur egun turismo gune bihurtua, Askatasunaren Estatuaren ondoan (300.000 bisitari bil ditzakeela pentsatzen da); eta, bestetik, erakusketa beragatik, eskaintzen duen informazioagatik eta euskaldunak ez diren bisitari horien begietara ekarriko dituelako -seguruenik lehenengoz- euskaldunak, zein diren eta euren kultura, euskal emigrazioaren fenomenoa eta lehengo eta egungo Euskal Herriaren eta euskal-amerikar egitatearen izaera eta errealitatea.[+]
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 |
