UDALBILTZA® Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra eta Lehen Euskal Erakunde Nazionala da.
UDALBILTZA® udal izaerako erakundea da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Nafarroa Garaia eta Zuberoako udal hautetsiak biltzen dituena. Europar Batasunaren barnean, Euskal Herriaren garapen osoa eta orekatua eragitea du helburu, egungo muga eta hesi politiko-administratiboen gainetik. Lurraldeetako beste erakunde eta eragile sozio-ekonomikoekin batera, euskara, kultura, kirola, lurralde antolamendua eta garapen ekonomiko soziala indarberritu nahi ditu Euskal Herriko lurralde guztietan.
UDALBILTZA® 1999. urtean sortu zen, izugarrizko itxaropena eta poza nagusi zen une batean, Euskal Herrian bakea lor zitekeela baitzirudien une hartan. Araba, Gipuzkoa, Bizkai, Lapurdi, Nafarroa Behere, Nafarroa Garai eta Zuberoako udal hautetsiak bilduko zituen euskal nazio erakunde gisa jaio zen.
Udaletan oinarria zuen erakunde gisa sortu zen. Izan ere, alderdi horrek ohitura handia du abertzaletasun demokratikoan. Honenbestez, euskal lurralde guztietan sustrai sakonak dituen erakunde batean oinarriturik jaio zen, Euskal Herriaren lurraldetasun lekuko moduan. Biltzar integratzailea, soilik demokratikoak diren bideak erabiltzean oinarritua eta gure herritarrak ordezkatzeko zilegitasun osoa duena. Hortaz, euskal lurraldeen ordezkari gisa udal hautetsien atxikimendu askean oinarritzen du bere izatea UDALBILTZA® eta bere jatorria bateraezina da bortizkeria eta inposaketa erabiltzearekin.
UDALBILTZA® nazio eraikuntzaren alde egiten du, ikuspegi integratzaile batetik abiatuta eta pertsonenganako eta lurraldeenganako begirunean oinarrituta.
Nazioa eraikitzen joateko, UDALBILTZA® elkar ezagutzeko foro bat da.
UDALBILTZAren ekimena printzipio zeharo demokratikoetan oinarritzen da soilik, euskal hiritar guztien eskubideen erabateko errespetuan. Horregatik, bete-betean gaitzetsi du helburu politikoak lortzeko indarkeria oro. Ez du onartzen inork indarrez ezarritako askatasunik, ezta derrigorrez ezarritako marko mugiezinik ere. Euskal hiritarrek askatasunean agertutako borondatea da bere jokabidearen ardatz. Hori dela eta, Europar Batasuneko herrien artean, nazio bezala egituratuagoa eta gizarte bezala osatuagoa ikusi nahi dugu Euskal Herria.Hautetsiak modu baketsuan biltzeko foro irekia eta askotarikoa da, biltzeko dugun oinarrizko eskubidean oinarria duena. Lurralde guztietako euskaldunei eragiten dieten erakundeen, elkarteen eta ordezkarien arteko lanaren gainean eta politika kontu zenbaiten gainean hausnartzeko, aztertzeko eta jarrerak hartzeko foroa, hain zuzen.Nazio eraikuntzarako udal hautetsien foroak, UDALBILTZAk®, aldian behin biltzarrak egiten ditu eta euskal politikan dauden gertaerarik garrantzitsuenen gainean dituen iritziak kaleratzen ditu. Bilera horietan euskal lurralde guztietako alkateek eta zinegotziek parte hartzen dute.UDALBILTZA® hautetsien topagune irekia, anitza eta baketsua da, bilera-eskubide funtsezkoak babesturik; gogoetarako, ikerketarako eta jarrera hartzeko topagunea da euskal lurralde guztietako herritarrak ukitzen dituzten kontu politikoei buruz. Euskal lurraldeetako erakundeen, taldeen eta ordezkarien arteko gogoeta eta lan foroak sustatzeko. Azken finean, berezko nortasuna duen herrialde bakarra egituratzeko: PAYS BASQUE, EUSKAL HERRIA, PAIS VASCO, BASQUE COUNTRY.Hauek dira UDALBILTZAk® dituen sortze helburuak:
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea. Euskal Herriaren egituratze politikoan laguntzea eta nazio eraikuntza bultzatzea. Nahiak batzea eta elkartzea, eta Euskal Herriaren etorkizuneko politika egituraketa aztertzen laguntzea. Lurralde guztietako udalerrien artean, eraikuntzarako elkarrekin duten erlazioan aurrera egitea, lankidetza arloak sustatzeko asmoz. Nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | |||
| 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 |
| 12 | 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 |
| 19 | 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 |
| 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |